viernes, 7 de abril de 2023

Putzubeltza ur-jauzia

 


Bera, Lesaka, Igantzi eta Etxalar herriekin batera, Bortziriak osatzen duen Arantza herria izango dugu ibilaldi zirkular honen abiapuntu. Herria eskualdeko menditsuena da eta, udaberria heltzearekin batera, inguratzen duten mendien magalak harizti, pagadi, garo leku eta belardi ederrez janzten dira haraneko benetako protagonistak bihurtuz. Eta horien guztien artean gorderik, Putzubeltza ur-jauzi ederra dugu.

 


Herritik ur-jauzia dagoen ingurunera heltzeko  kotxez gerturatzea debekatuta dago, beraz herriko sarreran dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Etxe ederren artean lehen urratsak eman eta berehala iritsiko gara Arantzako aterpera. Honen ondoan, egurrezko zutoin batean idatzita, Putzubeltza UB (seinale zuri-urdinak) eta Azkilarrea SL-4 (seinale zuri-berdeak) ibilbideen informazioa izango dugu. Alanbrezko hesiaren paraleloan marrazten den xendatik erraz egingo dugu aurrera. Hasieran belardi artean eta gero, haritz, urritz eta gaztainondoez osatutako basoan murgilduz, Azkilarrea auzora iritsiko gara. Puntu honetan, SLaren seinaleak utzi eta soilik marra zuri eta urdinak izango ditugu bide erakusle. Porlanezko bidean, eskuinera jaisten dena utzi eta ezkerrekoa aukeratuko dugu.

 


Arruneko bordaren gainetik zabaltzen den bide erosoan zehar, berehala iritsiko gara ibilbide honetako lehen bidegurutzera. Eskuinera zuzentzen den pista zabaletik, Xenborda aldera jaisten dena hartuko dugu.  Bide-seinaleek erakusten diguten norabidean jarraituz, altuera galtzen hasiko gara eta azken malda jaistean, errekaren ondoan dagoen Beraskun baserrira ailegatuko gara. Egurrezko seinaleak eta marra zuri-urdinek ezkerrera hedatzen den lurrezko pista hartzera gonbidatuko gaituzte. Harana estutuz joango da, eta oraindik haritz eta gaztainondo gutxi batzuk ikusi arren, pagoek protagonismoa hartuko dute sakanaren hondora gerturatzen goazen heinean.  Errekaren paraleloan zabaltzen den bidetik zazpiehun bat metro bete ostean, Putzubeltza ur-jauziaren ondora helduko gara. Ibilbidea egitea erabakitzen den urte sasoiaren arabera ikusgarritasuna desberdina da. Garaiarik egokiena udaberriaren hasiera da, orduan isurtzen du ur-emaririk handiena.

 



Ur-jauzia eta bere inguruan dauden parajeez gozatu eta gero, abiapuntura itzultzeko etorritako bidetik Beraskun baserrira bueltatuko gara. Ibilbide ofizialak ur-jauziraino etortzeko erabili dugun bide berberetik egitea proposatzen digun arren, errekaren paraleloan zabaltzen den pistan zehar aurrera egingo dugu errepidera heldu arte. Puntu honetan, Aientsa auzora igotzen den errepidetik kilometro bat beteko dugu maldan gora, Etxeberria baserriaren ondoraino. Metro batzuk lehenago egoera kaskarrean dagoen karobi bat ikusiko dugu. Hemen errepidea utzi eta eskuinetik jaisten den belarrezko maldan zehar Ostolo baserrira helduko gara.

 



Gertu dagoen galtzadak erreka gainditzen lagunduko digun zubiraino eramango gaitu eta beste galtzada zabalago batek herriguneraino igotzeko azken malda pikoari aurre egiten lagunduko digu. Harrizko bi zubitxoen azpitik igaro eta herrigunera iritsiko gara. Galtzada desberdinek, Arantzako Aientsa, Bordalarrea, Eguzkialde eta Azkilarrea auzoetako baserriak herrigunearekin lotzeko eraiki ziren. Galtzadaz gain, ezagutzea merezi duten beste zenbait eraikin zibil eta erlijioso daude: herriko eraikinik zaharrenetarikoa den XV. mendeko Aranibarko dorretxea,  XVI. mende hasierako eraikin ederra den Apezenea, XVIII. mendean egin zen Herriko Etxea, 1567. urtera arte, Baionako elizbarrutiaren mende zegoen Jasokundeko Andra Mariaren eliza eta antzinako ikuztegiak.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2023/03/putzubeltza-ur-jauzia.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario