martes, 5 de mayo de 2026

IBAI-EDER INGURUAN


           

                                                               IBAI-EDER INGURUAN


          Ibai-eder urtegiaren inguruko ibilbide honek natura, paisaia eta historia uztartzen ditu. Udaberri erdian, urtegia bere edukiera handienean aurkitzen dugu, ez da harritzekoa, urtegia betetzen duten erreken ur-emaria ikusita. Gaur konpuerta bat  ere ikusi dugu irekita ur-maila erregulatzeko.


 


          Ibilbidea presaren ondoan hasten da. Bertan aparkatu, ur bareei begiratu eta hegoalderantz abiatuko gara, eskuineko bidetik, bide lau eta eroso batetik  egingo dugu aurrera urtegia inguratuz, uraren ondoan doa tarte luzean.





          2,5 kilometrotara egurrezko zubi estalira iritsikiko gara. Zubiak Ibai-Eder erreka zeharkatzen du. Handik gutxira Itaun iturria aurkituko dugu.




          Puntu honetatik aurrera, ibilbidearen izaera aldatzen da: igoera etengabe baina eramangarria hasten da, ipar-mendebalderantz doan mendi-pista barrena. Hiru kilometro inguru tartean, pagadi eta hariztien artean ibiliko gara, giro fresko eta hezean.




          Gainean, Endriokortako lepora iritsiko gara. Kokagune estrategikoa:  aurrean dugun Atxabal-Txarabeltz tontorrera igotzeko edo Matxinbentara jaisteko, inguruan aurkituko dugu, hutsik dagoen Endriokortako baserri zaharra, baita urtegirako  bista zabalak ere.




          Ibilbideak ipar-mendebalderantz jarraitzen du eta paisaia irekitzen hasten da pixkanaka haran eta mendiak agerian utziz. Pagadi eta larreen artean aurrera eginez, Pagorriaga baserrira iritsiko gara, gaur egun landetxe gisa erabiltzen da.




          Gune hau abiapuntu egokia da, hala nola Murumendi igotzeko, inguruko kobazuloak ikusteko  edo gertu dauden estazio megalitikoak  bisitatzeko.



          Guk aurreikusitako ibilbideari eutsiko diogu eta Santa Agedarantz doan hormigoizko  pista hartuko dugu. Bide honek altura mantentzen du  eta horrek ikuspegi zabal eta garbiekin gozatzeko aukera ematen du.



         Bi kilometro igaro ondoren, Marimendi-Hegoa trikuharriaren ondotik pasako gara, bertan informazio panelak aurkituko ditugu. Handik kilometro batera Elordizabaleko lepora irisiko gara.   




          Lepoan, ezkerrera biratu eta hegoalderantz joko dugu, baso-pista lasai batean. Pagoz estalitako ingurune honetan, kilometroko bateko ibilbidearen ondoren,  Korosagasti baserriaren gelditzen diren zatiak aurkituko ditugu.



          Korosagasti leku historikoa ere bada: hemen gertatu zen "Beizamako Krimena" izenez ezagutzen den gertaera latza. 1926ko Azaroaren 14an, bertan bizi ziren ama eta alaba hilik agertu ziren, indarkeria  zantzu nabarmenekin. Gertakariak oihartzun handia izan zuen garaian.



          Bisita egin ondoren, ibilbideak basoan barrena jarraitzen du muino batera iritsi arte. Handik eskuineko bidea hartuko dugu, bihurgunez beteriko jatsiera luze bati ekiteko. Guztira 5 kilometroko jatsiera egin ondoren, azken zatian Zeazola errekaren ondotik   ibiliko gara, urtegia inguratzen duen bidera itzuli arte.

          Azkeneko beste 2 kilometro egingo ditugu abiapuntura iritsi arte.



          Ibilbide zirkular honek 19 kilometro luzera du, eta 600 metroko desnibel metatua. Ez gara inguruko tontorretara igo baina paisaia eta baso inguruak  lotu ditugu, naturarekin  konektatzeko  aukera eskainiz.







 























No hay comentarios:

Publicar un comentario