Behorbarroteko hagina |
Aiako aparkalekuaren ondoan dagoen
Gurutze Santutxotik (Etxetxo) abiatu eta, San Esteban elizaren ondotik igaro
eta gero, errepidera aterako gara. Bertatik metro batzuk ibili ondoren,
Pagoetara zuzentzen den porlanezko pista hartuko dugu. Hirurehun bat metro
bertatik egin, eta, lehen bidegurutzean, eskuinetik ateratzen den bide
balizatua (SL-Gi 4003 eta PR-Gi 4001)
hartuko dugu (347 m, 10 min). Metalezko ate bat igaro eta, errepidearen
paraleloan zabaltzen den bidezidorrean zehar,
erraz egingo dugu aurrera.
Ibilbidearen nhasierako xenda |
Itsasoari begira |
Gorabehera handirik gabe,
Giltzarriturriko paraje hezeen ondotik pasa eta Burnigurutzeko bidegurutzera ailegatuko
gara (390 m, 35 min). Gertu dagoen izen bereko behatokitik parkearen eta
kostaren ikuspegi ederrak izango ditugu. Bidegurutze honetan dauden bi
norabideen artean edozein aukeratu dezakegu, ibilbidea zirkularra da eta.
Ezkerrekoa utzi eta eskuinekoa hartuko dugu, bide seinale zuri eta berdeek
erakutsiko diguten norabidean. Ibilbidearen zenbait tartetan egurrezko mailak
jarri dira mendizalearen ibilera errazteko.
Burnikurutzetako behatokia |
Burnikurutzetako behatokia |
Baso ederrean zabaltzen den bide
zabalak Sagastizabal baserriaren ondora eramango gaitu (459 m, 50 min). GFAk
1956an, Foru Aldundiak Laurgaingo finkaren 500 hektarea erosi eta, hurrengo
urtetan lur hauek basoberritu zituen arte, baserri honen inguruko lurrak
lauagoak ziren, eta bertan, larreak, labore lurrak, baratzeak eta baserriari
izena ematen dion sagastia zeuden. Horrela bakarrik ulertu daiteke baso trinko
batean baserri honek duen kokapena. Baserria inguratu eta pistan barrena
segituko dugu beste bidegurutze batekin topo egin arte. Aldapa txiki batek,
itzulerako bidea erakutsiko digun beste bidegurutze batera eramango gaitu (534
m, 1 h 5 min).
Sagastizabal baserria |
Sagastizabal baserria |
Neberako Lizarra lepora doan bide
balizatua (PR-Gi 4001) gure eskuinera utzita, ezkerretik marrazten den
zidorretik jarraituko dugu Elutsaundiko pagadian barneratuz. Joan den mendeko
50eko hamarkadan, inguru honetako lur gehiena soilduta zegoen edo, behin eta
berriz inausi egiten ziren zuhaitzak altxatzen ziren. Gerora, basoberritze
politikak baso hauen biziberritzea ekarri zuen. Baso artean zabaltzen den
bidetik berehala iritsiko gara Behorbarroteko haginaren ondora (520 m, 1 h, 15
min).
Behorbarroteko hagina
Behorbarroteko hagina |
“Behorren leku” honetako magaletan
barreiatzen den basoa mistoa da. Bertakoak diren pago eta astigarrekin batera,
izei gorria ikus daiteke, eta, horien guztien itzalpean bizirauten duten haginak
ditugu. Paraje honetan espezie honetako ale bikain batzuk ikus ditzakegu. Parkean ikusiko ditugun hagin
populazioak gazteak dira oro har, hala ere, Iberiar penintsulan populazio
dentsitate handienetakoa dela esan daiteke. Dentsitatea handia izan arren,
Pagoetan espezie horretako hagin gehiago badaude ere, adinari eta tamainari
dagokienez ez dago horrelako besterik, Behorbarroteko hagin honek 200 urte
baino gehiago ditu.
Hagina (Taxus baccata) zuhaitz berezi eta ederra da. Oso mantso hazten da eta bizitza luzea izaten du eskuarki. Kasu batzuetan 20 metroko altuera izatera heldu badaiteke ere, askotan zuhaixkaren itxura izan ohi du. Bere egurra oso gogorra da eta historian zehar erabilera mota asko izan ditu. Penintsulako iparraldeko lurralde askotan, euskaldunak barne, hagina zuhaitz sakratutzat zuten eta gure herriko mitologiari lotuta egon da. Elezaharren arabera, euskal gerlariek erabiltzen zituzten geziak, haginetik ateratako pozoiez bustitzen zituzten eta preso hartu eta hil aurretik, zuhaitzaren fruituetatik lortzen zuten narkotikoa hartzen zutela esan ohi da.
Sagastizabalgo elur-zuloa |
Aiako hagin zahar hau atzean utzita, xendatik jarraituko dugu pista zabal batera jaitsiz. Kilometro erdi bat bete beharko dugu Sagastizabaleko pagadira heldu eta honetan dagoen elur-zuloaren ondora iristeko (513 m, 1 h 25 min). Egitura hauek Euskal Herri osoan agertzen dira, baina izen desberdinez ezagutu ohi dira: elur-zulo, izoztegi, hormagune eta elurtegi. Hemen ikusiko dugun elur-zulo honek aspaldi galdu zuen bere estalkia, eta, orain ikus daitekeena egituraren oinarria besterik ez da. Zulo hauetan gordetzen zen elurrak luzaroan irauten zuen, batzuetan ekainera arte, eta beharren arabera, inguruan zeuden auzo eta herrietara eraman ohi zen.
Azkorteaitzeko faila |
Gure ondarearen parte den egitura berezia atzean laga eta beste kilometro bat bete beharko dugu Azkorteko haitza dagoen hagin basoaren ondora heltzeko. Haitzaren haustura nabarmena duen haitz hauetan, Pagoetako hagin-basorik garrantzitsuenetako ikusi ahal izango dugu, gune harritsuetan bizirauten duten tamaina eta adin desberdinetako haginak (488 m, 1 h 40 min). Faila geologiko bereziaren azpitik jaitsi eta bidezidor balizatuak Burnigurutzeko bidegurutzera eramango gaitu (390 m, 1 h 50 min). Abiapuntura itzultzeko tenorean, hasieran Aiatik honaino egindako bidetik beteko dugu (306 m, 2 h 15 min)
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2025/10/behorbarroteko-hagina.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario