viernes, 4 de noviembre de 2022

Menditxiki: Alkurruntz

 


Piramide itxura duen mendi hau leku estrategikoa izan da historian zehar. Hamaika gertaeren lekuko izan da, hamaika bataila eta borrokena. Baina, ziurrenik, Amaiurko bataila izango da bere magaletan izan den gertaera historikorik garrantzitsuena, Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuenekoa, nafar gudarien azken hatsen gordelekua bihurtu zenekoa.


Atseden gunearen ondoan dagoen aparkalekuan eman diogu hasiera gaurko txangoari. Orabiderantz doan errepidean barna bete dugu lehen zatia eta aurrez aurre dugun Alkurruntzeko magaletara gerturatu gara. Izeidia igaro eta berehala utzi dugu errepidea gure ezkerretik ateratzen den xenda nabarmen batetik gorantz eginez.


Bide-seinale zuriak eta berdeak segituz aldapa pikoari aurre egin diogu. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko lepo txiki batera igo gara eta bertan bi harritzar zutik, Artzubietako zutarri bikainak. Zuretako leporantz doan bidezidor nabarmenerantz jo dugu segidan eta bertara iristean, gailurrerantz zuzentzen xendatik gorantz egin dugu.

Bide bazterrean eraikin zahar eta bitxi batzuk ikusi ditugu: Alkurruntzeko sismografia estazioa eta bunker desberdinetara iristeko mendiaren erraietan zulatutako antzinako gotorlekuaren sarrera. Tontorrean zintzurra freskatzen dugun bitartean, begiratoki aparta honetatik Baztango lur ederrak gure mendean, Amaiurko gazteluaren aurriak ikusi ditugu eta honen gainean Gorramendi eta Gorramakil. Urrutiago Saioa gailentzen da harro eta Iparralderantz, berriz, Xaretako lurrak eta Etxalarko gainak.


Amaiurko gazteluaren aurriei begira gogora ekarri nahi izan dugu orain bost mende, lur haueten izandako azken batailaren ondoren,  Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuen. Alkurruntzeko begiradapean gertatu zen Nafarroako erreinuaren gertaera garrantzitsu hau. 1522an, Noaingo bataila galdu eta Nafarroako noble eta zaldun batzuk gaztelu honetan gotortu ziren Nafarroako independentziaren alde borrokan jarraitzeko. Gaztelauen armadak gaztelua setiatu eta kanoien indarrez txikitu eta gero, nafar gudariak errenditzera behartu zituzten. Itzulera etorritako bidetik egin dugu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2022/10/alkurruntz.html






Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario