Luzera: 19,5
km Desnibela: 523 m Denbora: 3 ordu 15’
Artikutza
Almandoz
etxearen ondotik San Agustin ermita aldera hartu eta berehala pista utziko dugu
eskuinean dugun belardia zeharkatzen duen xendari heltzeko. Berehala pinudian
sartuko gara eta sigi-sagan urtegiaren hormatzarraren ondora iritsiko gara.
Bertatik izango dugu ikuspegirik zabal eta ederrena. Xenda jarraituz urtegia
inguratzen duen pistara helduko gara. Parez pare Izura igotzeko PR NA 125aren bide-seinale
zuri-horiak atakan margoturik ikusiko ditugu. Pagolletaraino bidelagun izango
ditugu.
Lizarurdiñeta
Langa igaro
eta aldapa malkartsu bati aurre egingo diogu eta lehen izerdi tantak kopetatik
isurtzen hasi orduko pistara helduko gara. Ezkerrera hartuz gero, berriro
urtegiko pistara jaitsiko ginateke, beraz gorantz joko dugu. Aldapa pikoak ez
du etenik. Pagadi eta pinu gorrien basora iristean bidea zertxobait leundu
egiten da eta tarteka txondor plaza batzuk ere ikusiko ditugu. Gorago,
landaretzak ezkutatutako eraikin megalitiko batzuk atzean utzi eta bidegurutze
batera iritsiko gara. Ezkerrerantz joz gero, pagadi bikain bat zeharkatuz
Pagolletara jaitsiko ginateke, eskuinera, berriz, Barazar aldera. Guk aurrean
dugun bidezidorrari eutsiko diogu eta tontorrera, Izu aldera abiatuko gara
azken maldari ekinez.
Izu
Bost minutu
eskas beharko ditugu alanbrezko hesiaren beste aldean dagoen Izuko gailurra
zapaltzeko. Parez pare Mendaurko tontor bikaina eta honen ondoan Mendieder.
Arantza herriaren eta Arrata errekak zeharkatzen duen haranaren ikuspegi
ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Ikusmenari gozatua eman ostean, hesiaren
ondotik doan zidorra segituko dugu eta berehala iritsiko gara basora.
Amekorrungo atakaren ondoan berriro Artikutzako barrutian murgilduko gara eta
pagadian aurkituko dugun orbela zapalduz erraz jaitsiko gara Pagolletara.
Pagolleta
Basotik
atera eta Pagolletara iristean Orreagaren garaiko mugarri bat ikusiko dugu, eta
honen atzean, barrutitik kanpo, trikuharri baten aztarnak. Leku honetan
egurrezko hesola batek norabide desberdinak erakutsiko dizkigu. Hesia
zeharkatuz gero, Igantzi-Lesaka aldera jaitsiko ginateke, aurrera segituz
Eskaseko atezaindegira eta ezker aldera jaitsiz gero, Enobietako urtegira. Guk
azken hau aukeratuko dugu abiapuntura itzultzeko. Ez dugu bide-seinalerik
ikusiko baina oso bide egina da eta pagadian zehar berehala izango gara,
Urgurutzen. Puntu honetatik Artikutzara bueltatzeko urtegia inguratzen duen
pista jarraitu behar dugu (ikus 3. ibilbidea).
ORREAGA
XIII.
mende arte ez ditugu lehenengo erreferentzi historiko idatziak aurkituko eta
horietan, antzina lurralde hauek Orreagako Errege Etxe eta bere Ospitale
Orokorraren menpe egon zirela aipatzen da. Egun, barrutiaren hainbat lekutan
Monasterio ospetsuaren irudia den makulua landurik duten zenbait mugarri ikus
ditzakegu. Ehun mugarritik gora mantentzen dira oraindik. XIX. mendean Mendizabal eta Esparteroren
Desamortizazio legearen arabera lurralde hauek besterenduak izan ziren eta
ondorioz, hurrengo urteetan jabez maiz aldatu ere.
Beraz,
esan daiteke, XIII. mendetik XIX. mendera arte barruti osoa Orreagako Santa
Maria Kolejiata Errealaren eskutan egon zela eta garai horietan eman zela
Artikutzako balore naturalen ustiaketarik handiena, mende horietan sortu baitziren
burdinaren metalurgia gunerik garrantzitsuenak. Ikazkinek, artzainek,
karobigileek eta burdingintzan aritzen zirenek jabeei errenta ordaintzen zieten
lur horien ustiaketaren trukez.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu
hemen TRAKA (wikiloc) deskargatzeko:
Klikatu
hemen 3D (ayvri) deskargatzeko
No hay comentarios:
Publicar un comentario