Gipuzkoa osoari bira ematen dion ibilbide luze hau
etapa desberdinetan banaturik dago. Etapa horietako bik Aiako Harriko osatzen
dira, ekosistema desberdinak ezagutu, tontor nagusien magaletatik igaro,
estazio megalitiko ugari eta ekonomia-jarduera desberdinek utzitako arrastoak
ezagutzeko aukera eskaintzen dutelarik. Lehen etapa Ugaldetxo eta Aritxulegiko
tunelaren artean zabaltzen da, bigarrena, berriz, Behobiaraino. Epai hitzak
esanahi desberdinak ditu eta horien artean mendilerroa eta mozketa. Ibilbide
luze honek hortik hartzen du Epaibide izena, alde batetik mendilerro ugari
gurutzatzen baititu bere itzuli osoan eta bestetik, lur hauetako biztanleek
etxerako egurra moztu egiten dute, epaitza eginez alegia.
Hernaniko Ugaldetxo auzoan etapa honi hasiera eman
eta berehala maldan gora jarriko gara.
Lizarregiko zabalera iristean, Urdaburuko magalean zehar hedatzen bide
zabaletik Pagosardeko atsedenguneraino helduko gara. Bide nabarmenak
Malbazarreko gurutzebideraino eramango gaitu eta hemen, eskuinetik igotzen den
aldapatik abiatuko gara. Puntu honetan, Mendibai ibilbide luzearen (GR-285 E04)
4. etaparekin bat egingo dugu Aritxulegiko tuneleraino.
Altuera
galtzen hasita eta Aiako Harriko parajetan murgildurik, Zariako tontorrera
igoko gara eta gero, Kausoroko lepotik Munagirrekora iritsiko garelarik. Gertu
dagoen Bianditzeko lepora jaitsiko gara eta hemendik Hirumugarrieta edo
Harritxulangañako parajeetara. Hamar mairu-baratz eta bi tumulu dituen multzoa
aurkituko dugu, Oiartzun, Goizueta eta Lesakako udal-barrutiek bat egiten duten
tokian. Bertan oso berezia den mugarria, makulua eta gurutzea landuak dituen Orreagako
aintzinako mugarria hain zuzen. Egun, inguru hauetan hainbat lekutan aurki
daitezke, garai batean lur hauen jabegoa noren eskuetan zegoen adierazle dira.
Monumentu megalitikoak eta mugarria atzean utziz, Nafarroako eta Gipuzkoako
lurrak mugatzen duen hesiaren paraleloan Errengako lepora jaitsiko gara eta
gertu dagoen estazio megalitikoa bisitatzeko parada izango dugu. Azken zatia
maldan behera beteko dugu Aritxulegiko tunelera helduz.
Aritxulegiko tunelaren gainetik abiatu eta Aiako Harriko tontor
nagusienak biltzen dituen mazizoaren magaletik hedatzen den xendan barna egingo
dugu aurrera Elurretxeko lepora helduz. Abian jarri bezain pronto,
elur-zuloaren ondotik pasa eta Aireko Palazioa izenez ezagunak diren aurrien
ondora jaitsiko gara, garai batean meategietako bulegoak eta meatzarientzako
ostatu izan ziren edifizioen aztarnak. Goian ikusiko dugun Irufagoeta izena
duen muinoa inguratuko dugu segidan. Hemendik aurrera bidea leuna, oso ibilia
eta nabarmena da eta gertu ikusiko ditugu Erlaitzeko tontorra eta Pagogaña
muinoa. Bide balizatuak San Martzial ermitaraino eramango gaitu eta bertatik
Behobiara jaitsiko gara.
Klikatu hemen
ARGAZKIAK ikusteko
Klikatu hemen
3D (doarama) deskargatzeko
Klikatu hemen
TRAKA (wikiloc) deskargatzeko
No hay comentarios:
Publicar un comentario