sábado, 22 de abril de 2023

Lapuebla de Labarcako begiratokiak

 

Lapuebla de Labarcako herriaren inguruan dauden mahastien artean ibili gara. La Poveda aldera zuzentzen den errepidetik aurrera egin eta berehala, herriko azken etxeak atzean utzita, eskuinetik El Bu izenez ezaguna den gainera igo gara. Eskuinetik marrazten den xenda  ikusezin batetik altuera irabazi dugu Las Hoyas izeneko ordokira igotzeko.

 


Mahasti ederren artean ibiliz iritsi gara lehen begiratokira, Balbinorena hain zuzen ere. Balbinoren begiratokitik Ebro ibaiak mahastien artean marrazten duen ibilbidearen ikuspegiaz gozatu eta gero, mahastien artean zabaltzen lurrezko pistatik Eltziegora doan errepidera atera gara.

 


Errepidea gurutzatu eta aurrez aurre ikusi dugun malda pikoari ekin diogu Misamayorreko gainera heldu arte. Bertan, mahastien artean, mahastiak ureztatzeko erabiltzen ur-baltsa handi bat ikusi dugu. Honen eskuinetik jarraitu dugu eta berehala jaitsi gara lurrezko pista zabal batera eta bertatik Lapuebla de Labarcako upategi zaharrak kokatuta dauden ingurura.

 


Upategi zaharrak atzean utzita, herriko Andra Maria Jasokundearen elizaren ondora jaitsi gara, eta herriko kale zaharretatik beherantz jaisten jarraitu dugu Los Caños iturriaren ondora ailegatu arte. Hemen, xenda txiki bat hartu eta berehala iritsi gara lurrezko malda zabal batera. Gorantz egin dugu eta errepide txikra heltzean, eskuinetik mahastien artean murgildu gara lurrezko bidean barna.

 


Denbora gutxi behar izan dugu San Gines izena duen begiratokira ailegatzeko. Bertatik, Ebro ibaiaren eta honen gainean kokaturik dagoen Lapuebla de Labarcako ikuspegi ederraz gozatu dugu. Panoramika honetaz gozatu eta gero, errepidera itzuli gara eta bertatik berriro itzuli gara abiapuntura, El Planora, herriko plazara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2023/04/lapuebla-de-labarcako-begiratokiak.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario