jueves, 23 de abril de 2026

Artikutzako burdin eta gurdibideak

Powered by Wikiloc

 


Eskaseko atezaindegia

Egun ingurune babestua bada ere, historian zehar Artikutzako lurrak bizimodu desberdinen eta bertako errekurtso naturalen ustiapen ugarien lekuko izan direla esan behar da. Europan gertatu ziren aurrerapen teknologikoen ondorioz, burdinolak baztertu egin ziren, erabat ahaztu arte. Hauek izan ziren garai zailenak. Momentuko korronte sozio-ekonomikoen babesean, egur-ikatzaren ekoizpena eta meategien ustiapena (burdina batik bat) indartu  eta areagotu egin ziren. Horrela, 1898an bide estuko trena eraiki zen ustiapen horiek errazteko. 1903tik 1908ra Artikutzako Oihandar eta Ustiapenerako Konpainiak eratu ziren.


Artikutzako lurrak behatoki naturaletik


Burdinbidearen bihotza Elamako meategi gunea zen eta hau Errenteriako iparraldeko geltokiarekin komunikatzera iritsi zen, plano inklinatu eta korapilotsu baten bitartez. Neurririk gabeko ustiapen hauek basoaren berehalako atzerakada ekarri zuten  1919an Donostiako udalak finka erosi eta berreskurapen lanak hasi arte.


Burdinbidea eta langileak


Bide estuko tren bidearen arrastoan

Ibilaldi honetan burdinbide horren zati handi bat beteko dugu. Exkaxetik abiatu eta laurehun bat metro errepidean zehar bete ostean, ezkerretik Arikutzako auzora jaisten den bidea utzi eta metro batzuk aurrerago burdinbide zaharraren xenda hartuko dugu. Erroiarriko behatoki naturalaren ingurura helduko gara lastre eta bertatik finka osoaren ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu. 


Begiratoki naturala

Bidegurutzera iristean, bide balizatua utzi eta eskuin aldera joko dugu egurrezko seinaleak erakusten duen lekutik. 150 bat metro beteko ditugu burdinbide zaharraren plano inklinatuan dagoen geltokiaren aztarnak ikusi ahal izateko.


Planoburu

Bide estuko trenbidearen errekreazioa

Hona hemen, ATIT-ek (Artikutzako Trenaren Ikerketa Taldea) emandako datu gutxi batzuk: trena, izen desberdinez izendatzen zuten, Karramarroa, Dekabilla, Frantzesen trena, Artikutzako trena edota Xorrolako trena. Burdinbidearen zabalera 600 mm-koa zen eta trenbidearen luzera, berriz, 28,5 km-koa. Ibilbide osoan lau tren-makinak izan ziren, bakarra zati bakoitzean eta hauekin batera 61 bagoi. Bidaia bakoitzean 2 tonako 6 bagoi zeramatzaten, 12 tonako gai-garraioa aldiro. Egunero lau bidaia egiten zituen garairik oparoenean. Hauxe ziren garraiatzen zituen materialak: burdina, egur ikatza, kaolina, posteak, tren-trabesak, eraikuntzako egurra, pertsonak… Zati bakoitzeko trenak hiru langile behar zituen (tren-gidaria, sugina eta baleztaria). Guztira, tren honetan 30 bat langileek hartzen zuten parte, planoetakoak kontuan hartuta.


Plano inklinatuaren arrastoak

Bidegurutzera itzuli eta maldan behera abiatuko gara. Laster, gure eskuinetik xenda bat ateratzen ikusiko dugu eta bide balizatua utzita bertatik egingo dugu aurrera. Plano inklinatua egin aurretik, bide hau erabiltzen zuten idiekin minerala goiko geltokira garraiatzeko. Plano inklinatua bitan zeharkatu eta maldan behera sigi-sagan Oronoz-Zubieta ingurura jaitsiko gara. Puntu honetan Elamara zuzentzen den bidea utzi eta Artikutza auzorantz joko dugu.


Artikutza auzoa

Ostatu Zahar


Orreagako mugarria

Olajaundi

Artikutza erreka

San Agustin ermita

Auzoko etxe eta parajeak bisitatu ostean, porlanezko bide malkartsutik aterpetxea dagoen lekuraino igoko gara. Urtegia inguratzen duen pista utziko dugu gure ezkerretik ateratzen den bidea hartuz. Xenda estuak Erroiarriko ur-jauziaren gain aldera eramango gaitu.


Erroiarriko ur-jauzia

Exkaxpeko errekara iristean isiltasuna nagusi da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinuan.


Eskaxpeko parajeak

Eskaxpeko parajeak

Igoera piko batek egurrezko panel informatibo baten ondora eramango gaitu. Pagadian zabaltzen den bide zabala jarraituz,  auzora jaisten den errepidera aterako gara, ornodunen panela eta egurrezko seinaleak dauden lekura hain zuzen ere. Eskaseko atezaindegia gertu.

 


No hay comentarios:

Publicar un comentario