Urte asko dira Itziarren kontsultara lehenengoz joan nintzenetik. Ordutik, ezin konta ahala jendek galdetu dit hari buruz, haren dietaz eta elikaduraz, oro har. Urte hauetan guztietan, gorabehera asko izan dira, eta horren arabera egokitu dugu beti dieta: kirol entrenamenduak, gorabehera hormonalak, anemia, lesio fisikoak, estresa edo gorabehera emozionalak. Denak eragiten du gugan, eta faktore horien guztien arabera egokitu dugu jatekoa.
Itziarrengana iritsi nintzenean, anemia eta ziatika ziren nire kezka nagusiak. Ordutik anemiarena asko hobetu dugu, ziatikarena ere bai, nahiz oraindik arrastoak geratzen diren (iaz, esaterako, Nahaste Borraste proban, zakua bizkarrean jarri eta sekulako krakatekoa eman zidan ipurdi inguruan nerbio batek. Hiru aste igaro nituen kilometro bakar bat ere korrika egin ezinik). 2020an pandemia iritsi zen, ondoren nire ebakuntza. Eskuin obarioaren aldamenean konkor bat kendu zidaten, deiomioma bat. Aitortu behar dut gertakari hura mugarria izan zela niretzat. Hemen ere aipatu nuen. Arazoei benetako garrantzia ematen irakatsi zidan, erlatibizatzen, bizitza egun batetik bestera zeharo alda litekeela ikusten. Une gogorretan, goraldi eta beheraldietan, denetan Itziarren dieta oinarria izan da niretzat.
Aitortu behar dut, pertsona maniatikoa naizela. Gauzak nire erara egin nahi ditut beti, ondo edo gaizki, baina nire erara. Eta zorroztasun horrek muturrera ere eraman nau zenbaitetan. Kirolean, lanean, etxean.. Ebakuntza ostean, dena ondo zegoela esan zidaten sendagileek, baina nik erabat puztuta nabaritzen nuen gorputza. Hankak eta sabela batez ere. Han eta hemen galdetu, hau eta beste probatu. Ez nuen bakerik izango neure gorputza lehengora itzuli arte. Hainbat modutan saiatu nintzen. Eta azkenean, bizitzan beste arlo askotan bezala, denbora izan da sendabiderik onena. Alperrik zen tematzea, kasu hartan, gorputzak markatu zuen erritmoa. Baina orduan ere, Itziarrek elikaduran egindako egokitzapen txikiekin, aldaketa handiak nabaritu nituen gorputzean.
Balaitous
Adibide bat baino ez da, azaltzeko, elikadurak uste baino askoz eragin handiagoa daukala gugan. Elikaduraz gain, gauza asko zaindu behar dira, noski: osasun mentala, ariketa fisikoa, lasaitasuna, estresa, pentsamendu positiboa, loa, bizimodu ordenatua, konstantzia... Baina ez al dago dena lotuta? Nik behintzat hala uste dut. Eta bai, nik ere ezagutzen dut, atal horiek guztiak kaosean edukita ere, osasuntsu dagoen jendea (kar, kar). Baina nigan, bederen, ez du funtzionatzen. Bizimodu ordenatuaren barnean elikadura dago niretzat, beste hainbat gauzarekin batera. Eta beraz, hori lortu ezean, beste guztia kolokan jartzen zait. Estres egoera batean, emozionalki ahul edo baju gauden une batean, nori ez zaio gertatu, gehiegi, gutxiegi edo "gaizki" jatea? Lagun batek esan ohi du euskaldunok jan eta edanez konpontzen eta ospatzen ditugula gauza guztiak. Jan eta edan triste nagoelako, jan eta edan pozik nagoelako. Neurriz kanpo jatea, azukrea sendo hartzea, gehiegi edatea. Denori gertatu zaigu. Baina ondoren, zein da emaitza? Nire kasuan bederen, hasierako plazer edo goraldiaren ostean, beheraldia iristen da, antsietatea, pentsamendu ezkorrak, beldurrak... Gurpil zoroa, amaigabea.
Llana Cantal (atzean Balaitous)
Ebakuntza egin zidatenetik, gorabehera hormonalak, anemia eta era bateko eta besteko bakterioak izan dira nire kezka nagusia. Hilerokoan min handia ere bai. Azken batean, ebakuntza hark sistema osoari eragin ziola ulertu nuen, eta horrek denean daukala eragina: gorputzean, sistema inmunologikoan, baita aldartean ere. Urtean hiru-lau aldiz joaten naiz Itziarren kontsultara. Inflamazioak asko egin du behera, eta nahiz beti dagoen zer hobetu, inoiz baino hobeto sentitzen naiz orain.
HILEKOA ETA KIROLA
Neska kirolari askok galdetu didate hilekoari buruz. Nik neuk min handiak izan ditut ebakuntza ostetik. Ohean uzkurtuta egoteraino. Hotzikarak, eztarriko mina eta gaixo sentsazioa. Defentsak erabat ahulduta. Medikuek tratamendu hormonalak proposatu izan dizkidate, ohiko pilula ustez antiinflamatorioak eta beste. Antibiralak ere bai. Itziarrek beti esan dit partxeak direla. Ageriko mina estali baina sakoneko arazoari heltzen ez diotenak (beste patologia askorekin gertatzen den bezala). Egia esan, elikaduran zenbait kontu aldatuta hobekuntza handiak nabaritu ditut hilerokoan. Puntu honetan ezin dut aipatu gabe utzi beste kezka bat: badakit emakume kirolari askok ez daukatela hilekorik. Horrek ez du horrela izan behar. Nik sekula ez dut hilekorik galdu. Egoera horretan baldin bazaude, jo espezialista on batengana. Kirola eginagatik goroutzak bere funtzionamendu naturala behar du izan.
Roland arrakala (Perdido)
Beste kontu garrantzitsu bat: egoeraren eta beharren arabera azken urteetan dieta aldatu dugun arren, oinarrizkoa ez da aldatu, eta hori funtsezkoa da niretzat. Jakitea norberari zerk egiten dion kalte eta zerk on (eta kalte egiten digun hori irensten dugunean ere, modu kontzientean egitea). Oinarrizko dieta bat edukitzeak lagundu egiten du ohiturak hartzen, egunerokoan txertatzen. Jatea ez dadin izan arazo. Gastronomia euskaldunon ezaugarria da, gure nortasunaren parte. Jatea gustatzen zaigu, eta badakit jende asko ez dela dieta aldatzen ausartzen, zaila delako egunerokoan eustea, ez dugulako konplikaziorik nahi. Oinarrizko dieta bat edukitzea oso lagungarria da ohitura osasuntsuei eutsi ahal izateko.
Orain arte aipatu dudan guztia garrantzitsua iruditzen zait, hemendik aurrerako zenbait kontu uler daitezen. Eta saiatuko naiz azaltzen, zergatik kendu ditudan azkenaldian elikagai batzuk:
- Aldaketa nagusia glutena eta esnekiak kentzea izan da niretzat. Oinarrizko aldaketa, ezinbestekoa, jaki inflamatorioak direlako. Aldea izugarria da. Tripetako mina, beherakoa, puztutasuna... denak desagertu dira horiek biak kentzean. Baina zelako zaila, hasieran, ogi goxo bati edo Idiazabal gaztari ezetz esatea! (kar, kar). Hala ere, jogurt begetalak, gazta beganoa eta glutenik gabeko ogi goxoak ere aurkitu ditut. Hemen nire errezeta batzuk.
- Txokolatea. Itziarrek hasiera-hasieratik esan zidan, noski, jatekotan, beltza izan behar zuela. Esnedunak inflamatu egiten duelako, eta ondorioz, kalte egiten dielako tripei. Garai bateko Ainhoak jaten zuenarekin alderatuta asko murriztu nuen, baina hala ere, tarteka bonboiren bat, ondoren gatzdun txokolatea... Ekar dezagun gurpil zoroarena txokolatearen adibidera. Gutxi-asko, denok dakizue nire lana zertan datzan. Ni berez naiz urduri samarra, eta lanean ere, urduri jartzen naiz. Bada iaz, txokolatea eramaten hasi nintzen meriendarako. Erdi beltza, baina txokolatea. Eta gertatu zen: nahiz gose sentsaziorik izan ez, buruak bazekien gozokia poltsan zegoela, eta bakerik ez jan arte. Gurpil zoroarena: meriendan jaten hasi, ondoren bazkalondoan zatitxo bat, eta azkenean afalostean ere bai. Ondorioak: zenbat eta gehiago jan, orduan eta gehiago nahi, lotia izan arren aktibatuta sartu ohean... Ez nuen horrela jarraitu nahi, baina ez nekien nola eten. Uda aurretik, maiatzaren 31n joan nintzen Itziarrengana. Kontsultatik atera eta txokolatea bazter uztea erabaki nuen. Ia lau hilabete dira batere txokolaterik gabe. Zaila da hitzez azaltzea nolako aldaketa nabaritu dudan: antsietatea eta urduritasuna zeharo murriztu zaizkit! Gose sentsazioa orekatu, gose psikologikoa apaldu. Jan gabe nagoenean, edo ariketa fisikoa egin ondoren gosea izaten dut, baina gose hori ez dago lehen bezala nire egoera emozionalari lotuta. Izugarria. Beheko bideoan ikus dezakezue Itziarrek gaurko kontsultan esandakoa. Txokolatearen inguruan ere bai. Pernandoren egia, baina nork bere azalean probatu arte, itsu egiaren aurrean.
- Kafea. Zelako usain goxoa daukan kafeak, ezta? Bada, izorrai. Hesteak irritatzen ditu. Hasieran kosta egiten da kentzea, baina gerora, onura handiak dauzka. Kulturala dela ere ohartu naiz. Niretzat ez da zaila izan, baina inguruko askok buruko mina ere izan dute kafea hartzeari utzi diotenean, edo kopurua murriztu dutenean. Abstinentziaren ondorioak. Une hori gaindituz gero, murriztu egiten da kafearekiko mendekotasuna.
- Solanazeoak: Itziarrek hasieratik esan zidan barazki solanazeoak ez direla egokiak nire hesteentzat, irritatu, handitu egiten dituztelako.
Hortaz, tomatea, alberjinia eta piperrak dietatik kentzea gomendatu zidan.
- Odolostea: Anemiaren kontuan, nire kasuan gakoa izan da azken urte eta erdian odolostea egunerokoan txertatzea. Bai, bai, odolostea! Itziarrek proposatu zidanean, adarra jotzen ari zitzaidala pentsatu nuen. "Carne roja?", esan nion. "No, sangre", esan zidan. Egunero jaten dut zatitxo bat, bazkaritan. Gainera, izugarri gustatzen zaigu etxean, zelako zortea!
- Alkohola: edari alkoholdunak, oro har, ez dira onak inflamatu egiten dutelako. Hartzekotan, ardo zuria edo beltza hobe, gorriak azukre gehiago omen du. Bestela, glutenik gabeko garagardoa edaten dut.
Aneto (Mahoa pasabidea)
Udako oporretan, aste zoragarria igaro dugu gurasoek eta hirurok Alpeetan. Baldintza bakarra jarri nien: nik neuk kozinatzea. Aita sukaldari petoa da, baina nik zer, nola eta zergatik jaten dudan ikustea nahi nuen. Aste zoragarriari ginda jartzea bezala izan da. Gurasoak nik prestatutakoa gustura jaten ikustea! Opari bat. Hori ikusita, animatu naiz, une honetan, zer eta noiz jaten dudan azaltzera.
Kontuan hartu hau nire beharretara egokitutako elikadura dela, mila faktoreren arabera aldatzen dena. Belaunetako inflamazioa da orain gure erronka. Urte askoan sufrituta, pixka bat kronifikatu egin dela dio Itziarrek. Korrika asko egiteak ere ez du laguntzen, baina jana ezinbestekoa da honetan ere. Saiatuko naiz otordu bakoitzerako aukerak ematen, eta nola prestatzen ditudan azaltzen.
Lehenik eta behin, taula orokor bat, Itziarrek paziente gehienei jartzen diena. Jarraibide orokorrak dira, baina ondoren, norberaren beharretara egokitzen ditu:
JAKI EZ GOMENDAGARRIAK | JAKI GOMENDAGARRIAK |
• Azukreak, gozagarria edo zapore gozoa daukaten produktu eta jakiak (azukrea, sakanrina, eztia, dextrosa, ziropak, freskagarriak, tomate latak, gosaritarako zerealeak, gozokiak eta opilak, postreak, izozkiak. Txokolatea • Esnekiak (jogurtak, gaztak, natak…) • Haragi gorria, haragi zukuak eta aterakinak, tripakiak, hestebeteak, arrain urdina, mariskoa, kontserbak. • Artoa • Frijituak, ogi-birrinetan pasatutako (rebozatuak, enpanatuak). • Irin finduak (garia…) (pasta zuria, ogi zuria…). Opilak, gailetak… • Glutendun zerealak (garia, espelta, garagarra, zekalea, oloa, kamut) • Latakoak, poteak, jaki prozesatuak. • Fruta: laranja, marrubiak, sorbitol askokoak (aranak, gereziak, aranpasak) gorputzak ondo asimilitzan ez dituenak. • Barazkiak: Tomatea, piperra, alberjinia, zainzuriak, txanpiak, oxalatoak (hosto berdekoak, apioa, arbia, erremolatxa, zerbak, espinakak). • Gasdun edariak, zukuak, edari komertzialak, pizgarriak. • Alkohola, kafea, tea. • Fruitu lehorrak eta haziak • Dilistak • Legamiak: ogia, pizza, salda pastilak. • Gatza | • Glutenik gabeko zerealak: amarantoa, mijo, arroz integrala, kinoa, arto beltza • Animalia proteinak: arrautza (hobeto galeper arrautzak), arrain zuria 3-4 aldiz astean, indioilar bularkia (≥ 90%). Haragi zuria, astean behin. • Jaki feskoak eta industrializatu gabeak. Zenbat eta manipulazio gutxiago, hobeto. • Arroz edariak (azukre gehigarririk gabe). • Teinarik gabeko infusioak: jengibrea, asuna, curcuma, arto estigma. • Fruta 3-4 pieza gehienez egunean. Osorik eta ordu tarteetan ahal dela. Granada, ahabiak, mugurdiak. • Barazkiak: denak, unean-uneak komeni ez direnak izanezik. Bereziki ondo orain mingotsak (endibiak, errefauak-rabanitoak, rukula, eskarola) desintoxikazio hepatikoa areagotzeko. • Lekaleak: tolerantziaren arabera barazkiekin (astean 2-3). Onik egiten ez badigute, lekale-pasta jan, edo lekaleak pure eginda. Denak, dilistak izan ezik (noizean behin, hesteei kalterik egiten ez badiote). • Oliba olioa, hotzean erauzitakoak. • Shiitake perretxikoak • Bizigarriak: curcuma, jengibrea, erromeroa, iltzea, kanela... |
Ezkerreko jaki batzuk noizean behin jateak ez dio inori kalterik egiten. Gogoratu, denean bezala, elikaduran ere, oreka da kontua.
Hauek dira nire otorduak, osagarriak eta gomendioak (gogoratu, nire bizimoduaren, beharren, gabezien eta kirolaren arabera eginiko dieta da):
• Debekatutakoak: esnekiak, frijituak, azukreak, gozagarriak, prozesatuak, alkohola, glutena.
• Ahal den neurrian saihestekoak: histaminadun jakiak: gaztak, frijituak, laranja, marrubiak, kiwia, anana, banana, papaia, tomatea, piperra, alberjiia, mariskoa, txerria, ahuakatea, alkohol fermentatua, eztia (Manuka ere ez), tea, kafea. Fruitu lehorrak. Txokolatea. Hala ere, hauetako batzuk kantitate txikian sartu dizkit, dieta aberatsagoa izan dadin. Histaminaren arazoa kantitatea izaten ohi da, gibelak kanpora dezakeena baino gehiago jatea.
• Oro har, egunean bi litro ur edateko gomendioa. Tarteka, mikrobiotaren eta bestelakoen arabera, ur minerala ere bai, kloroa saihesteko. Gasdun ura ere gomendatu izan dit tarteka, hesteetako bakterioren bat hiltzeko...
Gorbeian lanean
GOSARIA
-Baraurik, itsasoko ur txupito bat eta sagar ozpin txupito bat. Urteak daramatzat ohitura honekin. Itziarrek esan dit, honek lagundu duela uteroko inflamazioa murrizten. :-) Tarteka, ahoa coco olioarekin garbitzea ere gomendatu dit, mikrobiota, bakteriak eta flora hobetzen omen ditu. (Coco olioari buruzko informazio gehiago hemen). Pomelo zati bat jateko ere esan izan dit, c bitamina eta kaltzioa behar izan ditudanean.
-Era guztietako infusioak gomendatu dizkit gosaritarako (baita egunean zehar edateko ere), beharraren arabera: te kukicha, kuzu eta umeboshi izan zen hasiera-hasieran jarri zidana (ikusi hemen nola prestatu). Orain, oso gustura ari naiz hartzen, salbia, jengibrea, curcuma, pipermina eta limoi ura. Yogi tea delakoak ere ondo. Erromeroa, arto estigma, ezkaia, kamamila....
Hainbat aukera:
🥛Coco jogurta+ahabiak+mugurdiak. Brasileko 2-3 intxaur. Coco olio koilarakadatxo bat +liho olio koilarakadatxo bat+liho haziak birrinduta+glutenik gabeko zereal puztuak (Cheerios delakoak gomendatu zizkidan. Harritu ere egin nintzen, baina antza, digestio egiten laguntzen dute). Elikagai hauei buruzko informazio gehiago hemen)
50 gramo arroz gorri edo beltz egosita+canela+jengibre hautsa+curcuma hautsa+sagar zatiak. Coco edo olo esnearekin irakin. (Arroz mota ezberdinei buruzko informazio gehiago hemen) Gosari hau oso egokia da lasterketa edo entrenamendu saio gogorren garaian.
Glutenik gabeko ogia, edo artobeltz krepak (errezeta hemen), ahuakatearekin eta oliba olioarekin.
🥛 Batidoa-irabiakia: brokoli zatitxo bat, apio zatitxo bat eta perrexila, liho olioa, Floradix eta ahabi zukua. Batido hau oso aproposa da niretzat anemiari aurre egiteko.
Bachimañako orratza
HAMAIKETAKOA
Ordutegiaren arabera, eta egindako ariketa fisikoaren arabera, hamaiketakoa egin izan dut, edo ez. Hemen, Itziarrek jarritako hainbat proposamen:
Indar ariketak eginez gero: arraultza-zuringoekin egindako tortila
Korrikaldi luzea eginez gero: yuca makilatxoak edo arbendola irinezko krepak, glutenik gabeko oloarekin, ahuakatea eta coco olio pixka bat
Fruta: mango, gereziak, ahabiak, mugurdiak...
Batidoa: olo esnea eta banana bat birrindu eta kanela pixka bat gehitu (oso goxoa geratzen da!).
Niri, orain bertan, oso ondo doakit brokoli batidoa hamaiketakoan hartzea.
Palas (atzean Balaitous)
BAZKARIA
Bazkaldu aurretik, baso bete ur, limoi-ur eta sagar-ozpin tanta batzuekin.
Entsalada: errukula, ardi-mihiak (kanonigoak), endibiak, rabanitoak, gazta begano pixka bat, ahuakatea, berakatz beltza, gomasio, arrautza egosia, olibak, patata egosia... Aliñoa: oliba olioa eta limoi ur pixka bat.
Menestra: brokolia, juka (oso ona hormonak orekatzeko), kalabaza, kalabazina, batata, ilarrak... eta odoloste zatitxo bat (anemiarentzat).
Haragi zuria edo arraina
Lekaleak oso noizbehinka
Arraultzak: bakailao edo perretxiko nahaskia, adibidez
Arroza barazkiekin (arroz integrala, gorria edo beltza)
Arroz pasta, dilista gorri, txitxirio edo ilarrena (beti gluten gabekoa)
Gavarnie
ASKARIA-MERIENDA
Hainbat aukera:
Te kukicha, limoi urarekin, curcuma eta jengibrea, askotariko infusioak..
Fruta: banana, sagarra, gereziak, fruitu gorriak, nektarinak...
Coco edo soja jogurtak
Sarrazeno krepak
Sandwich gaziak (glutenik gabeko ogiarekin): tahin, ahuakatea, humusa, indioilarra, berakatz beltza, arraultza egosia, urdaiazpikoa...
Sandwich gozoak: Ghee gurina berakatz beltzarekin, Manuka eztia...
Askotan nik neuk prestatutako pastelen zatitxo bat eramaten dut: sagar pastela, azenario pastela.. datilekin gozatuta
Oloa eta esnea, kanela eta limoi pixka batekin berotuta, oso goxoa geratzen da (arroz esne modukoa)
Sagar egosia edo sagar konpota
- Sagar budina: sagar bat egosi, gehitu arraultza bat eta jogurt eta olo pixka bat. Dena birrindu eta berotu. Kanela pixka batekin oso goxoa.
Aneto
AFARIA
Hainbat aukera:
Batata edo patata barazkiekin
Alga entsalada
Miso zopa arroz fideoekin
Barazki krema
Tortilak eta nahaskiak
Posets
Espigantosa ur jauzia
Fisiogenomica webgunean, informazio asko dauka Itziarrek. Tartean atal hau. Patologia edo gaitz bakoitzaren (errinitisa, alergiak, bizkarreko eta sabeleko minak, bihotzerrea, beherakoa, tentsioa, kolesterola, migrañak...) araberako dieta eredua aurkituko duzu bertan. Zalantzarik gabe, espezialistak zuzenean dieta finkatzea da onena. Baina honelakoek izugarri laguntzen dute, gutxi gorabeherako bat edukitzeko, hasteko, zer falta zaigun eta zertan huts egiten dugun jakiteko.
Mendia bezainbeste ez, baina elikadura ere zaletasun bihurtu zait azken urteetan. Jaki berriak ezagutu, probatu, errezetak bilatu, egokitu, lagunekin partekatu. Han eta hemen begiratu, etiketak irakurri eta aukeratu. Sinetsita nago, Euskal Herrian bezain ondo ez dela inon jaten, eta nik jaten ez ditudan jaki asko, zoragarriak direla. Baina nire kasuan hobekuntza handiak nabaritu ditut batzuk kendu eta besteak txertatuta. Dieta eredu asko daude: barazkijalea, keto dieta, beganoa... Niri Itziarrena doakit ondo, hain zuzen ere, ez delako eredu bakar batera lerratzen, neure beharretara egokitzen duelako. Esan nahi baita, esaterako, niri alberjiniak onik egiten ez badit ere, baliteke beste norbaitentzat onuragarria izatea. Eta abar. Espezialista on asko daude. Dieta aldatu nahi baduzu, espezialista on batengana jotzea da nire aholkua. Artikulu hau lagungarri izango zaizuelakoan, gogoratu... zer jan, hura izan!
Itziarrek argitaratutako liburu, artikulu eta bideo batzuk:
- Joseba Ezkurdia eta elikadura
- Kafea, zukua, garia eta azukrea
No hay comentarios:
Publicar un comentario