Zuberoako lurren erdi-erdian, Ühaitza
ibaiaren ibilguarekiko paraleloan, mendi-multzo leun eta belartsu multzo txiki
bat altxatzen da. Mendilerro txiki honek, iparraldetik hegoalderantz zabaltzean
altuera irabazten du, Maidalena tontorra bere puntu gorena izanik. Maidalena
oso ezaguna da, batik bat tontorrean bertan altxatzen den ermita xumeagatik.
Honen ondoan, ingurua desitxuratzen duen antena handia. Mendi honetara igotzeko
aukera desberdinak ditugu; Zalgize-Doneztebe, Iruri eta Atharratzetik ateratzen
diren bideak dira ezagunenak, baina bada beste bat aurreko horiek baino
laburragoa dena, Züztarriko lepotik abiatzen dena hain zuzen ere.
Züztarriko lepotik abiatu bezain fite,
errepidea utzi, eta gure ezkerretik marrazten den bide zaharra hartuko dugu.
Kilometro bat baino gutxiagoko luzera duen bide zahar honen bukaerara iristean,
berriro errepidera aterako gara. Asfaltozko errepidean zehar kilometro bat
beteko dugu eta, bihurgune handi batera ailegatzean asfaltoa utzi eta gure
ezkerretik zabaltzen den lurrezko pista zabaletik gorantz egingo dugu altuera
erraz irabaziz. Maidalenaren oinean dagoen zabaldira iristen garenean,
errepidea gurutzatu egingo dugu. Inguru honetan ohikoa da parapentea egiten
duen jende andana ikustea. Aurrez aurre dugun ermitarantz joko dugu segidan eta
bertara igotzeko belardian marrazten den xenda hartuko dugu. Tontorrean, ermita
ezagunaz gain, antena erraldoia eta mahai panoramiko bat ikusiko ditugu. Leku
honetatik dagoen panoramika bikaina da, talaia paregabea Zuberoako lurrak ez
ezik Orhitik Midi de Bigorreraino marrazten den mendikateen silueta behatzeko.
Mendia ez da oso garaia, baina toki deigarria da jende askorentzat, batik bat
Maidalenaren baselizak erakarrita.
Antzina Marie
Maddalene d 'Aranhe bezala ezagutua izan zen (1470). Eraikina XV. mendekoa da
erromatar aurreko tenplu pagano zahar baten gainean altxatuta, XIX. mendean
aldatu eta 1961ean zaharberritu zena. Maidalena erromesak hartzeko lekua zen,
Muskildiko San Antoni bezala. Joxe
Migel Barandiaranek kontatzen zuenez, ermitan erromatar aldare bat
kontserbatzen zen, Herascorrtsehe izeneko jainkoari eskainitako aldera bat omen
zena: Fano Herauscorrtsehe sacrum.
G(aius) Valerius Valerianus (Gayo Valerio Valerianok kontsakratu du
Herauscorrtsehe orakulua). Beraz, ematen du aspaldian mendiaren tontorrean
jainkosa honen tenplua zegoela eta mendiak jainkosaren izena hartu zuela. Gero,
jentilen tenpluaren ordez Maidalena baseliza jarri zen eta berarekin batera
mendiaren izena aldatu.
Abiapuntura itzultzeko tenorean,
ermitari bizkarra eman eta, Iruri eta Atharratzeko lurren mugatik marrazten den
xendatik jaisten hasiko gara. Tontorreraino igotzen den errepidea azken aldiz
gurutzatu eta, zuzen jaisten jarraituko dugu. Bidea balizatuta dago eta hauen
laguntza izango dugu ibilbidearen tarte honetan. Lehenik basoan eta gero belaze
artean hedatzen den bidetik, azkar galduko dugu altuera. Laster, Atharratzeko
lurretan murgilduko gara eta herrira zuzentzen den bide balizatua eskuinera
utzita, ezkerretik ateratzen den pistatik egingo dugu aurrera. Bagaüle
etxaldearen ondotik igaro eta gero, asfaltozko bide erosoak beherantz egiten du
lehen tartean, baina gero aldapan gora
segi eta abiapuntura eramango gaitu.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/02/maidalen.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario