sábado, 17 de enero de 2026

Urraki, Beleku eta Illaun

Powered by Wikiloc

 


Hiru dira Urrakiko mendigunea osatzen duten mendiak. Altuena, iparraldean kokatuta dagoen  Urraki da, erdikoa, berriz, Beizama aldera amiltzen diren harkaitz-ebakien gainean dagoen Illaun, eta azkena, hiruetatik apalena den Belekuko tontorra. Ibilbide zirkular honek, Bidania-Goiatz herritik abiatu eta hiruak lotzen ditu. Bidean, Hernio-Gazume, Izarraitz Aralar, Aratz-Aizkorri eta Anbotoko ikuspegiez gozatzeko aukera izango dugu.

 

Bidaniako San Bartolome eliza

Udaletxea

Bidaniako San Bartolome elizaren aurreko plazatik atera, kontzeju jatetxearen ondotik pasa eta Goiatz aldera abiatuko gara. Agerre-Azpi etxadia zeharkatu, eta, Urrakira zuzentzen errepidera atera eta gero, gertu dagoen Goiatzera helduko gara. Andra Maria Jasokundearen elizaren parean, errepide nagusia utzi eta eskuinetik ateratzen den asfaltozko bidetik jarraituko dugu. Lizardi baserria atzean laga eta kanposantuaren ondora ailegatuko gara.

 

Bidania eta Hernio

Goiatz

Goiatz barreiatutik gora eginez, ukuilu eta bestelako itxituretan dauden abere mota desberdinak ikusiko ditugu. Bidegurutzean, ezkerretik egingo dugu aurrera, eta, Lete baserriaren ondora ailegatzean, bide zabala utzi eta eskuinetik zabaltzen den lurrezko bidetik igotzen jarraituko dugu. Bide tarte honetan, galtzada zaharraren arrastoak ikusiko ditugu. Altuera hartzen goazen heinean, Hernio-Gazume gailurreriaren eta Izarraitzeko mazizoaren ikuspegi zabala izango dugu.


Hernio eta Gazume

 
Hernio eta Gazume

Artadi ederren paraleloan marrazten den zementuzko pistak Urrakira doan errepidera eramango gaitu. Gertu dauden Otsabiaga baserriko aurrien ondotik jarraitu, Izpillaga baserria ezkerrera utzi eta lurrezko pistan barrena jarraituko dugu. Borda baten ondora ailegatzean basoan murgilduko gara. Aurrerago dagoen langa gurutzatu ondoren, lur eremu garbira aterako gara. Goran ikusiko dugun izeidi aldera igo eta gero, harresi txikiaren paraleloan jarraituko dugu. Hesia gainditu eta berehala, batere ikuspegirik ez duen Urrakiko tontorraren ondoan izango gara. Bi mendizaleen omenez, Tolosako Alpino Uzturre eta Oargui mendi elkarteek jarritako buzoiak ondo erakusten du tontorra zein den.

 

Urrakiko tontorra

Urrakiko tontorra

Izeiditik atera bezain pronto, Urrakiko erpin geodesikoaren ondora iritsiko gara. Xenda batek, pagadi txiki batzuk zeharkatu eta Loiztizabalgo lepora eramango gaitu. Illaun mendiaren magaletik hedatzen den lurrezko pistan barrena, langa bat pasa eta Beleku mendiarekin partekatzen duen Arrasateko lepora ailegatuko gara. Pinudian barneratu eta Belekura igotzen den bidezidorretik erraz igoko gara erpin geodesikoa dagoen lekuraino.

 

Belekuko tontorra

Illaungo maldetan

Tontorretik, igotako bidetik atzera egin eta Arrasateko lepora itzuliko gara. Hesi bat gainditu eta Illaungo tontorreraino igoko gara lur-eremu garbitik. Illaun II-ko trikuharriaren aurriak gertu. Gora ailegatzean hormigoizko gurutze  handi batek emango digu ongietorria. Tontor honetatik, Hernio-Gazume, Izarraitz, Aralar eta Aratz-Aizkorriko ikuspegiez gozatzeko aukera izango dugu.

 

Illaungo gurutzea

Abiapuntura itzultzeko tenorean, mendiaren gandorretik segituko dugu, eta, hesi bat igaro  ostean, harresi txiki bata gaindituko dugu. Ikusgaitz den xenda batek beherago dagoen bide zabalera eramango gaitu, Altxonbidera hain zuzen ere. Transhumantziako bide honek (GR-35), Gipuzkoako lurraldea zeharkatzen du, kostaldea eta barnealdeko lurrak lotuz. Zarautzeko Iñurritza biotopo babestutik, Gipuzkoa eta Nafarroako mugan dagoen Lizarrustiraino hedatzen da, antzinako artzain-bideei jarraika. Marra zurigorriez balizatutako ibilbide honek Bidania-Goiatz herriraino eramango gaitu. 


Bidania-Goiatz

Iriarte jauregia

Pinudia zeharkatu eta gero, altxonbidean zehar emeki-emeki galduko dugu altuera. Hasieran belaze artean zabaltzen den bide zabaletik egingo dugu aurrera eta gero, basoan murgildu eta errepidera aterako gara. Bidaniako teilatuen gainetik Hernioko tontorra nola  gailentzen den ikusirik, Labaka-Goena baserriaren ondora jaitsiko gara, idiak entrenatzen dituen Juanito Zizurkil pertsonaia bitxiaren etxe ondora. Metro batzuk beherago, errepide nagusira aterako gara, eta, Goiatz erreka gainditu ostean, abiapuntuan izango gara


No hay comentarios:

Publicar un comentario