Egitura geologiko
apetatsu eta tradizio mitologikoek bat egiten dute Bizkaiko paraje berezi eta
erakargarri honetan. Ondo balizatutako bideak, ingurune karstikoa duen Garaioko
tontorrera eraman aurretik, Indusi eta Baltzola auzoetako lurretan dauden
ermita eta kobetara gerturatuko gaitu.
Indusiko Olabarri
auzoan dagoen Asisko San Frantzisko (San Fraisku, ahozko tradizioaren arabera)
ermitatik abiatuko gara. Ermitaren ate ondoan dagoen ur bedeinkatuaren ontzia
berezia da, bertan aurpegi bat zizelkatuta baitu. Ermitako kanpaien hotsak,
inguruan dauden kobetako sorgin, lamia eta beste jeinu batzuk uxatzeko
erabilia. Ibilbide osoa PR-Bi 41aren seinale zuri eta horiez balizaturik dago,
beraz ez dago galtzeko arriskurik.
Erreka gurutzatu eta
gero, bere ibilguaren paraleloan jarraituko dugu Zamakolan dagoen
bidegurutzeraino. Ibilbidearen mapa agertzen duen egurrezko panelean,
“Baltzolako kobak. Ez sartu. Q sukarragatiko arrisku biologikoa” mezua
erakusten duen txartel bat iltzatuta ikusiko dugu. Honen ondoan dagoen zubiaren
gainetik ezkerrera joko dugu asfaltatutako bidetik Gibiltar baserriraino.
Kondairak dionez, inguruan bizi ziren lamiak maiz joaten omen ziren bertara.
Puntu honetan, pista zabala utzi, langa igaro eta xenda nabarmena jarraituko
dugu. Baserria atzean utzita, paisaia erabat aldatzen da, kareharrizko erliebe
hautsian murgilduko garelarik.
Metro batzuk aurrera
egin eta berehala, Jentilzubi kareharrizko arku natural itzela agertuko zaigu,
Dimako hainbat kondaira eta ipuinen kokaleku. Tradizioaren arabera, Kobalde
sakana gainditzeko jentilek eraikia. Bideak eskuinerantz biratzen duen lekuan,
Baltzolako kobako hegoaldeko sarrerara igotzen xenda txiki bat ikusiko dugu,
baina bertatik igotzen bagara, kobako sarreran berriro ikusiko dugu Q
sukarragatik dagoen arrisku biologikoa adierazten duen txartela. Koba alde
batetik bestera zeharkatu badaiteke ere, hobe debekuari kasu egin eta bide
balizatura itzultzea, ingurua erabat garbitzean izango baitugu berriro itzuli
eta kobaren erraiak bisitatzeko aukera.
Baltzola kondaira
askoren agertokia da, bertan, lamiak eta jentilekin batera, Mariren bikotea den
Sugoi (Sugaar, Suar edo Maju ere esaten zaio) bertan bizi omen da. Izaki
mitologiko honek suge itxura du eta, suzko igitai gisan zerua zeharkatu egiten
du. Beste batzuen arabera, berriz, Mari eta Sugoiren semeetako bat den Mikelats
koba hauetan bizi omen da ere. Gure ibilbidearekin jarraituz, pistatik
kobazulo-multzoa eta Abaroko tunela (Behikobea) inguratuko ditugu Lapikoerrekan
dagoen zubitxoa gurutzatu eta baserri bakan batzuk dituen Baltzola auzora
igotzeko. Asfaltatutako bidetik San Lorentzo ermitara eta honen ondoan dagoen
atsedenlekuraino igoko gara. Calahorrako elizbarrutiko artxibategiaren
dokumentu batean aipatzen da ermita hau, 1771. eta 1775. urteen artean. Ermitara
heldu aurretik metro batzuk, Lourdeseko Ama Birjinaren irudi bat gordetzen duen
haizpe bat ikusiko dugu iturri baten ondoan.
Ermita atzean lagata,
Olarreta lepora zuzentzen den pista zabaletik egingo dugu aurrera, baina lehen
bidegurutzean, eskuinetik joko dugu. Jaisten jarraituko dugu eta errekara
heltzean, hau gurutzatu eta igotzen hasiko gara Olabarriako txabolaren inguruan
bidea hirutan banatzen den lekura ailegatu arte. Guk eskuinekoa aukeratuko
dugu, eta markatutako bidetik Garaioko tontorrera igoko gara. Bertan, postontzi
edo buzoi txiki bat eta 1985eko Gabonetako irudi bat daude.
Abiapuntura
itzultzeko, tontorrari bizkarra eman eta, bide-seinaleek erakusten diguten
mendebaldeko norabidean jaisten hasiko gara. Lehen tartea nahikoa irregularra
da, kareharri solte eta ote artean kontu gehiagorekin ibili beharko dugu.
Pinudira heltzean hau zeharkatu eta eskuin aldetik azkar jaitsiko gara Indusi
eta Baltzola lotzen dituen bide balizatuarekin bat egiteko. Bide nagusitik
aurrera egingo dugu, baina lehenago, ezker aldetik marrazten den xenda batek
Axlorko kobaren sarrera eramango gaitu. Joxemiel Barandiaranek, 1967 eta 1974
artean ikertu zuen aztarnategi hau, mendilerro karstiko batean dago kokaturik
eta, 2017an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, “Baltzola eta
Axlor haitzuloak” monumentu-multzo sailkapenaren arabera. Burdin hesiz
babestuta dagoen koba atzean utzi eta xenda estu batek bide nagusira eramango
gaitu. Hemendik abiapuntura itzultzeko etorritako bidetik beteko dugu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2022/11/baltzolako-parajeak.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario