Izki, Arabako hego-ekialdean kokatu dagoen Parke Naturala da. 1998an jaso zuen izendapena eta gaur egun 9143 hektareako hedadura du. Ingurune babestu honetaz gozatzeko hamaika zidor eta bide balizatuak aurkituko ditugu, eta bakoitzak, natura eremu babestu honek bere erraietan izkutatzen dituen sekretuak erakutsiko dizkigu. Basoz eta harkaitzez janzten diren lur hauetan, Europako baso kontserbatu eta zabalenetako den Quercus pyrenaica (ameztia) nagusia izan arren, bestelako zuhaitz motak ere ikusiko ditugu, hala nola, pagadiak, haltzadiak, urkidiak, hariztiak, ezkameztiak… Bioaniztasun handia duen eremu honetan kokatzen da Korres herria, Izkiko Parke Naturalaren barruan dagoen gune bakarra eta oraindik harresien eta gazteluaren zati bat kontserbatzen duena.
Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa ere bertan dago eta honen ondoan
dagoen aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular honi. Itzulia
burutzeko, ondo seinalatuta dauden bidezidor desberdinetatik ibiliko gara.
Herriko kale nagusitik aurrera egin eta berehala helduko gara, herriko Done
Eztebe elizaren ondora. Porlanezko bideak kanposanturaino eramango gaitu eta
hau atzean utzi eta gero, pista zabala jarraitzea besterik ez dugu izango.
Muela eta Peña del Santoren mendien ikuspegi zabala bezain ederra izango dugu
basoan murgildu aurretik.
Pixkanaka altuera irabaziz egingo dugu aurrera. Bidegurutzera iristean,
Antoñanako bidea erakusten duen egurrezko seinaleak erakutsiko digu hartu
beharreko norabidea. Pista zabala bidezidor erosoa bihurtu eta berehala baso
trinkoaren bihotzean sartuko gara. Bide eroso honek, Korres eta Antoñanako
lurrak bereizten dituen langaraino eramango gaitu. Soilaren magalean marrazten
den xenda erosoan zehar jarraituko dugu, erkamezti, ezpel eta pago artean, eta
aurrerago, gure eskuinera, ikusgaitz den beste xenda batek behatokiraino
eramango gaitu. Haitz baten gainean dagoen talaia paregabe honetatik gertu
Gaztelua haitzen pareta tzarrak altxatzen dira. Hegaztien hegaldiak behatzeko
leku aproposa.
Bide nagusira itzuli eta jaisten jarraituko dugu, Antoñana eta Bujanda
herrietako bideak elkartzen diren punturaino. Hemen, Antoñanakoa utzi eta
eskuinera zabaltzen den Bujandakoa hartuko dugu. Hemen utziko ditugu ere,
Korresetik atera garenetik bidelagun izan ditugun GR 282ren (Artzaintza
Naturbidea) arrastoak. Bidegurutze honetatik urruti ez badaude ere, eta aukera
izanez gero, merezi du ehun urtetik gorako hagina eta gertu dagoen ezkia
ezagutzea.
Lurrezko pistatik aurrera egin eta erraz galduko dugu altuera Izki errekara
gerturatuz. Ibilaldi honen azken zatiari ekin aurretik, ezker aldetik jaisten
den zidor txiki eta estu batetik jaitsiko gara Aranbaltzako urtegia ezagutzeko.
Bere uretan dauden ihiek eta islatzen diren harkaitzen postal ederra erakusten dute.
Bide nagusira itzuli eta Izkiko sakanetik gora egingo dugu herriraino iristeko
azken aldapari aurre eginez. Erdi Aroko kaleez eta herribilduaren aztarnak
bisitatu eta gero, Interpretazio Zentroa ezagutzeko aukera baliatuko dugu.
http://askemikel.blogspot.com/2022/08/antonanako-behatokia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario