Haitzartera abiatu aurretik, Parkeko bihotzean kokatzen den
Lalastra herriko kaleetan murgilduko gara eta horrela, denbora atzera egiteko
eta antzinako tradizioak gogora ekartzeko aukera izango dugu. 1954an, enparantzan
dauden iturria eta askarekin batera eraiki zen ikuztoki zaharra dago. Inguruan dauden
ogi-labea, bolera, errota eta ferratoki bat ere ikus daitezke oraindik. Azken
honen ondoan kokatzen da Santa Ana eliza eta bere erloju berezia. Herrian
bertan ere, etnografia museoa (nekazal ohituren erakustokia) dago, udaletxearen
eraikin zaharrean. Museoak ibarraren historia eta ohiturak erakusten dizkio
bisitariari modu ederrean. Lalastrako eskola zaharrak hartzen duen Parketxean, beste
zerbitzuez gain, inguruko bideei buruzko informazioa ematen dute.
Parketxearen aurretik ateratzen den pista zabalean zehar
abiatuko gara. Ibilbidea oso ondo markaturik dago. Bide-seinale borobil horiez
gain, egurrezko zutoinetan jarritako seinaleek norabide zuzena aukeratzen
lagunduko digute. Artzaintzaren Bidearen Bide Naturalaren (GR 282) 7. etapako
zati bat ere partekatzen du. Berehala hesi bat pasa eta zuhaitzen arteko bide
erosotik aurrera egingo dugu.
Mendi-mazelako zelaiak inguratuz, eskualdeko fauna eta flora ezagutzeko
ibilbide didaktikoaren bide-seinalea ezkerrera utzi eta maldan behera
jarraituko dugu pinudian murgilduz.
Basoa maldan behera zeharkatzen duen xendatik berriro pistara
aterako gara, Puron ibaiaren ibilguaren ondora jaitsiz. Egurrezko zubi batek,
ibaia zeharkatzen lagunduko digu eta aurrerantzean, ibaiaren uren soinua lagun
izango dugu. Aurrerago, egurrezko hesi bat zeharkatu, eta jendez hustutako
Ribera herriaren hondarren ondora ailegatuko gara. Azken hamarkadetan hutsik
egon den herriaren goiko aldean, San Estebani dedikatutako eliza dago. 80ko
hamarkadan, estilo gotikoko horma-pintura batzuk aurkitu ziren, Bibliako
hainbat gai irudikatzen dituztenak, hala nola paradisutik kanporatzea. Elizako
erretaula duela berrogeita hamar urte erreskatatu zuten, eta Arabako Arte Ederren
museora eraman zuten.
Elizatik atsedengunera jaitsi, egurrezko hesia igaro eta,
zelai berde zabal bat zeharkatuko dugu Puron ibaiaren haitzartea ezkutatzen
duen mendien panoramikaz gozatuz. Egurrezko beste ate bat atzean utzi eta
basoan sartuko gara. Bidezidor batetik jaisten jarraituko dugu ibaiaren
ibilguaren ondora berriro heltzeko. Ondoren, egurrezko ate bat zeharkatu eta
Puron ibaiaren haitzartearen lehen pasabide estuan barneratuko gara.
Harkaitzezko hormari itsatsita, ur-jauzi batzuetatik amildegiaren hondoraino
amiltzen diren ur berdeen ibilbide zorabiagarriari jarraituz gozatuko dugu.
Pasabide hori
zeharkatu eta kareharrizko paretaren ondoko bidezidor batetik jarraituko dugu.
Ezkerrera, Puron ibairaino jaisten den egurrezko eskailera piko bat ikusiko
dugu. Behera iristean putzu bat eta ur-jauziaren panoramika bikaina aurkituko
ditugu, haitzartearen lehen urratsetik sortzen dena. Gero, bidera igoko gara
berriro, eta horma harritsua inguratzen jarraituko dugu.
Mendiaren hegalean
dagoen pinudia zeharkatu, harrizko zubi bat igaro eta ibaiaren haitzartearen
bigarren pasabidera helduko gara. Ia elkar ukitzen duten kareharrizko bi hormen
artean kokatuta dagoen pasabide metaliko hestu batetik aurrera egingo dugu
inguruaren edertasunaz gozatuz. Haitzartetik ateratzean, ezpel artean marrazten
den bidezidorretik, El Chorro ur-jauziaren ondora iritsiko gara. Hemendik beste
bi kilometro bete beharko genituzke Burgosko Herran herriraino jaisteko, baina
etorritako bidetik atzera egin eta abiapuntura itzuliko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2023/02/puron-ibaiaren-haitzartea.html
Hai
No hay comentarios:
Publicar un comentario