domingo, 24 de noviembre de 2024

Menditxiki: Castillo de Lapoblacion

 


Arabar Errioxa eta Nafarroako Erriberaren zati bat menderatzen duen mendi hau ez da oso garaia baina gailurrera igotzea erraza bezain ikusgarria suertatzen da edonorrentzat. Nafarroako udalerri honen izen ofiziala Lapoblación da eta kilometro batera dagoen Meano herriarekin osatzen du udalerria. Lehor-lurreko laborantza (garia, garagarra) eta abeltzaintza (ardiak) dira ekonomia jarduera nagusienak. Nafarroako bigarren herririk altuena da eta neguak gordinak izaten dira. Marañongo biztanleek sortu zuten herria XII. mendean eta bertako gazteluaren menpe egon zen XV. mendean gaztelauek herria erre eta beren esku geratu zen arte.



Oso egoera txarrean dagoen Erdi Aroko erromesen ospitale zaharra eta eliza erromanikoa bisitatu ondoren, honen atzetik ateratzen den pista zabala jarraituko dugu eskuinera kanposantua utziz. Haritz eta ezpel ugari ikusiko dugu harrobia zenaren ondora heldu aurretik. Bidea gogortzen hasten da eta pista erosoa amaitu bezain pronto, xenda batek sigi-sagan eramango gaitu tontor aldera, karlistadetan gotorlekua izandako harresiaren aztarnen ondora hain zuzen ere.



Euskal Herriko Mendien Katalogoan mendi hau Castillo de Lapoblación izenez ezaguna da, hala ere, esan behar da gutxien erabiltzen dena dela eta bertakoek, besteak beste, La Picota de la Aldea, El León Dormido, El Castillo eta El Risco de la Aldea izenez izendatu ohi dutela. Honen arrazoiak historiako gertakizunetan, duen itxuran eta abarretan bilatu behar dira. Egun, emisore batek erabat desitxuratu duen tontor honetan aizkora eta enbor baten irudia duen gutunontzi bat aurkituko dugu eta honen ondoan erpin geodesikoa. Ikuspegia, berriz, paregabea: mendebalderantz Peña Alta eta Toloño mendizerra osatzen duten beste mendi guztiak; iparralderantz Arabako Mendialdeko lurrak eta Lokiz mendizerra; ekialderantz Kodesko mendiak eta azkenik hegoalderantz Errioxa.



Panoramika honetaz gozatzeaz gain, hirugarren karlistadan gotorleku izandako honetan gertatutakoa labur kontatzea merezi du. 1870. urtean Toloño mendizerratik Kodes mendilerroraino doan ardatza oso garrantzitsua eta estrategikoa izan zen, bertan, La Picotakoaz gain, San Leon eta Vallehermosako gotorlekuen aztarnak aurki ditzakegu. 



1.876ko martxoan tontor honetan dagoen gotorlekua armetan zegoen bakarra zen, gudari gutxi batzuk Lantziegoko Jose Mª Montoya brigadierra buru zutelarik. Karlisten erregeak guda galdutzat eman eta Frantziara joan zen arte ez zuten amorerik eman.

Tontorra atzean utzi eta etorritako bidetik abiapuntura itzuliko gara


 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2024/09/castillo-de-lapoblacion.html



 

Powered by Wikiloc


No hay comentarios:

Publicar un comentario