miércoles, 1 de abril de 2026

HERRIALDEAREN ERDITIK

 


                                                            HERRIALDEAREN BIHOTZETIK



          Eguraldi freskoarekin, 9,30etan, hasiera eman genion ibilaldiari, askori berandu irudituko zaie, guri ez,jubilatutako  mendizaleak ez dugu presarik, abiadura ez da gure erronka, naturaren erritmoan mugitzen gara

          Urraki mendigunean barneratuko gara, Urrakiko mendi-multzoa Hernio eta Murrumendi mendien artean dago. Aurkituko ditugun gailurrak ez dira altuak, baina kokapen geografikoaren esker eta inguruko kilometro askotan hiri handirik gabeko eremua izatea, leku partikularra bihurtzen du. Hiru gailur kateatuko ditugu, Garrintza (730 m.), Urraki (825 m.) eta Illaun (822 m.), mazizo honetako 4. gailurra Beleku (805 m.) beste egun baterako utziko dugu.

          Ibai-Eder urtegian hasiko da ibilbidea, Nuarbe auzoan (Azpeitia). Urtegia, Urola-erdia eta Urola-kostako herriak urez hornitzeko erabiltzen da. Inguru ederrean, mendiz inguratuta, leku lasaia da. Urtegiaren inguruan 8 kilometroko bide lau eta erosoa dago, oinez ibiltzeko ezin hobea.



    

          Gure lehen helburua Garrintzako tontorra igotzea da, gure urratsak ipar-mendebalderantz bideratuko ditugu, mendi-pista zabal eroso batean goraka eginez. Aldapa gora  bezain hasi pronto paisaia aldatuko da eta txakolin sail  batetik eta baserri batzuen ondotik pasako gara. Goian antena bat ikusten dugu eta bertara iritsi arte goruntz doan pista bat jarraituko dugu, urtegiren bista gure oinen azpian utziz.




          Hemendik aurrera ibilaldiaren planta era bat aldatuko da. Bide definiturik gabe batzutan galtzen den bidezor batetik, gora egingo dugu sasien eta harrien artean. Laister sentituko dugu Garrintzako tontorra gertu eta inguruko mendien eta haranen ikuspegiaz gozatuko dugu. Inguru honetako parajerik bakartienetako bat izango da. Gailurrean bere garaian izan zen erpin geodesikoaren zatiak baino ez ditugu aurkituko.



          Tontorretik hego-ekialderantz joko dugu Urrakira inguratzeko. Garrintzako magaletatik behera egingo dugu lokaztutako bidean, Etarteko muinora iritsiko gara, gero berriro gorako bidea harzeko eta garrantzi bereziko punto batetik igaroko gara: Gipuzkoako erdigune geografikotik. Toki sinbolikoa da herrialdearen bihotz-bihotzean gaudela gogoratzen diguna, ez da tontor bat ezta leku ikusgarriena ere, baina badu xarma berezi bat maparen erdian gaudela sentitzea.





          Maldatsua jarraitzen du bideak baso bidetik eta aurrena Urraki gaineko buzoira iritsiko gara justu baso amaieran, buzoia bitxia eta polita, 2 mendizaleen oroimenezko inskripzioarekin eta Arantzazuko Amaren irudiarekin, berehala erpin geodesikoa aurkituko dugu. Tontorra ingurarzen duen basoak ikuspegiak eragozten ditu,  hego-mendebalderaantz bakarrk ikusten da Izaspi mendia.



          Ondoren, Illaungo gailurreko bidea hartuko dugu, hego-ekialderantz joko dugu, pagadi eta larre artean bidezor bati jarraitu behar zaio, nahiko laua den bidean, Loiztizabalko lepora iritsi arte. Gipuzkoako barnealdeko paraje zoragarriaz gozatzeko aukera ematen du inguru honek, atsegina eta panoramikoa. Besteak beste, Izarraitz, Hernio, Aralar, Berian, Aratz eta beste hainbat mendi ikusiko ditugu.




          Urrutitik Illaungo gurutzea ikus dezakegu. Tontorra talaia pribiligiatua da Gipuzkoako mendiak ikusteko eta behean Beizamako herria, inguruan sakabanatutako baserri ugariekin.




          Beizamara jaisten lehen belardi zabaletan zehar egingo dugu, bideak ez du galbide handirik, norabidea oso argia da, baina giltzaz itxitako hesiak aurkitu ditugu eta baita aurrera joaten eragozten duten txarrantxak ere.


 

          Oztopoak gaindituz, San Lorenzo ermitara iritsiko gara, hemendik bideak Beizamako plazara eramango gaitu. Beizama Gipuzkoako herririk altuenetakoa da, landa-eremuko herri asko bezala populazio galera nabarmena izan du, udalerri txiki eta lasaia da, mendi eta haran berde artean, paisaia natural ikusgarriak eskaintzen ditu.




          Beizamatik Ibai-Eder urtegira jarraituko dugu ibilbide zirkularra amaitzeko. Aiertza erreka ondotik doan bidezor berde eta hezetik jatsiko gara urtegira. Erreka bazterrean errota zahar baten hondakinak aurkituko ditugu. Erreka ondoko  bidean ur murmurioa nagusitzen da eta ur-jauzi txikiak non-nahi aurkituko ditugu. Aiertza errekak beste erreka btzuekin batera elikatzen dute  urtegia. Gutxi-gorabehera 3 kilometro jatsi ondoren, bat batean bidea eta paisaia irekitzen dira. Amaiera iritsi geran seinale.


 


                  Azkenean bukatu dugu Gipuzkoako sakonean egin dugun ibialdi zirkularra. 16 kilometro 850 metroko desnibelarekin, datoak ez dira teknikoak soilik. Urraki mazizoaren paisaia eta biodibertsitatea ezagutzeko aukera eman digu, etengabe aldatzen diren paisaiak eskeini dizkigu: Pagadi, pinudi eta larre zabalak lotuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario