domingo, 22 de octubre de 2023

Goltzibarko harana

Powered by Wikiloc

 


Ibilaldi zirkular honek Goltzibar haran hestu eta basatian barneratzeaz gain, gure historiaren aztarnak diren Lili jauregia eta Ekaingo kobazuloak ezagutzeko parada izango dugu. Bidea, PR-GI 41aren seinale zuri eta horiez balizaturik dago.

 


Zestoakoa geraleku zaharraren ondotik abiatuko gara eta Urolako tren zaharraren bidetik emango ditugu lehen urratsak. Trenbide honek, Zumarraga eta Zumaia herriak lotzen zituen eta hamabost geltoki zituen, horietako bi Zestoa bertan. 1926an inauguratu eta, hirurogei urtez Urola haranaren barrena ibili zen 1986 urtean betirako gelditu zuten arte. Urola ibaia gainditu eta berehala, trenbide zaharra eskuinetik jaisten den xenda batetik jaitsiko gara. Aurrez aurre, Lili jauregi ederrarekin egingo dugu topo eta bertan ikusiko ditugu lehen aldiz PR-GI 41aren marka zuri eta horiak.

 


Jauregi eder hau XV. mendean eraiki zuten eta gotiko estilokoa da. Jauregiaz gain, bi burdinola, Lilibea dorrea, errota eta urtegi txiki batek osatzen dute multzoa. Lilitarrak, inguruan zeuden lur, baso eta erreka askoren jabeak ziren. Bere jabetzako baserriek errenta ugari ordaintzen zituzten, baina beren aberastasunaren zatirik handiena burdinaren eta zuraren ustiaketan oinarritzen zen.

 


Erdi Aroko arkitektura bikain honen ondotik aldapa txiki bat igo, iturria ezkerrera utzi eta bide bazterretik aurrera jarraituko dugu. Errekaren ondotik kilometro erdi pasatxo bete ostean, Ekainberrira helduko gara. Ekaingo haitzuloa izen bereko muinoaren ekialdeko hegalean dago, Sastarraingo ubideak sortzen duen bailara txikian. 1969an, Rafael Reazabal eta Andoni Albizurik aurkitu zuten haitzuloan dauden Goi Paleolitoko Madeleine garaiko labar-pinturak oso ezagunak dira eta, UNESCOk Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituen. Gaur egun ezin da haitzulo bisitatu eta, horren ordez altxatu zuten erreplikan (Ekainberri) ikus daitezke pintura horien kopiak direnak. Goltzibarko errekastoaren ondotik aurrera jarraituko dugu eta berehala, Sastarraingo Baserri Eskola ikusiko dugu gertu. Bide-seinaleek ezkerrera zabaltzen den bidea hartzera gonbidatuko gaituzte, Goltzibarko haranean murgiltzen hasiko garelarik. Bide zabala xenda bihurtu eta basoan sartzen da.

 


Bide-seinaleek erakutsiko digute aukeratu beharreko bidea. Maldan gora altuera irabaziko dugu eta, bidea leuntzen den inguruan galtzada zahar baten zatiak igoko ditugu. Gertu, Agita errotaren aurriak. Errekastoa gurutzatu eta ezkerretik berriro igotzen jarraituko dugu Agireta ingurura iritsi arte. Puntu honetan, 90 graduko bira egiten du bideak eta bertatik, langa baten ondora ailegatuko gara. Hau pasa eta, bide zabala eta erosoak porlanezko errepideraino eramango gaitu. Idoieta, San Bizente, Etorra berri, Etorrazar, Erlategi… baserrien ondotik jaitsiko gara altuera erraz galduz. Urola ibaira gerturatzean, Lauiturrietako garbitokia eta iturria ikusteko aukera izango dugu. 2012an auzolanean berritutako garbitokiari bizkarra eman eta Urola ibaia gainditzeko, XIV. mendearen bukaeran eraiki zuten Zubizarra (egungoa XVIII. mendean berreraiki zen) gurutzatuko dugu. Herriaren beheko aldetik Zestoako geraleku zaharrera itzuliko gara     


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2019/06/goltzibarko-harana.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario