sábado, 31 de enero de 2026

Gautxori eta gurutzeen bidea

Powered by Wikiloc

 


Ibilbide honek, pago, haritz eta urki artean Hernioko tontorreraino eramango gaitu, eta, bertatik dagoen ikuspegi zabalaz gozatu ostean, iraileko igande guztietan tradizioa eta festa uztartzen diren  Zelatungo bordetara jaitsiko gara. Herritar eta mendizale askoren topalekua den lepotik,  antzinako bideetan barna itzuliko gara Alkizara.


Alkiza egunsentian 1
 
Alkiza egunsentian 

Alkizako San Martin elizaren ondotik abiatu eta berehala, Alkizako mendi ibilbideen informazioa ematen duen egurrezko argibide-taularen ondora ailegatuko gara. Maldan behera egin eta Erdi Aroko jatorria duen Lete (edo Alkizalete) baserri ederraren ondora iritsiko gara. Gaur egungo baserria XVIII. mendeko eraikin barrokoa da, baina bere kanpo zein barne egituran Erdi Aroko hainbat elementu ikus daitezke.

 

Alkizalete baserria

Baserriari bizkarra eman, maldan behera jarraitu, eta, bidegurutzera iristean, metalezko zutoin batean erakusten diren PR-Gi 78 eta SL-Gi 9 ibilbideen artean, eskuinekoa aukeratuko dugu. Hemendik aurrera, bide-seinale zuri eta horiez gain, metalezko zutoin batean agertzen diren hontza eta gurutze baten irudiek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen. Errepide txikitik igotzen hasi eta berehala, Areta baserriaren ondora iritsiko gara. Aurrerago dagoen bidegurutzean, ezkerretik ateratzen den bidea hartuko dugu.

 

Argibide-taula

Pista zabaletik altuera hartzen jarraituko dugu, eta, hurrengo bidegurutzera iristean, ezkerreko bidea hartuko dugu. Aurrez aurre, Hernioko gailurreria, eta gertuago, Algorri, Zopite eta Belako haitzak ikusiko ditugu. Harkaitzetako biztanleen informazioa ematen duen argibide-taula atzean utzita, bide nagusitik aurrera segi eta Leteren bordaren ondora ailegatuko gara. Honen ondoan dagoen argibide-taulan, basoa bizitzaren babeslekuaren inguruan azalpenak irakur daitezke.

 

Irumugarrieta

Bide nabarmenak berehala eramango gaitu Itzuregiko bidegurutzera. Itxuraingo parajeetara zuzentzen den bidea utzi eta Zelatungo lepora doana aukeratuko dugu. Izeidian marrazten den xendan barrena, aldats pikoa gainditu ondoren, bidea leundu egiten da. Pagadian murgildu, eta, Larrauldik datorren bidearekin bat egin ostean, Ernio Txikiren ondoan dagoen Irumugarrietako lepora helduko gara. Bertan Alkiza, Errezil eta Larraulgo udalerrien muga adierazten duen mugarria dago eta hortik datorkio izena.

 

Aizpel

Basoak atzean utzita, aurrez aurre dugun belarrez tapizatutako malda biziari aurre egingo diogu, Hernioko gurutzea bistan dugularik. Denbora gutxi beharko dugu Ezkurretako lepora doan bidea erakusten duen seinalea ikusteko. Zelatunera doana itzulerako utzi eta ezkerrekoa hartuko dugu. Hernioko gailurreriaren azpitik hedatzen den xenda talaia paregabea da kostalderaino hedatzen diren bailara eta mendien ikuspegiaz gozatzeko.

 

Erniozaleak aterpea

Kilometro pare bat bertatik ibili eta gero, Ezkurretako lepora iritsiko gara. Lepo honetan, Mendibai ibilbidearekin (GR 285) bat egingo dugu. Ibilbide luze honek Elgoibar eta Hondarribia lotzen ditu, Gipuzkoako bost ibai garrantzitsuenak (Deba, Urola, Oria, Urumea eta Bidasoa), eta hainbat mendizerra (Karakate-Irukurutzeta, Izarraitz, Hernio-Gazume KBEa, Adarra eta Aiako harria) gurutzatzen ditu, lurraldearen barnealdetik.

 

Gurutze Zaharra

Balizatutako bidetik aurrera egin eta berehala, hau utzi eta, eskuinetik marrazten den xendan barrena Aizpelgo tontorrera igoko gara. Tontorra itsusitzen duen errepikagailuaren ondoan buzoia dago. Gertu ikusiko dugun Hernioko tontor aldera joko dugu segidan. Balizatutako bidearekin bat egin, eta, Erniozaleak aterpearen ondora iristean, Gurutze Zaharra atzean utzi eta tontorrera igoko gara. Talaia bikain honek duen panoramika zabala da oso, eta  bertan dagoen orientazio mahaiak mendi, haran eta herrien izenak identifikatzen lagunduko digu.

 

Hernioko gurutzeak

Hernioko gurutzeak

Tontorra atzean utzi eta Zelatungo lepora jaitsiko gara segidan. Tradizioa eta festa uztartzen diren leku ezagun hau herritar eta mendizale askoren topalekua izan ohi da aspaldidanik.  Bertan dauden bordetako batean mokadu bat jan eta gero, maldan behera abiatuko gara. Galtzada zaharraren arrastoen artean, Irumugarrietako lepora itzuliko gara, eta ezaguna dugun bidetik Itzuregiko bidegurutzeraino jaitsiko gara. Igotzeko erabili dugun bidea eskuinera utzi eta aurrera egingo dugu. Izeidia zeharkatu ostean, Hernioko gailurreriaren ikuspegi zabala izango dugu. Jaisten hasi orduko, Itxuraingo tumuluaren ondora helduko gara. Honen ondoan, urmaela, iturri dotore bat eta trantsizio-larreak berreskuratzeko garatzen ari diren proiektuaren berri ematen duen argibide-taula.


Zelatungo lepoa eta bordak

Paraje eder hau atzean laga eta, Algorri mendia inguratzen duen bide zaharretik, Santa Kruz ermitaren aurrien ondora iritsiko gara. Bertan dagoen argibide-taulan ermitari buruzko informazioa irakurriko dugu. Begiratoki aparta honetatik atzera egin eta balizatutako bidera itzuliko gara. Bide zabal eta nabarmenak Alkizara gerturatuko gaitu Areta baserriaren ondotik igaro eta gero. Azken maldari aurre egin eta herriko plazan izango gara.


Itxuraingo tumulua 2

Alkiza herria



No hay comentarios:

Publicar un comentario