Ama Dablam, base camp
Gaur egunero bezala aldaketaz beteriko eguna izan da. Goizean onik gauden guztiak lehen kanpalekura ateratzekotan egon gara, taldea nabarmen murriztu delako gaixotasunak tarteko. Esaterako, 72 urteko italiarrarentzat erreskatea eskatu dute bihar goizerako, antibiotikoa hartu arren ez duelako hobera egiten. Etxean baino bi aldiz denbora gehiago behar dugu hemen edozein gorabehera osatzeko. Zorionez, ez omen da ezer larria baina Katmandun hobera egingo du nabarmen. Pena ematen dit, trekkinaren lehen egunetan esan zidalako agian azken bixita zela Himalayara. Espero dut bizitzak aukera gehiago ematea. Zelako indarra erakutsi duen orain arte, mendian oinez, jatorduetan zein aterpetxeetako dantzaldietan. Grande Domenico!
Domenico eta Sajid, dantzan
Gaur wifia erosi dut. Etxeko gestio batzuk egin nahi nituen, familiarekin eta lagunekin bideodeiak. Teknologiak gertutasuna ematen du. Bai, badakit, batzuentzat purutasuna galtzen da, mendian isolatuta egotearen edertasuna. Baina ze demontre! quita quita… me encanta etxekoekin hau guztia partekatzea, laneko eta dendako berri izatea! Gaur, gainera, sorpresa atsegin bat baino gehiago jaso dut: hainbat lagunek idatzi didate esanez egunero irakurtzen ari direla kronika hau, eta are sorpresa handiagoa, gaztelaniaz ere bai! Google itzultzailea erabiltzen omen dute. Mila esker, bihotzez. Gracias a tod@s l@s que estais leyendo esté articulo con el traductor!
Ahizpak esaten dit oxigeno gabeziarengatik edo, gauzak askoz gehiago bizi ditugula mendian, nabari zaigula. Erabat ados nago. Hunkituta nago. Lo zakuan, kantinplora ur beroarekin (bai txikitan bezala, bolsita de agua caliente) eta kronika hau idazten.
Bihar bai, osteguna, pintxopo eguna, espedizioaren azken txanpan sartuko gara. Igandera bitarte daukagu mendian beste saiakera bat egiteko. Nire helburua, lehen kanpalekura eta bigarrenera iristea. Behin baino gehiagotan esan dudanez, gailurra oso zail ikusten dut. Ea taldekideren batek lortzen duen. Bihar goizean gosaldu, motxilari azken ukituak eman eta gora!
Mendien nazioarteko eguna da gaur. Haizeak gure dendatxoen oihalak astintzen ditu une honetan. Lo zakuaren epelean, 10 ordu atseden hartzeko. Hurrengo kronika etzi edo etzidamu iritsiko da. Mendira igotzeko ordua da berriro. Ama Dablam, har gaitzazu goxotasunez, mesedez. Pastelaren azken zatia jatera goaz, gindarekin edo gindarik gabe, aspaldiko pastelik goxoena. Namaste! 🙏 🇳🇵
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Ama Dablam, base camp
Namaste! Izugarri ondo egin dut lo gaur, beharra, lehen kanpalekuan egin nuen apurra konpentsatzeko. Tripak ere hobeto daude, eta pozarren joan naiz jantokira gosaltzera. Gauak oso hotzak dira hemen, aurpegia garbitzeko toallatxoak izoztuta egoten dira goizero.
Goiko bi lagunak eta Alex primeran daude eta eskatu dute beste pare bat igotzeko tontorrerako lehen saiakera egiteko. Nik nahiago dut atseden hartu eta Alexek ere hala esan dit, teknikoki indartsuago daudenak joateko gora orain. Kontua da madrildar guztiak Pambochen daudela, hau da, hemendik ordubete eskasera dagoen lodge bat. Hara jaitsi dira katarroak, beherakoak eta eztarriko minak errazago osatzen direlako garaieran behera egin ahala. Lau euskaldun gaude behe kanpalekuan eta bat prest dago gora egiteko baina bat-batean behe-lainoa sartu da eta berriz ere planak aldatu behar.
Gaur ez da beste inor gora igoko. Asteartea da, igandean hasi behar dugu Katmandurako bidea eta ezagun da nerbioak airean daudela atzera kontaketa hasi delako. Eguraldi iragarpenaren arabera, 12tik 16rako egunak dira onenak (nahiz hemen egunez egun gauzak asko aldatu). Walkietik etengabe ari gara goikoekin eta behekoekin informazioa trukatzen: mendia nola dagoen, materiala, gaixo daudenen eboluzioa, dauzkagun aukerak eta abar.
Logistika ez da erraza lagun asko garelako: 6 euskal herritar Alex barne (batek ez dauka gorako asmorik), 6 madrildar (batek jada alde egin du etxera, italiar bat (emazte austriarrak ez dauka gorako asmorik), Cordobako bat (ez dauka gorako asmorik) eta bi malagar (bietako batek dauka gorako asmoa). 12 lagun guztira mendira igotzeko asmoz, eta aurretik 5 bat egun baino ez. Kudeaketari bueltak ematen joan zaigu goiza eta konturatu orduko bazkaltzen ari gara.
Orain arte ez dut asko aipatu behe kanpalekuko dieta nolakoa ari den izaten. 5 bat nepaldar gaztek sukalde-denda bat dute eta harrigarria da nola moldatzen diren egunero menu goxoa osatzeko. Nik ez ditut gauza asko probatzen, nire intolerantziengatik, baina beti adierazten diet nire esker ona. Lau tresnarekin, menu arras ezberdin (nahiz arroza egunero errepikatu) eta goxoak prestatzen dituzte. Gainera, oso txukunak dira, ilea, ahoa eta eskuak beti dauzkate babestuta jana manipulatu eta zerbitzatzerakoan. Eta ez da txikikeria, Alex esan eta esan ari zaigu ahalik eta zorrotzenak izateko garbitasunarekin; katilurik eta sardeskarik ez partekatzeko, garaieran ahulago gaudelako eta edozein gaixotasun txiki erraz kutsatuko diogulako elkarri.
Errusiar neska bat ere badago behe kanpalekuan. Hura ere eguraldi onenaren zain. Fisioterapeuta zela uste nuen baina gaur esan dit energiekin egiten duela lan gaitzak sendatzeko. Eta hark ere argi esan du, edozein zauri edo gaixotasun, hemen, garaieran, askoz zailagoa da sendatzen behean baino.
Menura itzulita, adibide baterako, gosaritan, txapati ogia edo tostadak, arrautza egosiak edo tortila, saltxitxaren bat… atzo, afaritarako, pizza ere prestatu zuten eta denek esan zuten oso goxoa zegoela. Zopa ezberdinak ere egiten dituzte, azken egunetan saltxitxa eta babak nahasita. Patata egosia edo frijituak, oilasko errea… 4600 metroan gaudela kontuan hartuta ez dut uste kexatzeko moduan gaudenik. Postreak ere egin dituzte. Iritsi ginen egunean ongietorri tarta bat, fruta ezberdinekin eginiko mazedonia eta atzo, esaterako, azukredun nepaldar bolatxo bat. Izugarri goxoa zegoen eta hiru bat jan nituen! Huevo de yac, esan du cordobakoak (kar, kar). Gaur, bazkalosterako, sagarra eman digute, txukun-txukun moztuta. Kontuan hartu, ura eskas daukagula hemen, sua eta tresnak ere ez etxean bezala nahieran. Horiek horrela, uste dut, txapela kentzeko moduko jatorduak egiten ari garela.
Siestatxoaren ostean, beheko lodgean dauden taldekideak iritsiko dira eta datozen egunak antolatzen saiatuko gara.
Poloniarra iritsi da kanpalekura atzo gailurra jo ostean (22 espedizio eta 12 zortzimilako dauzka motxilan). Nekatuta baina pozik kontatu dizkigu atzoko ibilerak. Hirugarren kanpalekuan hasten omen da zati pikoena, bertikalena. Elurretan urratsak daudela esan digu baina ez tontorreraino, kranpoiekin ere aritu behar izan du. 15 gradu zeropetik izan omen ditu, eta atz punta batzuk oraindik sentikortasunik gabe dauzka. Gogorrena, ordea, haizea izan omen da, izugarria. Goian dauden gure taldekideek ere ikusi dute hori. Lehen kanpalekuan ondo, baina bigarrenera joan dira gaur materiala garraiatzera eta hiru kanpin denda haizeak txikituta utzi dituela ikusi dute. Horrelakoa da goi mendiko bizitza.
Ni pozarren nago lehen kanpalekuan gau bat igaro dudalako jada eta beraz helburu nagusietako bat bete dudalako. Etzi berriz igotzen saiako naiz, ea bigarren kanpalekura iristen naizen. Goian eta behean ezberdin ikusten dira gauzak. Behe kanpalekuan zaudenean mendiak oihu egiten dizu, igotzeko esanez. Baina goian zaudenean, egoera gogorra da, eta mendiak aurpegira barre egiten dizula sentitzen duzu, nanua, ezereza sentitzeraino. Sasoiko, indartsu eta entrenatuta etorrita ere, badakigu mendia jolasean ari dela gurekin. Badakigu, saiatu arren, hark daukala azken hitza.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Ama Dablam, campo 1, bigarren eguna
Zelako gau arraroa! Oso tarteka egin dut lo, buruko minez nago, orain hotza eta orain beroa. Aldameneko bi morroskoekin barre latzak egiten jarraitzen dut eta horrek asko arintzen du guztia. Gauean oihu egin duzu Ainho! Esan didate. Baliteke, no te jode, haizeak airean eramango gintuela uste nuen eta! Zelako ufada bortitzak! Horren adibide, italiarrak walkietik esan digu beste denda hautsi digula haizeak gauean. Atera kontuak nolako gaua izan dugun.
Alexen gomendioei jarraituz, gorputza erabat etzan gabe saiatu gara lo egiten, burua pixka bat goraka daukagula. Arnasa hartzen laguntzen omen du.
Bi lagunak haizeak gauean hondatutako denda atontzen ari direla, garaierak eragindako zorabioari eta buruko minari buelta ematen saiatzen ari naiz ni. Alex etengabe ari zaigu esaten bigarren kanpalekura joan-etorria egiteko baina ke va, gaur ez da eguna. Ni zorabioak eta buruko minak jota eta beste euskalduna tripekin larri. Alex agurtu eta beherako bidea hartu dugu. Soka pasatu eta atzo haitz batean ezkutatu nituen makilak hartu ditut. Garaieran behera egin ahala zorabioa eta buruko mina desagertuz doaz, baina indarge noa. Nola ez ba? Atzotik apenas jan dugu ezer! Barrita-gominola bat jan dugu erdibana. Behe kanpalekua ikusi dugunean etxera iristen zareneko sentsazioak hartu gaitu. Alex uneoro ari zaigu walkietik galdezka zer moduz goazen.
Nik aspalditik ezagutzen dut Alex, hamaika elkarrizketa eta ekitalditan egin dugu bat. Baina lehen aldia dut berarekin mendian, bera lider dela, eta txundituta nauka (gauzka, taldekide guztiak). Ezin abegikorrago taldekide guztiekin, beti txantxa giro ederrean eta milaka gestio egiten uneoro. Gaitasun handiko pertsona da eta beti irribarrea aurpegian. 6000 metroan etxean baino hobeto egiten du lo. Galdetu diot ea noiz arte jarraituko duen Himalaismoarekin eta ohikoa duen umoreaz erantzun dit: ez dakit, urtetik urtera hobeto sentitzen naiz honetan! Kar, kar
Bazkalordurako iritsi gara behe kanpalekura. Taldekideek berotasunez hartu gaituzte. Kilo batzuk goian utzita jaitsi garela esan digute. Sabela betetzeko unea da! Horretan ari garela, kontu-kontari, Alexek Walkietik esan digu irteteko dendatik eta begiratzeko Ama Dablami, poloniar gidaria gailurrera bidean dela! Gure taldekidea balitz bezala poztu gara, elkarri katalejoak pasatuz poloniarraren balentria ikusten!
Amari deitu diot, aitari ere bai. Aitak esan dit itzultzeko jada etxera, Karakate, Aizkorri, Liher eta Aia, zain ditudala. Urdaiazpiko oso bat erosi duela Gabonetarako. Galderak egin dizkit, erantzun dizkiot. Esan dit ez daukadala Ama Dablameko tontorra igo beharrik, asko maite nauela. Familiarenak ez ezik, Euskal Herritik hamarnaka maitasun mezu iritsi zaizkit. Eta horrela, maitasun malkoekin masailean behera, nepaldar tea hartuz, artikulua eguneratzen ari naiz.
Pare bat egun egingo ditut behe kanpalekuan atseden hartzen eta eguraldiak uzten badigu berriro gora. Ea bigarren kanpalekura iristen garen. Gailurra oso garesti dago, baina bizitzen ari naizen guztiagatik bakarrik merezi du hemen egotea. Ochoa de Olza nafarrak esan zuen; la cima es la guinda del pastel, aunque no llegue, me habre comido todo el pastel. 🤗
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Ama Dablam, campo 1
Bart afari gazi-gozoa izan genuen, madrildar suhiltzaile batek albiste lazgarria jaso zuen: lankide-lagun min batek bizia galdu zuen lanean. Burumakur afaldu genuen denok, gure laguna denda kanpoan negar zotinka entzuten genuen bitartean.
Gaua oso hotza izan da. Bistan da negua ate joka daukagula Himalaian. Tenperaturek nabarmen egin dute behera.
Gaur lau lagun gara lehen kanpalekura ateratzekoak: hiru euskaldun eta madrildar bat. Euskaldunetako batek gosaritan esan digu kale egingo zuela, tripak ez dauzka ondo. Hemen egunez egun joan beharra dago, ezustekoak bata bestearen atzetik iristen direlako. 10:15ean atera naiz ni behe kanpalekutik. Handik gutxira madrildarra eta ordu erdira beste euskalduna. Lehen kanpalekura 1300 bat metroko desnibela daukagu. Pozik eta eroso noa lehen maldetan, baina oso poliki, motxila nahiko astuna delako bizkarrean. 4600 metrotik atera naiz, behe kanpalekutik. Gure etxea da, eta badakit datozen orduak ez direla behean bezain erosoak izango. Atzo entrenamendutxoa egin nuen puntura iristen ari naizela harrapatu ditut Matia italiarra eta bere zamaketaria. Motxila handia darama eta poliki doazela esan dit.
Atzera begiratu dut eta madrildarra atera dela ikusi dut, geroxeago euskalduna ere bai. Begi bistan izan nahi ditut denak, badaezpada ere. 5300 metrora, bidea oraindik oso samurra da, baina sekulako haizea daukagu eta eskuko atzak oso hotz sentitzen ditut. Azpeitiarra azkar dator eta zain geratu naiz. Manopla handiak janzteko esan dit, gailurrerakoak. Berehala hasi zaizkit atzak berotzen eta min izugarria nabaritzen dut. Hotzetik berorako trantsizioa. Barrita bat eman diot eta elkarrekin egin dugu gora.
Garaiera eta haizea, bidea gogortzen ari da. Han goian Alexen eta gure taldekideen kanpin dendak ikusten ditugu. Bertan daudela dirudi baina lau pauso eman orduko arnasa hartzeko etenaldia egin behar dut. Sokatxo bat ere badago, arriskurik gabeko lekua da baina harri zapalean gora egiten laguntzen digu.
Iritsi gara azkenik! Alexek eta lagunak zopa beroa eman digute, ezin aproposagoa garaierari, hotzari eta nekeari aurre egiteko. Baina bat-batean azpeitiarrak esan du beherakoa areagotu egin zaiola. Urduri dago, beherakoa eta edozein gorabehera kudeatzea askoz zailagoa baita goiko kanpalekuetan behekoan baino. Bi aldiz pentsatu gabe kopetako argia jarri eta ziztuan atera da beheraka. Penaz, gaua goian egin nahi zuelako baina denok dakigu behean hobeto egongo dela. Horrelakoa da mendia, eta are gehiago goi mendia. Segundu bakarrean aurrez prestatutako estrategia aldatu behar.
Bidean behera doala Alex uneoro dago berarekin kontaktuan, inolako arazorik izan ez dezan. Egia esan, Alexek ondo baino hobeto ezagutzen du hau guztia eta detaile txikiena ere zaintzen du.
Guk bitartean edan eta edan jarraitzen dugu. Aurreko egunetan goian izan diren madrildarrek esan digute garaierak gosea ere kendu diela baina urdaiazpiko goxoa utzi dutela bertan. Alexek baina ezetz, esanda digula, garaierara egokitzeko odolak burua oxigenatzen lagundu behar duela eta ez dela komeni asko jatea, odola digestiora bideratzen delako. Mi gozo en un pozo😅 Himalayisten lumazko jantzia jantzi eta kanpin dendan sartu gara hirurok.
Txikitatik gertatzen zait mendi garaietab, eguzki eta hotzaren kontrastearekin gauean hotzikarak eta aurpegian berotasun handia sentitzea. Gaur sentsazio hori biderkatu egin da. Bi gizonen erdian nago, mila kapa soinean ditudala. Hiru bat aldiz atera naiz pixa egitera. Atera kontuak nolako lanak izan ditudan harrizko eremu minuskulo batean, mila kapa horiek eranzteko amildegian erori gabe.
Taldeko neska jator batek, malagarra, konpresiozko mallak utzi dizkit. Jantzita dauzkat, baina ezagutzen nautenek ondo dakite jantzi estuek nola agobiatzen nauten eta orduek aurrera egin ahala badakit kendu egin beharko ditudala. Mutilek bezala pixa egiteko gomazko tramankulu bat ere utzi dit, dendatik atera gabe pixa egin ahal izateko, baina nahiago dut segundu batzuetan hotzez egon tramankulu horrekin lozakua eta ingurukoak zipriztintzeko arriskuari aurre egin baino.
Alexek eta beste taldekideak bigarren eguna dute lehen kanpalekuan eta nekatuta daude. Lo gutxi, hotza, haizea eta lana erruz: kanpin dendak atondu, materiala txukundu (lozakuak, suak, janaria, eskalatzeko materiala…) eta izotza urtu edateko ura egiteko. 19:00ak dira eta berehala hartu ditu loak. Eta hemen nago ni, 6000 metroan, hotzeria, mukiak, haize ufada bortitzak eta sabela hutsik. Planazo!
21:00etan esnatu dira, eta ezer pasatu ez balitz bezala elkarrizketa sakonean aritu gara. Bizitzaz, lanaz, sare sozialek nola aldatu duten egunerokoa, eta abar. Pixa egitera atera naizen bakoitzean adarra jo didate, noski. Egia esan, hotza, gosea, buruko mina… baina zeinen ondo gauden! Elkarrekin barrua husteko gogoz, ezin gehiago eskatu!
Behe kanpalekura iritsi da beherakoak jota alde egin duen taldekidea eta lasaiago gaudela, lo hartzen saiatu gara.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Ama Dablam base camp, laugarren eguna
Egun batzuk, besterik gabe, zoragarriak dira. Bart asko kostatu zait zakuan epeletan sartu eta lokartzea, eta onenean esnatu behar izan dut. Zorabio apur batekin, gainera. Garaierarena eta lo faltarena omen. Gosaltzera joan gara. Tortila, patata egosiak eta saltxitxak. Dena perfekto.
Madrildar batek lehenago itzuli behar duenez etxera, hura eta beste 5 lagun lehen saiakera egitera doaz Ama Dablamera. Materialari azken ukituak eman eta Nepalgo ohiturazko agurra egin diete, mendiari zorte ona eskatzeko. Sei mendizaleekin batera, nepaldar gidari bat eta beste hiru taldekide igoko dira lehen kanpalekura materiala igotzera. Emozioz agurtu ditugu denak, gerraren lehen lerrora joango balira bezala.
Bitartean, gainerakoak behe kanpalekuan egongo gara, atseden hartzen. Edo hori uste genuen behintzat! Bat-batean helikoptero bat eta kalez jantzitako jendea. What???? Zeintzuk dira? Nepalgo gobernuko hainbat ordezkari! Daflipat. Nepalgo turismo ministroa eta haren sekitoa, Ama Dablamen behe kanpalekuan! Emakume bat takoi eta guzti, eta gu mendiko arropa izerdituarekin, azken dutxa noiz hartu genuen ere ahantzita. Adeitasunezko agurrak egin ostean, elkarrizketatxo bat egiteko baliatu dugu. Ministroaren idazkaria mesfidati zegoen hasieran, galdera konprometituren bat egingo genion beldur. Estos periodistas…
Dinboche-Ama Dablam base camp
Espedizioa beste fase batean sartuko da gaur. Lodgeak utzi eta Ama Dablameko behe kanpalekura goaz. Han egingo ditugu hurrengo 12 egunak.
Atzoko egun gogorraren ostean zoragarri egin dut lo Dinbochen. Orain hiru egunen aldean, gainera, gela txukuna egokitu zait. Eguzkitara begira, epel. Liher eta Aiari zer eramango diedan pentsatzen hartu nau loak. Eta aurki haiekin bideodeia egingo dudala pentsatuz ere bai. Amak esan dit, munduko bolan egunero begiratzen dutela tia Ainho non dagoen. Nepal eta Katmandu non dauden erakutsi nien hona etorri aurretik. Gaur Liherrek galdetu omen du zergatik ez diren mendi hauek ageri munduko bolan, oso garrantzitsuak direla. Maite zaitut, maite, Liher. 6 urte eskas eta zenbat eman didazun!
Goizeroko errutina lasaia da hemen: komunera bisita, lotarako arropa erantzi eta mendirakoa jantzi. Horretarako, baina, zakuan sartzen naiz, arropa epeltzeko. Motxila prestatu eta gosaldu. Loramenen gaurko gosaria historiara pasatuki da: patata tortila, arrultzak eta oilasko errea! Bravisima!
Taldekide batzuk beherakoarekin hasi dira. Ohikoa izaten da hemen. Mera Peakera etorri nintzenean sekulakoa izan nuen nik, baina espedizioa amaitu ostean. Oraingoz, nik dena ok. Probiotikoa hartzen ari naiz etxetik atera nintzenetik, flora zaintzeko. Horrela jarraituko ahal dugu! Botilako ura edatea oso garrantzitsua da, nahiz plastiko asko sortzeak amorrua eman. Bestela, tarteka, ura txorrotean hartu eta pilulak bota behar. Potabilizadoras. Edateko ur bihurtzekoak. Eta hala ere, dena zaindu behar. Bart, sutondoan geundela, malageñoak esan zuen: aqui, con la misma mano cogen caca de yac para hacer fuego (sutarako erabiltzen baitute) y preparan la cena (Kar, kar). Ez da kritika bat, beste herrialde batean gaude, beste kultura batean. Eta egokitu, ez dago besterik.
Bapo gosaldut bagoaz mendira. Gaur Ama Dablamen erreinura. Zer emango ote digu mendi estetiko ikaragarri horrek!
Ilusio handia neukan behe kanpaleku baten esperientzia bizitzeko. Espero nuen gustatzea, baina sentitu dudana askoz gehiago izan da. Ama Dablamen oinetan, eta inguruan mendi ikusgarriak. Banako kanping denda txiki zoragarriak. Liherri erakusteko desiatzen nago! Aia eta Liherren jolas-dendaren antza baitute. Jantoki denda, kafe lekua, dutxa denda, komun denda. 12 bat egun egingo ditugu hemen. Malkoak atera zaizkit berriro! Jendeak dirua ordaintzen du Eivissara edo Tenerifera joateko. Nik hona etortzeko ordaindu dut, eta bizitzako oparia iruditzen zait. Erotzat hartuko nauzue baina, paradisuan sentitzen naiz. Benetan, hotel mil estrellas!!!
Iritsi eta Alexek lanean jarri gaitu. Behe kanpaleku batean bizitzeak arau batzuk betetzea dakar. Amaitu da trekkina, gailurrari ekiteko unea da. Madrildar batek lehenago itzuli behar du etxera eta beraz, bihar bertan aterako da goraka. Berarekin batera beste bost taldekide eta bi xerpa. Goi mendiko materiala prestatzeko unea da. Nerbios! Besteok behe kanpalekuan igaroko ditugu egun batzuk. Pozarren nago, leku zoragarri honetan atseden hartu eta soka praktikak egiteko.
12 egunetan kobertura gutxi izango dugu. Jan, lo egin, irakurri eta soka praktikak. Kanpalekuko ordutegia ere esan digute: 08:30ean gosaria, 13:30ean bazkaria eta 18:30ean afaria. Jantoki dendan gaude orain, eta Nepalen ohitura den bezala, afaldu aurretik toallatxo bero bat ekarri digute. Eskuak eta aurpegia garbitzeko. Hotz dago kanpoan eta izugarri gustura gaude sutondoan. Zerua izarratuta eta ilargi distiratsua. Ezin dut familiarekin zuzenean hitz egin, baina amak asko begiratzen dio ilargiari, eta badakit sentitzen nauela, eta pozik dagoela.
Euskal Herritik albiste gogorrak iritsi zaizkit, besarkada handi bat nire lankide-lagun bati. Izar bat gehiago gaurtik zeruan😘
🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Gora shep-Kala Patthar-Dinboche
5.100 metroan eta inoiz baino hobeto egin dut lo. Himalaiako haize bortitzak esnatu nau. Epel-epel nago lo zakuan. Bart argazki politak atera genituen ilunabarrean. Nuptse eta Everest tontorrak gorri-laranja zoragarriz jantzita.
Gaur 07:30ean hasi gara oinez. Baraurik, hala esan ziguten gidariek. Kala Patthar tontorrera goaz, lodge ondoan dago eta ez omen da oso luzea. Itzulerakoan gosalduko dugu. Nuptse, Everest eta Pumori erraldoien ondoan, mendi kasko bat dirudi. Pozarren atera naiz, aklimatatzen lagunduko digula esan baitigute eta ikuspegia ezin hobea delako. 5700 m eskas dauzka Kala Pattharrek.
Hasi orduko nabaritu dut, ordea, txakalaldia. Sabela hutsik, indarge. Garaierak ere, noski, eragiten du, eta ezinean noa. Amorru-malkoak masailean behera. Ez ditut taldekideak gogaitu nahi, baina berehala antzeman didate ezina eta asko lagundu didate. Gel bat, txute bat, eta mantso-mantso goraka. Mendi kuriosoa da, igoeran zehar zurezko bankuak daude, eseri eta paisaiaz gozatzeko edo. Balirudike gaur niretzat apropos jarri dituztela. Denetan eseri naiz, arnasa hartzeko. Sufrikario gogorra izan da, baina merezi izan du.
Tontorrean ikupegia apartekoa da: Pumori gertu-gertu, Nuptseko seracak garden-garden, eta atzean, bigarren plano batean baina denen gainetik, Everest. Egia esan, frikismoak gorabehera, erakargarritasun handiko mendia iruditu zait. Dantzaleku ilun batean, gustuko lagunak daukan distira. Jaun eta jabe. Errege. Piramide perfektu bat, haize-elur samur zirimola batekin. Gure aitak esango luke: “ahi esta, diciendo, que suba el/la que tenga cojones” Beldurgarria bezain ederra iruditu zait. 5700 metroan ni ezinean baldin banago, nola 8000 metrotik gora? Heriotzaren eremua. Uste dut oraingoz nahikoa eta soberan daukadala.
Garaieran behera egin ahala askoz hobeto noa. Lodgera iritsi eta gosari pasara egin dugu. Azken bi egunetako etapak lotuko ditugu orain: 15 bat kilometro. Eguzkiak gogor jotzen du baina tipula bezala noa mila kapa jantzita. Jaitsiera luzea da, baina goiko sentsazio txarrak desagertu dira. Baina kezkatuta noa, Ama Dablam ingurua niretzat gehitxo ez ote den izango. Ikusiko dugu, bihar joango gara behe kanpalekura.
Mila ordu mendian pentsatzeko. Gaur, une batez, pentsatu dut, zorionekoa naizela mendi erraldoi hauek bertatik bertara ikus ditzakedalako. Gogo handia neukan, neure txikian, espedizio bat barrutik bizitzeko. Muturreko egoerak: hotza, garaiera, nekea... Burua uneoro orain eta hemen edukitzea, beldurrak kudeatzea… erosotasun eremutik ateratzea, erabat. Etxekoengandik urrun. Etxeko epeletik urrun. Taldekide batekin aipatu dut, esperientzia ikaragarria izaten ari dela baina nik nahikoa eta gehiago daukadala Euskal Herriko mendiekin, Pirinioekin eta Alpeekin.
Ez dakizue zenbat eskertzen dudan kobertura pixka bat lortu eta zuen guztien mezuak irakurtzea. Etxekoenak, lagunenak, euskal mendizaleen aholkuak eta kronika hau irakurtzen ari zareten guztien mezuak. Bultzada handia da niretzat. Mila esker, zoragarriak zarete!
🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Lobuche-Everest base camp-Gora shep
Lo eskas, eta esnatu garenean komunean urik ez, dena izoztuta. Eskerrak gosaldu eta berrindartu garen.
Gora shep lodgerako bidea ikuspegi bikainarekin egin dugu: Nuptse eta Pumori. Motxila lodgean hustu eta ziztuan atera gara Everesteko behe kanpalekura.
5300 metroan buruko min pixka bat eta nekea nabaritu ditugu. Oso mantso goaz gaur ere, tarteka atseden txikiak egiten.
Nuptse atzean bat-batean agertu da Everest, munduko gailurra! Zer sentituko otr dute tontorrera iritsi diren mendizale pribilejiatuek?
Behe kanpalekuan turista mordoa dago argazkiak egiten. Baita gu ere. Batzuk Khunbuko izotz jausiaren hasieraraino joan dira, beste batzuk kanpalekuan bertan geratu gara. Ni neu, nekatuta nago eta nahikoa gaurkoz.
Bideo eta elkarrizketa batzuk egiteko probestu dut. Urtero ehunka mendizale saiatzen dira Everest eskalatzen, baina horrez gain, milaka turista inguratzen dira behe kanpalekura 7000 eta 8000 metroko mendi zoragarri hauek bertatik bertara ikusteko: Pumori, Nuptse, Lhotse…
Zoritxarrez, ordea, azken urteetan zaborrak egin du ezagun behe kanpalekua. Nepalgo gobernuak politikak indartu ditu eta mendizaleek euren zaborra jaitsi behar dute baina hala ere, kilo mordoa pilatzen da urtero. Guk garbi aurkitu dugu, makina bat zamaketarik egindako lanari esker. Aurten, uztailerako, 11 tona zabor bildu dituzte: kanpin dendak, oxigeno botilak, janari ontziak eta soka zaharrak. Aspaldi hildako mendizaleren baten gorpuzkiak ere bai. 1957ko pila bat omen da aurkitu duten hondakin zaharrena. Ingurua dron bidez garbitzeko proiektu bat ere ba omen dago mahai gainean. Zaborra ateratzen aritzen direnei izugarri arinduko lieke horrek lana, zamaketariak oinez eta yac-ekin aritzen baitira. Baina dronak aireratzeak ere ba omen du bere alde negatiboa, naturan inpaktu handia eragiten dute eta jada atzeraldi betean dauden glaziarrak eta mendiak are gehiago hondatuko lirateke.
Itzulerako bidea luze joan da garaierak eta nekeak agerian daudelako. Lodgera iritsi eta berakatz zopa hartu dugu. Harrigarria da nola berpizten gaituen. Eta hemen gaude berriz ere, sutondoan, biharko etapa prestatzen. Kalapatar muinoa igotzen saiako gara, ikuspegi bikaina omen baitu. Ondoren, Dinbochera berriro. Bihar 4000 metrora jaitsiko garenez, buruko minak eta nekeak arinduko direla espero dugu. Eta aurki ohera. 5100 metroan lo ondo egitea gakoa omen da aklimatazioan. Bihar kontatuko dizuet!
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Dinboche-Thokla Pass-Lobuche
Atzo gaueko barauak on egin dit! Lo zoragarri eta gosaldu ere hobeto. Agian atzoko lodge-partyak ere lagunduko zuen. Bart, afalostean, kontu kontari ibili ginen eta ipuinak amaitu zirenean, musika jarri genuen! Lotsak eta garaierako buruko minak ahazteko ezin hobea.
Gaurko ibilbidea oso polita izan da. Pumori aurrez aurre ikusi dugu. Bidean Thokla Pass lepora iritsi gara. Goi mendietan hildako mendizaleen omenez eginiko harrizko hilerria.
Bidean oso mantso goaz, hala behar du! Gaur 5000 metroan egingo dugu-ta lo. Beste gauza bat ere ikasi dugu. Hobe dela dutxa berorik ez hartzea, freskoa agian bai, baina bestela bat ere ez. Atera kontuak nola daukadan ilea!😅 Egia esan, denok aipatu dugu hemengo izerdia ezberdina dela, edo agian oxigeno faltak usaimena lausotu digu? Uste det hau esperimentatzea ere zoragarria dela. (Baina etxera iristean dutxa egunero😂)
Bestalde, bidean motxilak pisatu ditugu eta batzuok gainpisua daramagula esan digu Alexek. Gure asmoa ez da zamaketariei gainpisua jartzea baina bihar motxila zertxobait arintzea gomendatu didate garaieran hobeto ibiltzeko.
Mendi lasterketen boomaz aritu gara. Ufa! Zeinen urrun ikusten ditudan oraintxe bertan lasterketak. Oinez gozo-gozo goaz, eta belaunek ere eskertzen dute inpaktua gutxitzea.
17:00etarako iluntzen du hemen eta tenperatura ziztuan jaisten da. Bai kanpoan, baina baita lodgean ere. Logelan -2,7 gradu dauzkagu. Iritsi, arropaz aldatu eta bazkaldu. Sutondoan egunerokoa idatzi eta berehala etorri zaizkigu zer afaldu nahi dugun galdetzera😅 19:00etan afaldu dugu (garlic 🧄 soup) eta sutondoan gaudela berriz galdetu digute zer gosaldu nahi dugun 😂 Ya estamos otra vez! Esan du madrildar batek. Barrez lehertu naiz.
Enfin, hauxe da antza, espedizioetako bizimodua. Maparen inguruan biharko plana zehazten ari gara. Everest usaina! 🤗
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Dinboche-Nangkartshang-Dinboche
Gaur lo mordoa egin dut, zelako poza! Atzo ur mordoa edan genuen, aklimatatzen laguntzen duelako eta gauean bi aldiz jaiki naiz komunera baina gainerakoan seko. Beldur nintzen, batek baino gehiagok esan digu garaiera honetan jada kosta egiten dela lo egiten. Dinboche 4.400 metroan dago.Bapo gosaldu dut: arroza, patatak eta arraultzak. Baina amaitu dira jankadak. Alexek egunak daramatza esaten gehiegi jaten dugula eta gaur azalpenak eman dizkigu: gehiegi janez gero, odol guztia sabelean pilatzen da digestioa egiteko. Bost bat ordu. Aldiz, gutxi janez gero, odol gehiago daukagu buruan eta aklimatatzen laguntzen du. Gosaria eta bazkaria egiteko esan digu, baina ez dela komeni asko afaltzea. Gutxiago janez, hiru aldiz azkarrago aklimatatzen omen da eta garaieran ere hobeto ibiliko omen gara. Madredeus! A tomar por saco! Amaitu dira jankadak. Berakatz zopa eta zakura.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Debuche-Dinboche
Ordu asko egin ditut lo. Pozarren nago, baina buruko min arin bat nabaritzen dut. Gosaldu ostean askoz hobeto nago. Atzo agian azken igoera azkarregi egin nuen eta gaur erritmoa mantsotzea gomendatu didate. Bai, noski!
Gelu gidariak esan dit lasai egoteko, botagurerik ez daukagun bitartean ez dagoela arazorik. Kapela janzteko, eguzkitik babesteko. Egun zoragarria izan dugu gaur. Ama Dablam oso-osorik ikusi dugu, atzo baino askoz gertuago. Mila argazki atera dizkiogu. Tibetar zubi batean, Ama Dablami begira nac saldo bat, ez omen dira yac-ak, hauek nac-ak dira. Iletsuagoak dira, eta adar zorrotzak dauzkate. Sanferminak! Hemen argi dago nork daukan lehentasuna. Sin ceda el paso! 😅
Liher eta Aiarekin asko akordatu naiz gaur. Amari esan diot hitz egiteko nitaz, tia Ainhoz ahaztu ez daitezen. Jaka edo jertse bat eramango diet bueltan. Oparitarako. Pozarren nago gabonetan haiekin egoteko. Zoratuko naute galderaz galdera baina zelako ederra den sentsazio hori. Bizitzan egin dudan gauza politenetakoa da ilobekin denbora pasatzea. Bueltan etortzen zait maitasun hori. Ikastolatik atera eta besotara korrika etortzen zaizkidanean, garrantzitsua sentitzen naiz. Banaizela nor. Batzuetan Liher eta Aiarengan ez pentsatzen ahalegintzen naiz, malkoak etortzen zaizkidalako begietara. Negarrak arnasestua sortzen dit, eta aizu! Garaiera honetan oxigeno guztia behar dut 😜
Gaurko etaparen erdian gurtza leku bat bisitatu dugu. Laguntza eta bedeinkazioa eskatu dizkiegu Nepaleko jainko-jainkosei.
Madrildar neska alai eta berritsu bat ere ezagutu dugu. Bakarrik ari da Everesteko behe kanpalekurainoko trekkina egiten. Oinez tarteka eta zaldi gainean bestela. Hurrengo etapak antzekoak omen dauzkagu. Kalapatarrera ere ba omen doa. Ikustekoa izango da zaldi gainean tontor hauetan!🤣
Zorionez, gaur ez daukagu koberturarik lodgean, eta berriketaldi aberatsa izaten ari gara. Leihotik begiratu eta Ama Dablam daukagu zaindari. Eguzkia ezkutatzen eta elur zuria gorritzen. Egia esan, gu baino hobeto dagoena, kabroi galanta!
🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Namche Bazaar-Debuche
Gaur oso gutxi egin dut lo. Tearen ondorioa zela uste nuen baina garaierarena ere izan litekeela esan didate. 3400 metroan egin dugu lo, Aneto tontorrean bageunde bezala. Irakurtzen saiatu nintzen, baina oinak hotz, eta atentzioa horretan neukan, eta ezin hitzetan kontzentratu.
Lodgean hotz dago. Zurezko etxolatxoak dira, inolako berogailurik gabe. Gela batzuetan manta elektrikoa dago, baina nireak ez ditu maindireak berotu nahi. Halako batean epeldu da zakuaren luma eta loak hartu nau.
Goiz ederra daukagu, eguzkitsua eta freskoa. Jantzi eta motxila prestatu ostean, jantokira denok gosaltzera. Gaur ogi asko dago menuan eta inbiriaz begiratzen diet taldekideei. Tibetar ogia eskatu du neska batek, talo lodi moduko bat, frijituta. Chapati ogiak gureak baino gluten gutxiago izango du seguru, baina hala ere ez naiz ausartu. Zeliakoa ez izan arren, ogiak kalte handia egingo didala badakit eta hemen, garaieran, triskantza izan daiteke. Dagoenarekin aurrera.
Gaurko etapa ezagutzen dut, 2019ko lasterketan kontrako noranzkoan egin genuen. Amaieran aldapa pikoa daukagula badakit eta poliki-poliki hasi gara. Aldapa txikienean ere bihotz-taupadak nola goratzen diren! Nola egin genuen lasterka garaiera honetan? Gorputza harrigarria da.
Hasi eta gutxira lehen mendi zurituak agertu zaizkigu eta ezin izan diogu eutsi argazkiak ateratzeko tentazioari. Nahiz jakin, hemendik aurrera, etengabe ikusiko ditugula inguruan. Hau bai paradisua.
Hegal batean keinu egin digu mutil batek, gerturatzeko, Everest eta Ama Dablam lehenengoz ikus daitezkeela. Urrun xamar, baina gardentasun osoz. Eder eta beldurgarri. Bart, afaritan, Sajidek esan zigun hobe zela tontorretan ez pentsatzea, estresa sortzen duelako. Oso ados nago. Baina orain begi puntuan dauzkagu, eta nahi gabe hasi gara igoerako bideez hizketan.
Sajid Ali Sadpara pakistandar gidari gazteak 27 urte dauzka. Ali Sadpara gidari ezagunaren semea, K2n neguko espedizio batean zendu zen. Aitaren urratsei segika zortzi zortzimilako egin ditu jada Sajidek, eta Alexen neguko espedizioan hartuko du parte oraingoan, Annapurnan.
Jatorra eta jostaria da. Oso gustuko ditu sare sozialak eta argazkiak. Bidean askotan egiten du etenaldia arnasa hartu eta argazkiak egiteko. Behin baino gehiagotan eskatu dit hari argazkiren bat ateratzeko.
Lasai-lasai goaz bide gorabeheratsuan aurrera. Orain goraka, orain beheraka. Tarteka elkarrizketan, tarteka bakarrizketan.
Madrildarrekin egin ditut gaur zati batzuk. 6 dira, denak suhiltzaileak. Ederra da jendea ezagutzea. Erdi errenka doa bat. Gaztea da baina aurki mokorreko protesia jarriko diote. Futbolari amorratua zela esan dit, gaztetan kirol asko egindakoa. Ama Dablamera igo nahi du kirofanora sartu aurretik. Asko poztuko naiz lortzen badu.
Beste madrildar batekin orain. Erretiroa hartu berri dago. Pozik dago, urte gogorra daramalako. Minbizia atzeman zioten eta tiroidesa galdu zuen. Txikikeria izan zela esan dit, gerora etorri zitzaionaren aldean. Bat-batean, ageriko arrazoirik gabe, gorputzeko hainbat atal puzten hasi zitzaizkion. Orkatila aurrena, ukondoa gero, belaun bat, bestea. Ahozabalik ari natzaio entzuten. Mediku batetik bestera ibili ostean, jakiren batek sorturiko bakterioren batek eragin ziolakoan dago. 6 hilabete geldirik. Bizitzaren amaiera gertutik ikusi omen zuen, erotzeko zorian. Etorri zitzaion bezala joan omen zitzaion mina. Bizitzako garai txarrena izan zuela dio. Minbiziarena txikikeria iruditzeraino. Eskalatzaile eta mendizale sutsua izanik, uler dezaket zelako iluntasuna bizi izan duen. Berreskuratzen ari zela, berriz, sorbalda hautsi zuen. Ai ene! Eskerrak irribarrez amaitu dugun berriketaldia, Nepalen gaitz guztiak sendatuko direlakoan. Euskal Herrian makina bat lagun dauzka. Gogotsu dago Ama Dablami ekiteko. Lortuko du, seguru.
Azken aldapa gogorra da, banaka goaz. Ni pozarren, esto es lo mio! Baina bat-batean, bihotz-taupadak goraka. Gosea, tripazorriak. Txokolatezko barrita bat jan dut eta aurrera. Inguruan xerpak, atseden hartzen, denak mobila eskuan. Hori da herrialde honetan flipatzen nauen beste gauza bat. Zamaketariak oso xume jantzita, zapatila zahar-zaharrekin, mila kilo bizkarrean, eta asko mugikorrarekin eskuan doaz! Gaur bertan, film bat ikusten zihoan bat, oinez eta mugikorrean film bat ikusten! Amazing.
Lodgera iritsi garenean, ur hotzarekin garbitualdi bat egin dut. Izerdiak kentzeko. Bapo jan, sutondoan epeldu eta ohera. Hortzak garbitzea ez da erraza izan; txorrotak ez dauka urik, izoztuta dago. Liburua atera dut, gaur bai, gaur kapitulu bat irakurri ahal izan dut. Inpaktatu egin nau. Eta loak hartu nau.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Phakding-Namche Bazaar
Zelako ondo egin dudan lo! Milesker Juanito, Nanga Parbat zakua itzela! Hotzez sartu nintzen eta berehala sekulako epeltasuna, hau poza!
Bapo gosalduta (bi arraultza egosi eta tortila😅), martxan jarri gara. Berriketaldi politak gaur ere. Asteburuaren zain bizitzea pena dela, egunerokoaz gozatu gabe. Egunean 10 plazer behar omen ditugu orekan eta pozik bizitzeko. Eguneroko gauza txikiak, zoriontsu egiten gaituztenak. Neure zerrenda osatzen hasi naiz, automatikoki: gosari oparoa, Karakatera igotzea, dutxa zoragarri bat hartzea, janari erosketak egitea (oso frikia naiz!), Liher eta Aia ikastolan batzea, gurasoekin bazkaltzea, bazkaldu ondoren (edo aurrez, la siesta del carnero) 10 minutuz ohean etzatea, lanean askaria jatea, lankide eta lagunekin hitz egitea, ohera joan aurretik pixka bat irakurtzea… bai, uste dut egunerokoan ere (asteburuan ere bai), zoriontsu izateko baldintzak dauzkadala.
Gaurko ibilaldia 2019an ezagutu nuen, Everesteko lasterketan. Ederrak dira tibetar zubiak. Amildegia oin azpian, hasieran inpresioa egiten du. Nepaleko zapi enblematikoz apainduta: zapi urdinak zerua islatzen du, zuriak ura, gorriak sua, berdeak airea eta horiak lurra. Budismoaren bost elementuak omen dira eta haizeak mugitzen dituenean ingurua bedeinkatzen dute.
Gaur atzo baino askoz hobeto noa, bihotz-taupadak lasaiago. Hilerokoak ere ongietorria egin dit eta gorputzak atseden hartu du. Ahizpak arrazoi du; emakumeok sekulako indarra eta meritua dauzkagu. Bizitzako koska oro gainditzeko gai gara, hilerokoak eragiten dizkigun zailtasun, gorabehera eta makalaldien gainetik. Egunotako puztutasuna murrizten joango zaidala uste dut eta indarrak berreskuratzen. Emakume askori interesatuko zaizuelakoan, espedizioetan nola kudeatu hilerokoaren kontua… nik zortea izan dut trekkinaren hasieran egokitu zaidalako eta lodgeetan komunak dauzkagulako. Gainera, aitortu behar dut, aurreko egunetako puztutasunetik eta sabelalde minberatik harago, ez didala aparteko gorabeherarik eragiten. 5 egun barru jaitsi izan balitzait beste kontu bat izango litzateke, garaieran azpiegitura xumeagoa daukagulako. Bide batez, gaurko sorpresa eta plazer nagusia dutxa beroa izan da! Ez genuen halakorik espero! Gelak banatu dizkigutenean dutxa hotz azkar bat hartu dut, ur beroa edukitzea pentsaezina zen! Bada zelako sorpresa taldekideek esan dutenean ur beroa ere bageneukala! Ziztuan itzuli naiz logelara eta dutxa beroa hartu det. Espedizioko lehenengoa eta azkena, hemendik aurrera, eta garaieran gora egin ahala, asko murriztuko dira kontuak.
Bazkari ederra egin dugu, paseotxoa ondoren, Namche Bazaar, Khumbuko hiriburuko kaleetan. Ez pentsa gure hiriburuen antza duenik, ordea: mendi magal batean eraikitako etxe xumeak, denda koloretsuak ezker-eskuin, tabernatxoak, kale kantoi estuak. Nepaldarren bizimodua oso xumea da.
Bapo afaldu ostean, beste paseotxo bat egin dute batzuek eta sutondoan geratu gara beste batzuk. Argazkiak ikusi, egunerokoa idatzi eta biharko etapa prestatu. Orain ere berriketaldi interesgarria: Formigal eta Astun-Candanchu eski estazioak lotzeko Canal Royan egin nahi duten txikizioa. Gai mamitsua. Continuara…
Halaxe joan da bigarren eguna. Jan, lo eta mendian ibili. Bizimodu sinplea, orain eta hemen. Uste dut, pertsona orok beharko lukeela halako esperientziaren bat bizitzan: azpiegitura murritza, hotza, garaiera, barne gatazkak eta kezkak kudeatzea, taldean elkarbizitzea… oso aberatsa sentitzen naiz.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
Lukla-Phakding
Mila hegaldi orduren ostean hasi da gure mendiko abentura! Katmandutik atera eta Luklako aireportura hartu dugu abioneta. Munduko aireportu arriskutsuenera. Sagarmathako eremuan dago, Solukhumbu distrituan, 2860 metroko garaieran eta 450 metro baino ez dauzka pistak. Mendiz inguratuta eta amildegi izugarria amaieran. Eguraldi aldaketak oso ohikoak dira. Luklan hasten da Everesteko behe kanpalekura joateko trekkina eta hain zuzen ere, 2008an Tenzing Norgay eta Edmund Hillary izena jarri zioten aireportuari, 1953an Everest lehenengoz zapaldu zuten bi mendizaleen omenez.
Oraingoan oso samurra izan da hegaldia, aurrekoetan Dragon Can txiki uzteko moduko esperientzia izan zen😅 Eta gertukoek badakite enaizela barraketan ibili zalea. Urrutira joan gabe, Elgoibarko aurtengo Bartolo jaietan Pepito Grillo gelditu egin behar izan zuten loramenengatik. Ondo ikasi du Liherrek tia Ainho ez dela berriz halakoetan ibiliko. Ezta berari ilusioa eginda ere. Gaurkora etorrita, hodei arteko astindu batzuk, gainerakoan apartekorik ez. Tira bai, apartekoa ikusmira izan da. Lainoen gainetik Everest eta inguruko menditzarrak ikusi baititugu.
Luklan hasi eta Pakdhingerainoko etapa xumea egin dugu gaur. Deigarriena da zamaketariak ikustea, 80 bat kilo ere eramaten dituzte bizkarrean: janaria, materiala, eraikuntzako ohol, burdina eta bestelako edozer. Asko oso arropa xumearekin eta sandalietan. Eta gu, mendizale “aberatsok”, gure motxilatxoarekin ezinean. Bidean herri txiki asko igaro ditugu. Pasang Temba xerparena ere bai, Martin Zabaletarekin batera Everestera igo zen xerpa, oraintsu Euskal Herrian egon berri da hainbat hitzaldi egiten. Izan ere, Temba gure taldeekin itzuli da Euskal Herritik Nepalera, eta izan du bere anekdotatxoa ere. Loituik Istanbulerako hegaldian ez zaio ba bururatu agureari hegazkineko komunean zigarroa piztea! Zalaparta dezentekoa sortu da hegaldian baina, zorionez, ezerezean gelditu da pasartea.
Trekkineko lehen etapan bihotz taupadak goratuta sentitzen ditut pixka bat. Beti gertatzen zait, garaieran mugitzen naizen lehen egunean. Mantso goaz, eta badakit egunek aurrera egin ahala hobetuko dela sentsazioa (hala izango ahal da!).
Bidean, zamaketariekin batera, astoak eta yac-ak, zama garraiatzen. Espedizioko gainerako taldekideekin egin dugu bat. Hegaldiak egun ezberdinetan eduki ditugu eta hemendik aurrera elkarrekin egingo dugu ibilbidea 15 bat lagunek. 6 euskaldun, italiar bat, austriar bat eta gainerakoak espainiarrak. Nahi gabe eta nahita, euskaldunok elkarrekin egin dugu lehen etapa. Zelako ederra Sagarmathan barrena euskaraz jardutea.
Estupak daude han-hemen, nepaldarren errezorako monumentuak. Badakigu ezkerretik igaro behar direla, errespetu modura.
Lodgera iritsi garenean arropaz aldatu eta sutondoan elkartu gara denok, astearte buruzuri batean plan ezin hobea daukagula ospatzeko. Bazkari-merienda egin dugu: arroza, oilaskoa eta patatak loramenentzat. Interesa duzuenontzat; etxeko janik ez daukat hemen, baina aurrekoetan bezala ahalik eta gehien saiatuko naiz glutena eta batez ere esnekiak zaintzen.
Segidan paseotxoa herrixkara, te beroa hartzera. Hizketaldi interesgarria tabernan; etiketa berdeaz aritu gara, mendi lasterketen gehiegizko boomaren aurrean, gutxieneko kode etiko bat lortu nahi duen ekimen polita. By sisifo. Askorako eman du gaiak: mendian korri egitea, gizon-emakumeen berdintasuna, feminismoa eta haren kontraesanak, hizkuntza zapalduak, mendiarekiko errespetua… Paseotxoaren eta tearen ostean arin lodgera. Hotz izugarria daukagu kanpoan baina barruan ere tenperatura anbiente 😅 sutondoko egurra amaitzen denean beroki lodia jantzi behar. Eta lotarako, lumazko jaka eta lumazko zakua, nik bederen. Atera kontuak nolako aterpetxeak diren…
Sutondoan berriketaldia eta afaria. Nepaleraz hitz batzuk nola esan ere ikasi nahi dugu, adeitsuak izateko:
-Danibath: eskerrik asko
-namaste: hola
-veri vetonla: agur
-mito sa: gozoa
Eta horrela amaitu da gure lehen trekking eguna. Bihar, Namche Bazaar 🤗 Veri vetonla!🙏
🇳🇵🇳🇵🇳🇵
AMA DABLAM
Hirugarren aldia da niretzat Katmandun. 2019an Everest Trail Race lasterketan parte hartzeko aukera izan nuen. 2021ean, berriz, Mera Peakera (6476m) espedizioa egin genuen bost neskak. Bi aldi haietan oso bestelako egoeran nengoela esango nuke. Gogoan daukat 2019an ihesi etorri nintzela Himalaiara. Detox handi bat behar nuen barrua lasaitzeko eta lasterketak ematen zidan azpiegitura eta segurtasuna baliatuta egin nuen estreinako bidaia hona.
Everest Trail Race 2019 (Ama Dablami begira)
2021ean, berriz, bizitzan mugarri izan nuen ebakuntza atzean uzteko oparia izan zen Mera Peak. Berezia oso, bost neskak osatu genuelako taldea.
Mera Peak (6476m)
Bidaia luzea da Katmandura, eta nekagarria. Aireportuetako kontrol eta itxaronaldi amaigabeek izugarri nekatzen dituzte hala gorputza nola burua. Oraingoan ere halaxe izan da. Are gehiago, haizeteak egun bat atzeratu baitigu bidaia. Loiu-Istanbul-Katmandu izan behar zuen bidaiak baina Madril ere gehitu zaigu haizetearen ondorioz. Bidaietan izugarri sufritzen dut hanketako erretentzioarekin, are gehiago orain bezala, hilerokoaren zain nagoen egunetan. Horregatik, Madrilen esnatu eta goizeko hotzarekin 40 minutuko korrikaldia egiteak zirkulazioa aktibatu eta arindu dit. Hotel, kotxe eta eraikin artean noala, berriz konturatu naiz zelako zortea daukagun Euskal Herrian bizitzeaz. Bilbo hiri handia da niretzat, atera kontuak Madril. Eta zer esanik ez Katmandu. (Grounding-a ere oso ona omen da jetlag-ari eta erretentzioari aurre egiteko. Baina ea nor ausartzen den Katmanduko kaleetan hankahutsik ibiltzen😅 ni ez, behintzat).
Izan nadin zintzoa: Katmanduko kaosak badu xarma, baina ni Chamonixeko pijeriora nago ohituta (kar, kar), eta Nepalgo hiriburuan ordu gehiegi egiteak urduri jartzen nau. Trafiko zoroa, motoak, busak, autoak eta furgonetak noranahi, nahieran. Klaxon hots etengabea, eta istripua istripuaren atzetik behar lukeen kaos batean jendea lasai asko hara eta hona. Atentzioa eman dit autoa gidatu ahala denak doazela mugikorra eskuan 😅 mezuak bidaltzen edo bideoak ikusten. Eraikin asko amaitu gabe uzten dituztela esan dit lagun batek, senitartekoei gordetzeko. Iritsi orduko airea ez da gurean bezain gardena, lanbro moduko bat atzeman liteke. Kutsadura XXL. Hauts izugarria, akaroei alerjia diegunontzat paradisua. Milaka denda imajina daitekeen guztia saltzen. Hemen denborak ez dauka garrantziarik. Eguna egin, eta bihar berriz beste egun bat hasi.
Argindar kableen armiarma sareak txundituta utzi ninduen etorri nintzen lehen aldian. Berdin-berdin jarraitzen dute, edo kable gehiagorekin. Kale estuak, hautsez beteak eta halako batean goi mailako auto edo moto kontzesionario bat. Banbuzko makilek eusten diete eraikin askori, erortzeko zorian baleude bezala. Eta bat-batean, aldamenean, luxuzko hotel bat. Maila apaleko jendea, baina denak puntako teknologiadun sakelekoarekin. Kontrastez beteriko herrialdea.
2015eko apirilean herrialdea astindu zuen lurrikararen arrastoak ere agerikoak dira oraindik. Kale bazter eta etxe asko berreraikitzeko daude izan ere. Richter eskalan 7,6eko astinduak 9000 lagun hil zituen eta 850.000 etxebizitza suntsitu.
Tenplu asko daude Katmandun, errezuguneak nonahi. Arranditsuak eta xumeak, nahieran. Ni ez naiz oso tenplu zalea. Adeitasunezko bisita egin eta bale. Mendizale askori izugarri gustatzen zaie espedizioaren aurretik eta ondoren Katmanduko kaleetan galtzea. Nik nahiago nuke hegazkinak lodge (Himalaiako aterpetxeak) batean utziko bagintu zuzenean😅
Gu baino lehenago iritsi ziren taldekideak dentistarenean ere izan dira. Ez nekien espedizio bat hasi aurretik hitzordu garrantzitsua zela ahoa ondo begiratzea. Ez dakit guk aukerarik izango dugun, kariesak eta bestelakoak gurekin etorriko dira Everest ingurura😅
Hotelean motxilak eta petateak antolatu eta bihar ekingo diogu trekkinari. Orduan orekatuko zait gorputza, seguru. Hilerokoa, hankak hustu eta biorritmoak lerrokatu. Aurretik, baina, Thameleko (Katmanduko erdigune ezaguna) kaosean murgilduta egingo dugu ongietorri afaria.
🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵🇳🇵
-Ainho, Nepalera noa azaroan, hilabeterako. Txikonen espedizioan. Ama Dablam ingurura.
-Uf! Hilabete gehiegi da niretzat. Ama Dablam? Palabras mayores.
-Bai, tontorrarekin itsutu gabe, trekkinaz eta inguruaz gozatu eta ahal bada gailurrari ekinaldi bat egin.
-Ondo-ondo pasa!
Irailaren erdialdean izan genuen elkarrizketa hori lagun batek eta biok. Berehala baztertu nuen joateko aukera, baina, tarteka, neure burua Himalaian irudikatzen nuen. Mendizale handiak ezagutu, haiengandik ikasi, hilabeteko espedizio bat nola kudeatzen duten ikusi. Elkarrizketak egin. Baina hilabete, lanean baimena eskatu beharko nuke, erokeria zen. Dendan ere behar naute, sare sozialak eramaten aritzen naiz eta hori eguneroko lana da. Erokeria zen Himalaiako espediziora joatearekin pentsatze hutsa. Baina egunak joan eta egunak etorri, nahi gabe Ama Dablameko bideoak ikusten ari naizela ohartu naiz, elkarrizketa eta artikuluak irakurtzen, eta arra sartu zait. Joango banintz? Nire bizitzako esperientzia handienetakoa izango litzateke seguraski.
Azaroaren 4an banekien Alexek Mendietxe inauguratuko zuela Azpeitian. Mimo handiz egindako mendi-museo bat. Astelehen goiza zen Alexen deia jaso nuenean. Enbajada tonua zeukan telefono dei hark (kar, kar).
-Ainho, bazatoz gero? Ez daukat aurkezlerik!
-Nola? Eta orain abisatzen didazu? Hiru ordu eskas falta direnean? Te mato (kar, kar)
Txikon style. Lanean beti bezain adeitsu eta ulerkor nirekin, eta libratu nuen arratsaldea Mendietxen izateko. Espero baino jende gehiago bildu zen (“Alex te mato” askotan pentsatu nuen hizlariei hitza ematen ari nintzela).
Material hura guztia han ikusteak barrua mugitu zidan. Piolet eta kranpoi zaharrak, kanpin dendak, telekabina bat, milaka objektu eta bakoitzak historia liluragarri bat sakonean. Ezin nuen aukera galdu eta espedizioan joan nintekeen galdetu nion Alexi. Baietz esan zidan, trekkinera, tontorrera edo beste edozertara. Hala ere, erokeria iruditzen zitzaidan oraindik. Hiru aste baino ez ziren falta espedizioa hasteko, nola utziko nuen dena Himalaiara joateko? Ez, erokeria zen.
Baina hari eta honi galdezka hasi nintzen. Gurasoei ezer esan gabe, ezagutzen ditudan mendizaleei informazioa eskatu nien. Bidaiaz eta esperientziaz gozatzea jada ikaragarria izango zela ebatzi nuen, nahiz tontorra handiegi izan niretzat. Ez dut inoiz ahaztuko zenbat lagundu didazuen informazioa eman didazuen guztiek: Jonatan Garcia, Eneko Pou, Iosu Merino, Txolo, Juanito Oiartzabal, Jos maitea… mila esker abentura honetan parte hartzera animatu nauzuelako.
Karakateko igoeraren ostean bazkaria egin dugu Bergaran, eski lagunek. Bazkaritan eskalatzaile lagun bati kontatu diot buruan dabilkidan asmoa. Erabat animatu nau. Nola ez zara joango? Sekulako aukera da!
Baina azaroak 16 ditu eta astebete falta da Nepalera abiatzeko! Hurrengo bi egunetan ez dut lorik egin. Gauez esnatu eta Pumori eta Ama Dablam inguruetako bideoak ikusten ari naiz. Gauez oso beltz ikusten ditut gauzak eta espedizioa baztertzea erabaki dut. Ahizpak esan zidan ez galdetzeko inori, nik neuk hartzeko erabakia. Baina nire esentzian doa jendeari galdetzearena eta azkenean 10 bat lagunengana jo dut (kar, kar). Etbko arduradunak esan dit halako aukera bat zalantzan jartzen badut, zahartzen ari naizela (kar, kar). Buruan zurrunbilo ikaragarria daukat.
Hiru bat ordu lo egin eta, esnatu naizenean burutazio bat izan dut: lanetik esango balizute, loramen, Himalaiara lanera joateko, joango zinateke? Bi aldiz pentsatu gabe, bai noski. Orduan? Zergatik ez opor modura? Pentsamendu hori erabakigarria izan da baiezkoa emateko. Asteartea da, ostiralean da bidaia, baina erabakia hartuta dago, banoa! Urko psikologoak badaki zenbat kostatzen zaidan halako erabakiak hartzea, zuzen jokatzen ari ote naizen jakitea. Baina behin erabakiz gero, palante! Eta hemen nago, Katmandurako hegaldiaren zain.
Etbn izugarri erraztu didate hilabeteko baimena eskatzeko kudeaketa, dena egin dute express. Alexek esan dit botak ziurtatzeko. Nork izan ditzake 41 zenbakiko garaierako botak? Juanitori deitu diot (zelako matraka ematen diodan gizon honi telebistan mendiko albiste bat eman behar dudan aldiro! Kar, kar):
-Que quieres esta vez Ainhoa!
-Juanito!!! Que tal? Esta vez no quiero entrevistas, quien puede tener unas botas del 41?
-Pues yo! Vente a casa y te pruebas! Pero tu ya andas en el monte, Ainhoa?
-Hombre Juanito, no tanto como tu, pero algo si que ando…😅
Kontatu diot zer eta nola ibili naizen mendian nire 43 urteetan. Eta esan dit ez itsutzeko ezerekin, eta gozatzeko Nepalez. Zelako zortea, benetan. Euskaldunak eskuzabalak gara, zinez. Material mordoa utzi dit abenturarako.
Etxera bidean, burua martxan daukat berriro. Juanitok ez zekien mendizalea naizenik, mendizalea ote naiz? Bai mendizalea naiz, ez dago dudarik. Baina espedizio hau handi geratzen zait? Mendian ba ote nabilen galdetu dit Juanitok. Nondik begiratzen zaion… esaterako, nire lagun Ekain eta Jaionerentzat, nire mendi jarduerak muturreko alpinismoa dira🤣 baina Juanito moduko goi mendizale batentzat, hutsaren hurrengoa. Aparta naizenez nire burua zigortzen eta zalantzan jartzen, beldurrak alboratu eta bidaiaz gozatzea erabaki dut. Bizipenen eguneroko bat egin, elkarrizketak grabatu, jendea ezagutu eta batez ere mendian barneratu.
Azken bizikleta saio eta korrikaldietan etengabe irudikatu dut nire burua espedizio honetan, eta hemen nago, Katmandurako hegaldiaren zain.
Liher eta Aia agurtzea asko kostatu zait. Ez al dira Tia Ainhoz ahaztuko hilabetean! Ahizpari esan diot: ama eta izeba izatearen artean bada beste zerbait, hala sentitzen naizelako zure seme-alabekin. Nire ere badirela. Izugarri maite ditut. Eta badakit espedizio honetan une gogorrak iristen direnean euren begirada garbiak aupada izugarria emango didala.
Ama agurtzea ere ez da erraza izan. Malko batzuk egin ditugu, baina badaki mendia nire pasioa dela, eta pozik dago nire bitartez esperientzia honen parte izateko. Ama, Himalaiara zatoz nirekin!
Zailena, ordea, aita agurtzea izan da. Besarkada xume bat, negarrik ez, baina badakit pena gehien berak daukala banoalako. “Con todos los montes que tienes aqui, no te vayas”. Barrua uzkurtzen zait. Ulertu arren ez duelako ulertzen, eta beldurra ere badaukalako.
Etxekoari zer esan, bizitza den espedizio zoragarrienean oreka eman didanari.
Dena azkar prestatu ostean bagoaz Loiura! Bidean azkenekoz agurtu dut, Anboto. Zelako zortea daukadan, bueltan lana, familia eta bizimodu zoragarri bat dauzkat zain, eta gure mendi ederrak ere bai.
Ostiralean atera dira Alex eta taldekide batzuk. Ni eta bi azpeitiar larunbatean. Haizeak, ordea, hegaldi asko zapuztu ditu eta egun bat atzeratu zaigu bidaia. 11 ordu egin ditugu Loiun eta azkenik atera gara Madrilera. Orain, Istanbul eta Katmandurako hegaldien zain gaude. Ez dago atzera bueltarik, Nepal zain daukagu! 🇳🇵🏔️😍🙏
No hay comentarios:
Publicar un comentario