Luzera: 5 km
Desnibela: 240 m Denbora: 1 ordu 45’
Eskas
Artikutzako
atezaindegiaren ezkerretik atera, langa igaro eta berehala basoan murgilduko
gara “napar bidea” izenez ezagutzen den
bidea segituz. Bide honen lehen zatian PR NA 125aren marka zuri horiak izango
ditugu bidelagun. Batzutan, enbor luze eta leuna duten zuhaitz gazteak ikusiko
ditugu, bestetan, berriz, adar erori eta zimurrez beteriko zuhaitz zaharrak.
Bakoitzak bere lekua okupatzen baitu espazio erakargarri honetan. Hotsak ez
dira falta ere, txorien kantak ezezik, errekastoen urek orbel eta harrien
gainetik igarotzean inguruari jartzen diote musika. Pinu, pago eta izeien
artean zabaltzen den bidea oso erosoa da eta Burnaiztietako lepora jaitsi
aurretik Burdin Aroko mairubaratza bat (harrespila) ikusi ahal izango dugu.
Burnaiztieta
Artikutza
mugatzen duen hesiaren beste aldean Gaztin borda dago, ehiztarien gordeleku.
Barrutia inguratzen duen alanbrezko hesia gainditu eta norabidea aldatuz,
Galtzarrietako gain aldera joko dugu hesiaren paraleloan. Aldapa pikoa da eta
Domiko urtegiaren aldera dagoen ikuspegi ederraz gozatuz, laster izango gara
tontorrean. Gutunontzia eta metalezko piramide txiki bat granitozko arrokaren
gainean. Aldapa txiki bat jaitsi eta gertu dagoen Bianditzeko gailur aldera
joko dugu.
Bianditz
Hesiaren
beste aldean gorosti ale bikain batzuk han hemen barreiaturik. Belarrezko
tapiza zapalduz gailurrera igoko gara eta bertan, gure mendietan ohikoak diren
elementu batzuk: erpin geodesikoa, gutunontzia, gurutzea eta oroitarri bat.
Hesiaren ondotik segi, aldapa txiki bat jaitsi eta Irumugarrieta izenez ezaguna
den puntura iritsiko gara, Lesaka, Oiartzun eta Goizuetako udalbarrutiek bat
egiten duten tokira hain zuzen. Bertan, Arritxulangañako multzo megalitikoa
aurkituko dugu, hamar mairubaratzez eta bi tumuluz osatuta. Hauen ondoan, lur
hauek garai batean Orreagako Kolejiataren jabegoa zirela adierazten duen
mugarri eder bat.
Iturria
Marka
zurigorriak jarraituz (GR 121), bide erosoak Bianditzeko lepora garamatza,
barrutitik urrutiratuz. Beraz, Artikutzako barrutia mugatzen duen alanbrezko
hesia erreferentzi gisa hartuz, honen paraleloan segi eta aldapa pikoa jaitsiko
dugu. Laster izango gara Artikutzako sarrera adierazten duen kartelaren ondoan,
baina metro batzuk lehenago zintzurra freskatzeko iturri bikain batekin egingo
dugu topo. Errepidean barna aurrera segituz, berehala helduko gara
atezaindegira.
MAIRUBARATZAK
Oiartzungo mendietan eta Nafarroako inguruko herrietan harrespil
mordoa aurki dezakegu. Oiartzunen “Mairubaratzak” izenez ezagutzen dituzte.
“Mairu” hitza euskal mitologiarekin lotuta dago, izen honekin kristauak ez
diren pertsonak izendatzen dira, bataiatu gabeak. Normalean monumentu
megalitiko hauek mendilepo edo muinoetan kokaturik daude, batik bat artzaintza
oso zabaldua zen ingurutan. Esan behar da Bianditz-Oianleku inguruko parajeak
artaldeen joan-etorrien lekuko izan direla mendeetan zehar. Azpimarratzekoa da
ere, Burdin Aroan Euskal Herriko ekialdeko artzainek harrespilak eta tumuluak
eraiki zituztela, errausketa egin ostean, gorpuzkinak ehorzteko eta
mendebaldekoek berriz trikuharriak. Artikutzako lurretan ugariagoak dira
harrespilak, 60tik gora baitaude, baina hauek haranen sakonean baino
barrutiaren zonalde altuetan daude. Trikuharriak, berriz, hiru bakarrik aurkituko
ditugu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu
hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu hemen 3D (ayvri) deskargatzeko
No hay comentarios:
Publicar un comentario