Hamaika dira Euskal Herriko parke
naturalik handiena den Gorbeiako lurretan ezagutu ditzakegun bazterrak.
Ibilaldi erraz hau burutuz gero, horietako hiru bisitatuko ditugu: Otzarretako
pagadia, Ugunako ur-jauzia eta Saldropoko hezegunea. Sasoiaren arabera aurpegi
desberdina erakusten dute, baina seguruenik udaberria da urtarorik onena
bakoitzaren postalik ederrenaz gozatzeko.
Ibilbidea Otzarretako aparkaleku
txikitik abiatzen da, pagaditik oso gertu. Baso-pista batetik abiatu eta
berehala murgilduko gara pagadian. Azken urte hauetan, baso txiki, baina
ikusgarri hau, Bizkaiko txoko bisitatuenetako bat bihurtu da. Ehun urte baino
gehiago dituzten pagoen artean Zubizabala errekaren ibilguak itxura berezia
ematen dio pagadiari, argazkilarientzat gutizia bihurtuz. Pagoen adarrak
zerurantz zuzentzen dira argimutil edo ganderailu gisa, garai batean
ikazkintzak inguru hauetan izan zuen garrantziaren lekuko.
Pagadian zehar doan tarte txiki eta
zirkularra osatu ostean, baso-pistara itzuli eta Saldroporantz zuzenduko gara.
Hesia igaro, aska baten ondotik pasa eta belardian barrena jarraituko dugu
basetxetik gertu dagoen pistara ailegatzeko. Ehunen bat metro bertatik bete eta
bidegurutzera iristean ezkerreko pista aukeratuko dugu. Bide erosoak pinudian
barneratuko gaitu Saldropoko hezegunea hegoaldetik inguratzen dugun bitartean.
Errekarteko karobiaren ondoan dagoen beste bidegurutze batera iritsiko gara.
Aurrera jarraituz gero, Saldropoko atsedengunera helduko ginateke, baina hau
utzi eta ezkerretik jarraituko dugu egurrezko zubitxo batek Ugunaga erreka
igarotzen lagunduko digularik.
Ibilbidea ez dago balizaturik eta
tarte honetan hiruzpalau bidegurutze aurkituko ditugunez, egokia litzateke GPSa
erabiltzea. Beste pinudi batetik ateratzean, erreka bat zeharkatu eta
ur-jauziak ateratzen duen hotsak gertu gaudela erakutsiko digu. Zuhaitz artean
aurrera segitu eta harri-piloak ur-jauzira jaisten den zidorra erakutsiko
digu. Jaitsiera oso pikoa da eta erne
ibili behar da hezea dagoenean irrist ez egiteko. Pago bikainen artean ur-jauziaren oinera iritsiko gara,
Gorbeiako parke naturalak bere altzoan gordetzen duen altxorretako bat.
Inguruaz gozatu eta gero, jaitsitako
bidetik atzera egingo dugu eta harri-piloen ondora ailegatzean ezkerretik
jarraituko dugu iparralderantz. Bidegurutze pare bat atzean utzi ondoren,
asfaltozko bidera igoko gara. Errepide txiki honetatik jarraituz berehala
iritsiko gara Saldropoko aparkaleku, atsedengune eta hezegunea kokatuta dauden
ingurura. Argibide-tauletan hezeguneari buruzko informazioa jaso eta
baso-pistatik erraz egingo dugu aurrera. Atsedenlekua ezkerrera utzita,
Saldropoko hezegunearen parera helduko gara.
Saldropoko lautadaren erdigunean
dagoen hezegunea oso ekosistema berezia da eta balio ekologiko itzela du,
urarekin lotutakoa. Bertan, landaredi anitza eta berezia baitago. Garai batean,
XX. mendearen erditik aurrera, lur hauetan hiru hektareako azalera zeukan
zohikaztegi bat ustiatzen zen. Gure eskuinean hezegunea utzi, baso-pistan
barrena jarraitu eta bat egingo dugu
ibilaldiaren lehen zatiarekin, basetxetik gertu. Belardia berriro
zeharkatu eta abiapuntura itzuliko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2023/05/otzarretatik-ugunako-ur-jauzira.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario