“Inoiz mendien ahotsa entzun duenak, ezingo du
inoiz ahantzi”
Tibetar esaera
Lamayuruko monasterioa eta mendiak |
Ladakh ezagutzera gerturatzen diren bidaiarien
zentzumenek errealitate desberdin bat dastatzeko beta paregabea izaten dute.
Kontrastez betetako paisaiak, non kolore askotariko lur idorrek, ibai emaritsuek
eta mendi elurtuek modu harmoniatsuan puzzle perfektua osatzen duten. Jendeak,
otoitzak, lanak eta isiltasunak atmosfera berezi eta erakargarria osatzen duten
lurralde hauetan, egunerokotasuna
antzinako bizimoduarekin korapilatzen da. Bere orografiaren handitasunean,
mendien magal eta muinoetan eskegita dauden monasterioetako otoitzen doinu eta
intsentsuaren usaina hedatzen dira noranahi. Espiritualtasunak blaitzen dituen
lur hauetan, tearen usaina darien herrixkak ilargi itxurako paisaietan nonahi barreiaturik
ikus daitezke, zerutik lurretik baino gertuago. Ladakh jendea abegikorra eta
apala da, bere usadio zaharrak bizirik gordetzen ahalegintzen diren tibetar
jatorrizko jendea. Edozein eszena beste garai batekoa dela ematen du, iraganean
ainguraturik geratu dela dirudi.
Ladakheko lurraldera heldu aurretik |
Leh hiriburua
Himachal Pradesh
eskualdeko azken herriak igaro eta udan India inbaditzen duten montzoietatik
ihesi, munduko errepide eta igarobide garaienetarantz jo dugu. Ladakheko lurretan murgildu aurretik, bost mila metro gaindi duten munduko
mendate garaienetako batzuk igaro behar izan ditugu: Lachulung-La
eta Tangla-La, azken hau igarotzeko
moduko munduko bigarren mendaterik garaiena omen.
Lehko okina |
Negu luze
eta gordina igarotzean, errepideak estaltzen dituzten elurra eta izotza urtu
egiten dira, eta horrela, ekainetik
urria bitarte, Ladakhek munduari
ateak irekitzen dizkio. Geologikoki munduko goi-lautadarik handi eta altuena
kontsideratzen den Tibetekoan kokatuta egoteaz gain, bere ohitura, kultura eta
erlijioan tibetar izaera duen herrialde batekin egin dugu topo. Hortik datorkio
Tibet Txikia bezala ere ezaguna
izatea.
Ladakh agurea otoitzean |
Egun osoan
errepide garai, hautsi eta neketsuetan ibili ondoren, Indo ibaiaren ertzean kokaturik dagoen Ladakheko hiriburua den Lehra
heldu gara. Hiru mila eta bostehun metroan dagoen hiri txiki eta xarmagarri horrek
berehala sortzen du bisitarien ikusmina. Bidaiaren nekeak astindu, eta bere
kale estuetan murgildu gara norabide jakinik gabe. Stok Kangri mendi ezagunak erakarri du gure atentzioa lehen
begiradan, baina berehala kaleko bizimodura itzuli gara.
Ladakh emakume nekazariak albertxigoak saltzen |
Leh, erlijio, jende eta ezustekoen
nahaspila da: ladakhak, tibetar erbesteratuak, musulmanak, indiarrak, monjeak,
nekazariak… eta gu bezalako turistak. Zenbait txokotan oraindik Erdi Aroaren
usaina dario hiriari, baina “modernitatearen” lehen zantzuak bereganatzen
hasita dago azken urte hauetan, eta horren lekuko dira nonahi ikusi ditugun opari-denda,
jatetxe eta ostatuak. Oraingoz elkarrekin bizitzen ikasi dute, oreka egokian, baina
noiz arte? Etorkizunak ez al du iragana irentsiko?
Ladakh emakume nekazariak |
Main Bazaar kale nagusian sartu eta berehala
ohartu gara aurrez esandakoaz. Oinezkoen kale berri honetan indiarren
komertzioek betetzen dituzte bi aldeak, eta hauen aurrean, berriz, espaloian
eserita, nekazari emakumeek beren baratzek emandako fruitu eta barazkirik
onenak dituzte salgai. Lehenak turismoari begira diruz patrikak betetzeko;
bigarrenak, aldiz, rupia gutxiren trukez eguneroko bizitzari aurre egiteko. Nekazari
bati bertako albertxiko gozoak erosi eta hiriko alde zaharra ezagutzera jo
dugu. Old Marketeko kaleetan murgiltzean,
labirinto batean ibiltzea bezalakoa da, okinak, jostunak, harakinak,
bizarginak, bitxigileak eta abar gremioetan antolatuta. Hemen ezagutu dugu Lehko ohiko bizimodua, bertako
biztanleek egunero erakusten dutena. Kale nagusitik gertu, baina biak ala biak
oso errealitate desberdinak.
Ladakh etxearen sukaldean |
Baina bada
hiri honetan beste errealitate gordin bat, Txinak beren lurraldeak inbaditu eta
errepresio gordina ezarrita Tibetetik ihesi lur hauetan aterpea aurkitu duten
erbesteratu eta errepresaliatu tibetarren errealitatea, hain zuzen ere. Tibetan refugees market izena duten
merkatu edo saltoki desberdinetan biltzen dira beren herrialdetik urrun bizi
diren tibetarrak, eta guretzat ezin leku egokiagorik haiek saltzen dituzten
produktuak erosi eta ahal dugun neurrian laguntzeko. Tibetar jendea apala eta
atsegina da oso eta zinez eskertzen dute, ez bakarrik zerbait erostea, baizik
eta tibeteraz hitzen bat edo besterik ez bada, konplizitatezko irribarre bat
eskaintzea.
Jama Masjid meskitaren gainetik, Lehko jauregia, monasterioa eta gaztelua |
Lehko kale bizitza ezagutu eta gero,
bertako eraikin garrantzitsuenak ezagutu nahi izan ditugu. Jo Khanh tenplu budista bisitatu eta kale estuen artean, Jama Masjid meskita altxatzen den lekura
joan gara, baina ezin izan dugu barruan sartu, otoitz ordua da eta. Segidan, Lehko jauregi aldera zuzentzen diren eskaileretan gora erraz heldu gara
bertara. Diotenez, Tibeteko hiriburua den Lashako
Potala jauregiaren miniatura bat da,
nahiz eta gauza bera esaten duten Thiksey
monasterioagatik. Xenda estu batek
muinoaren goiko aldean altxatzen diren Tsemo
Gompa edo Monasterio Gorria eta Gazteluaren ondora eraman gaitu. Talaia
ezin hobea, Lehko harana ez ezik, Stok mendilerroaren ikuspegiaz
gozatzeko. Ilunabarrean, eguzkiaren azken izpiek Indo ibaiaren inguruko lurrak kolore bereziez tindatu eta janzten dituenean,
beherako bidea hartu dugu Budaren mendiek bata bestearen atzean gainjarriz
silueta paregabea osatzen duten bitartean. Tashi delek.
Sakti monasterioa |
Budaren mendiak
Lurralde
osoan zehar barreiaturik dauden monasterioetan, monjeen otoitzek hausten duten
isiltasunarekin bat egin eta iragaitza den denboran bidaiatzera gonbidatzen
gaituzte. Bide batez, meditaziorako liburuez, ikono budistez, intsentsuz eta
sandaloaren usainez gozatu ahal da, eguzkiaren izpiek leiho biluziak zeharkatu eta
zoko guztiak argitzen dituzten bitartean. Paisaia menditsu hauetan
barneratzean, barne-biltze eta meditaziorako dauden espazio anitz hauekin topo
egitean eta yak-aren gantzaz elikatutako argiek argiztatuko gelak zeharkatzean,
isiltasunaren presentzia erabatekoa da eta hau, soilik otoitz monotonoen eta
musika tresnen soinu hautsien oihartzunak protagonismoa bereganatzen duenean
hausten da. Ladakh budismo tibetarra
bere esentzia osoan bizi den leku bakarrenetakoa da gaur egun. Bizimodu zaila
izan arren, fedearen presentzia betierekoa eta ezabaezina dela ematen du.
Thiksey monasterioa |
Esperientzia
hauek guztiak ezagutu eta bizitzeko, hurrengo hiru egunetan hiriburua utzi,
haranetan murgildu, eta mendien muino eta magaletan eskegita dauden monasterio
tibetar zenbait ezagutu nahi ditugu. Hiriburutik bertatik abiatu eta Indo ibaiak marrazten duen lerroaren bi
aldeetan altxatzen diren monasterioak bilatu ditugu lehenik, gerora Lamayuruko haraneko ilargi itxurako
paisaietan txertaturik daudenak, eta azkenik, Nubrako haran hunkigarrian barneratu gara.
Diskiteko monasterioaren Budaren irudi erraldoia |
Indo ibai emaritsuaren ertzean altxatzen diren Shey eta Thiksey monasterioak bisitatu ditugu lehenik. Monasterio gehienak mendi muino idorretan altxatzen dira, eta modu mailakatuan kokatuta daude. Thikseykoak piztu du gure arreta, Maitreyaren (etorkizuneko Buda) tenplua bereziki, bere 15 metroko altuerarekin Ladakhen dagoen Budaren irudirik handiena baita. Gure ibilbidearekin jarraituz, Sakti haranaren hasieran dagoen Chemrey monasteriorantz jo dugu, baina aurrez bertako jendearen bizimoduaz interesatu gara. Ladakhiar emakume alargun batek gidari lana egiteko bere burua eskaini digu. Mailakatuta dauden lur-sailetan garagarra eta gariarekin batera, autokontsumorako barazkiak landatzen dira.
Likir monasterioa bere Buda erraldoiarekin |
Nekazari
neska gazte batek ilarrak gordinik jatera gonbidatu gaitu umeen algaren artean.
Bidezidorren artean etxaldera iritsi eta bere etxe xumea erakutsi digu, ukuilua
eta sukaldea. Apenas bizitzeko duen emakumeak irribarre zabal batekin agur esan
eta bere etxeko egur zaharreko atearen ondoan geratu da kale artean desagertu
garen arte. Monasteriora igo eta bertatik haran berdeak eskaintzen duen ikuspegiaz
gozatu dugu. Lana eta otoitza dira jende honentzat bizitzeko dituzten bi
euskarriak, biak lotu eta egunero intentsitate handiz bizi dituztenak. Egunari
amaiera emateko, Indo ibaia zeharkatu eta Stok
mendilerroaren magaletan dauden beste monasterioak bisitatu ditugu: Ladakheko monasteriorik handiena eta
aberatsena den Hemisekoarekin
batera, Stakna eta Mathokoak.
Likirreko otoitz-gurpilak |
Hurrengo
egunean, Lamayuruko harana ezagutzera
jo dugu bertan, kokatzen baita Ladakheko
monasteriorik zaharrena. Leku bakarti batean kokaturik eta mendiez erabat
inguraturik dagoenez, egunerokotasunetik ihes egin nahi duenarentzat toki ezin
aproposagoa. Ilunabarrean eguzkiaren izpiek jaulkitzen duten argitasuna
izkutatzeak sortzen duen espektakuluaz gozatzeko toki paregabea. Ezti koloreko
mendiak itzaliz doazenean eta gauaren beltzak harana inbaditzen duenean, soilik
mendien siluetak sortzen duen marrazkia geratzen da gure begien ninien
gozamenerako. Lehra itzultzean, Rizong, Alchi eta Likireko monasterioak
ezagutu ditugu.
Hunderretik Nubra eta Shyokeko haran zabala |
Nubrako harana dugu azken jomuga, baina
haraino ailegatzeko igarotzeko moduko munduko mendaterik altuena omen den Khardung-La (5.602 m) pasa behar izan dugu.
Amildegi zorabiagarriei erantsita dagoen errepide honetatik Nubrako haran aldera jaitsi gara. Shyok ibaiaren ur arreak indarrez
jaisten dira Hunder aldera, baina
aurrez, Nubra ibaiaren ertzean dagoen
Sumur monasterioa bisitatzera joan
gara, eta bertatik primeran ikusi ahal izan dugu bi ibaien artean hedatzen den
haran paregabea. Segidan errepidera itzuli eta Diskiteko monastegira joan gara; kanpoan Buda erraldoi batek
haranaren zaindari gisa agertzen da. Toki garaienera igo eta Nubrako harana bere osotasunean ireki
dizkigu besoak postalik ederrena erakutsiz.
Monje budistak |
Karakorumak harresitzen duen basamortu itxurako
espazio honetan, dunak eta bazkalekuak elkarren ondoan bizi dira, bakoitzak
bere espazio okupatuz. Une oro haranak erakusten duen handitasun natural honen
aurrean, herrixka hauetako biztanleek beraiek landatzen dituzten produktuetatik
bizi dira, eta bizitza horri errespetuz eta modu xumean egiten diote aurre,
beren egunerokoan budismo tibetarra inspirazio iturri izanik. Deskribatzeko
orduan hitzak labur geratzen zaizkigu, ez du inor epel uzten.
Monje busitak otritzean monasterioaren atarian |
Ladakhen
denborak ez du noiz. Thuk Je Che.
Lamayuru-ko ilargi itxurako paisaia |
Ladakh jendea
Ladakh, Indiako Kaxmirreko goi-lautadarik garaiena da. Hiru mila metro gaindiko altueran kokatzen da eta bertan, Himalaia eta Karakorumeko mendikateekin batera, Indo ibaiaren goi-harana hedatzen da. Historikoki, Indo haranaren ingurune jendetsuena izan da eta, Zanskarreko lurrak, Nubrako haranak, Aksai Chineko basamortu-lurrak eta Suruko harana barne hartzen ditu. India eta Pakistango zatiketa izan aurretik, Baltistan Ladakheko barrutia zen eta orduan, Skardu hiriburua zen neguan eta Leh udan. Ladakh altuera handian dagoen basamortu hotz bat da, Himalaiako mendikateak montzoien sarrera eragozten du eta euria urria da.
Ladakh agurea |
Mendeetan
zehar, autokontsumorako ekonomia garatu izan du eta horretarako, garagar, arto,
gari eta astailarra landatzearekin batera, jak, dzo, behi, ardi eta ahuntzen
ganaduak zaindu izan ditu. Hiru eta lau mila metro arteko altueran kokatuta
dagoenez, laborantza garaia hil gutxi batzuetan bakarrik gara daiteke. Abere
gutxi eta ura eskas izanik, ladakh jendeak eskala txikiko laborantza garatu du
betidanik, beti ere bere ingurune-baldintzetara egokituz. Iraganean, bere
kokapen estrategikoagatik Ladakhek garrantzi handia izan zuen, zenbait bide
komertzialen bidegurutze estrategikoa izan zen. 60ko hamarkadan Txinako
agintariek Tibet eta Asia Erdiko mugak itxi zituztenean, nazioarteko
merkataritza asko gutxitu zen.
Ladakh emakume nekazaria |
Ladakh
jende gehiena Himalaia mendikatearen hegoaldean jaio arren, tibetar sentitzen
da. Geologikoki munduko goi-lautadarik handi eta altuena kontsideratzen den
Tibetekoan kokatuta egoteaz gain, bere ohitura, kultura eta erlijioan tibetar
izaera duen herrialdea da. Hortik datorkio Tibet Txikia bezala ere ezaguna
izatea. Menditzarren beste aldean bizi diren tibetar anai-arreben kredo,
kultura eta gastronomia bera dute.
Nekazari ladakhiarra |
Filosofia
budista-tibetarra (lamaismoa) nagusia izan arren, Ladakhen elkarrekin bizi dira
budistak, hinduistak, musulmanak, kristauak eta bestelako erlijioetako kideak.
Beren tradizio eta kulturan oso sustraiturik bizi den herria izanda ere,
orografia zailak isolatu eta mugatzen duen herrialde honek, bere azpiegiturak
modernizatzeko ahalegin itzela egiten du urtero. Ladakhen bizitzea ez da samurra,
negua presente dagoen zortzi hilabetean zehar, Himalaiako mendien magalean
kokatuta dagoen ingurune leku babesgabea baita.
Matho monasterioa |
Monasterioek
protagonismo berezia dute Ladakheko bizitza sozial eta erlijiosoan. Familiek
ohikoa dute beren seme-alabetako bat
budista apaizgora bidaltzea. Harrotasunaz gain, haren hezkuntza eta
mantenua bermatzen dute, kasu askotan oso eskasa den familia-ekonomia
batentzako. Tibeteraren euskalkia kontsideratzen den ladakha da bertako hizkuntza.
Eskualdean gehien hitz egiten den hizkuntzarekin batera, populazioaren
gehiengoak hindi eta urdua hizkuntzak ere ezagutu eta erabiltzen ditu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario