miércoles, 8 de mayo de 2019

Artikutzaren erraiak V: Urdallueko harana



Artikutza
Frontoiaren ondotik doan bidea hartu eta ezkerretik ateratzen den pistatik, Enobietako urtegirako norabidea hartuko dugu. Aurrera jarraitu eta bihurgune nabarmen batera heltzean, langa igaro eta eskuinera hartuko dugu errekaren ondoan dagoen zubitxora iristeko. Hau pasa eta ezkerrera hartu behar da, errekaren ondotik metro batzuk betez. Bide zaharra Otarango pagadian murgiltzen da sigi-sagan altuera hartuz.
Otaran
Enbor luzeko pago gazte askok osaturiko pagadi ikusgarri bezain eder honetan murgildurik, orbelak lurra erabat estaltzen du eta tarteka bidea ikusgaitza da. Pagaditik ateratzean, Goizarindik  Beltzuntzera doan pista batekin egingo dugu topo. Metro gutxi batzuk aurrerago, berriz, ezkerrera hartu behar da Urdallueko pagadian barneratzen den beste xenda bat jarraituz. Pago enborrean marka gorri bat ikusiko dugu.
Burdinola
Pagadia zeharkatzen duen bidezidorra segituz, laster sakanaren hondora helduko gara. Enborrez eratutako zubitxo bat zeharkatuko dugu beste aldera pasatzeko. Urdallueko burdinola eta baserri-multzo zaharraren aztarnekin aurrez aurre egingo dugu topo. Denboraren poderioz, natura pixkanaka eraikin hauek guztiak estaliz joan da eta egun zail samarra gertatzen da eraikin horien egitura osoa nabarmentzea.
Ubidea
Baserri-multzoa utzi eta sakanaren ezker aldeko mendialdetik doan bide zabala hartuko dugu. Berehala, Lapurzulo izenez ezaguna den meatzal ingurura iritsiko gara eta aurrerago, garai batean Ollagarate errekatik Lizarurdiñetako deposituraino ura garraiatzen zuen ubide bat aurkituko dugu, honek herritik gertu zegoen zentral bat elikatzen baitzuen. Bidea, ubidearen ondotik doa depositura iritsi arte. Segidan Lizarurdiñetatik jaisten den pista hartuko dugu urtegia inguratzen duen pistarekin bat egin arte. Hemendik herrira jaisteko, urtegiaren hormaren ondotik pasatzen den zidorra hartuko dugu, egurrezko hesolak erakusten duen norabidean.

PAGADIAK
Artikutzan ekosistema ezberdinak aurkitu badaitezke ere, pagadiak dira urtegiaren inguruko lurrak estaltzen dituzten komunitate handienak. Hauen azpian eta beraien estaldura dentsoa izaki, lurra biluzik dagoela esan daiteke, orbela eta goroldioa izanik beren biztanlerik ugari eta nabarmenenak. Zenbait onddo ere aurki daitezke ingurune hauetan, baina agian beren tamaina eta hazteko lekuarengatik (pago enborretan) ardagaiak, enbor zaharren apaingarri gisa, ikusgarrienak suertatzen dira. Baina pagadiek mundu oso bat ezkutatzen dute, ekosistema honen oreka mantentzen duten biztanleak ugariak izanik.
Pagadiko hezetasunak zenbait anfibioentzat bizi-baldintza egokiak eskaintzen ditu eta narrastientzat ez badira leku aproposenak gutxi batuk aurkituko ditugu. Hegazti espezieak urriak dira pagadietan eta ugaztunak ere badira inguru hauetan.

Luzera: 6,2 km    Desnibela: 339 m   Denbora:   2 ordu 30’

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 
Klikatu hemen TRAKA (wikiloc)  deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri)  deskargatzeko



No hay comentarios:

Publicar un comentario