Adarra mendia
Urumea eta Leitzaran ibaien arroak banatzen dituen lehen tontor garrantzitsua
da, Adarra-Mandoegi mendilerroaren mendebaldeko azken gailurra. Bere inguruan
makina bat aztarna arkeologiko aurkitu izan dira eta horiek erakusten dute,
historiaurretik gizakia bertan bizi izan dela. Gaur egun ere mendizale andana
gerturatzen da bere tontorrera igotzeko, erakarpen berezia du, batik bat
Urtatsean, Urteberriko lehen egunean mendizale asko egunsentia bertatik
ikustera igotzen direnean. Antxon Iturriza idazleak, bere ·Historia testimonial
del montañismo vasco” liburuetan jasota du, 1924an Fortunako bazkideek ohitura
hori erabiltzen zutela, hots, tradizio hori Adarra mendian sortu zela.
Tontorrera
igotzeko biderik erabiliena eta motzena Besabitik ateratzen dena da, baina bada
beste bat geroz eta mendizale gehiagok erabiltzen dutena, Leitzarango haranetik
abiatzen dena hain zuzen ere. Otietako Leitzaran Ibaiko bisitarien zentroaren
goi aldean dagoen aparkalekutik abiatuko gara Plazaolako Tren-txikiaren
arrastoan. XX. mendean martxan jarri zuten trenbide hau hasieran mineralak
garraiatzeko erabili bazuten ere, gerora bidaiariak garraiatzeri ekin zion.
1953. urtean gertatu ziren uholdeen ondorioz, tunelak, zubiak eta abar suntsitu
ondoren, trenaren azkena izan zen.
Aparkalekutik
eskuinerantz joko dugu, Plazaolaren ibilbide zaharretik. 250 metro egin
ondoren, basoko pista batera iritsiko gara, ezkerrera, eta handik igoko gara (Munttoko
bidea). Pista hau gurdibide harriztatu zahar bat zen, eta Bistaeder baserrira
sartu aurretik hasten da. Pista zabal eta nabarmenetik igoko gara beti, desbideratzeei
kasurik egin gabe. Langa batetik igaro eta Idoiagako bordetara iritsiko gara.
Ezkerrera doan pistatik jarraituko dugu, eta beste langa bat zeharkatuko dugu.
200 metro
geroago, pista utzi eta ezkerrera dagoen bidezidor batetik igoko gara, Munttoko
bidegurutzeraino. Bidegurutze horren ondoan monumentu megalitiko bat dago,
Munttoko zista izenekoa. Hilobi-monumentu txiki bat da, trikuharria baino
txikiagoa, bertikalean jarritako lau harlauzek eta estalki gisako bosgarren
batek ixten duten kutxa modukoa. Hildakoen gorpuak eta horien errautsak biltzen
zituzten.
Aurrera
jarraitu eta Otietatik datorren pista zabalarekin bat egingo dugu. Kilometro
pare bat aurrerago, Lapurzuloara helduko gara, aterpe moduko baten ondora.
Pistarik igotzen segi eta berehala iritsiko gara Usobelartzako zutarri edo
monolitoaren ondora. 1,5 metroko altuera du eta bertako pudingadun hareharriaz
egina dago. Inguruan Usobelartzako zohikaztegia ikusi ahal izango dugu. Zohikaztegi
bat istildutako leku bat da, lurzoruak ura drainatzea galarazten duten geruza
iragazgaitzak dituelako. Bertan, landare-kondarren deskonposizioa oso motela
da, eta horregatik sortzen da zohikaztegia edo landare-ikatza. Usabelartzakoa
da Gipuzkoan dirauen zohikaztegi bakarra.
Zohikaztegiaren
ondotik, pista utzi eta Oindoko magala igoko dugu berriro pistarekin bate egin
arte. Erraz iritsiko gara Agerreko zabalera, monumentu megalitiko multzo bat
kokatuta dagoen lekura. Adarra gertu izango dugu, baina merezi du lehenik
Etenetako zutarrira gerturatzea. Eteneta I Adarra mendiko Agerreko zabala
izeneko lepoan dagoen bi harrespilen multzoa da, horietako bat zutarri altu
batekin batera. Harrespileko zutarri nagusiak 2,5 metroko garaiera du.
Igoerari
amaiera emateko, eta, Adarrako tontorra zapaltzeko, aukera desberdinak ditugu.
Aurrez aurre dagoen aldapa belartsu eta pikotik leporaino igo eta hortik
tontorrera edo, eskuinetik aldapa leundu eta tontorrera igotzen den xenda txiki
bat erabili. Silueta nahastezineko tontor bikoitz honi Agerre ere deitzen zaio,
eta nola ez, bistak ikusgarriak dira begiratzen den lekura begira.



No hay comentarios:
Publicar un comentario