martes, 1 de enero de 2019

Garaioko urtegia inguratuz

 


Parkearen informazio bulegoa eta elizaren aurrietatik gertuen dagoen aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldiari. Egur-plataforma luze batek hondartzaren ertzera gerturatuko gaitu eta bertatik izango dugu urtegiaren lehen panoramika zabala. Ibilaldia zirkularra denez, edozein norabidetan burutu daiteke. Bidearen zati handiena ondo seinalatutako xenda eta pisten barrena egiten da, baina tarteka aukera izango dugu bidea utzi eta bestelako lekuetatik ibiliz uraren ertzera gehiago gerturatzeko. Zadorra ibaiaren bokalean kokatuta dagoenez, urtegiak habitat ezin hobea eskaintzen die txokoen artean aterpe bila dabiltzan ehunka hegaztiei: ahate, zikoina, lertxun, kaskabeltz, buztanikara, eskinoso eta txantxangorriak, besteak beste.


 

Urtegiaren ondotik hiru kilometro bete ondoren, autokarabanentzat prestatutako aparkalekura iritsiko gara. Parkearen eremutik atera gabe, eta bide-seinaleek erakusten diguten norabidean, egurrezko pasabide luze batek lagunduko digu Uribarri Ganboako urtegiaren hezegunea zeharkatzen. Aurrerago, hegaztien behatokira heltzean pista hartuko dugu, baina laster hau utzi eta zereal lurrak zeharkatzen dituen xenda bat jarraituko dugu. Aldapa txiki bat igo eta berehala, bidearen ondoan aurkituko dugun egurrezko eserlekuan pausatu eta urtegiaren panoramika zabal eta ederraz gozatzeko aukera izango dugu.


 

Pistara ateratzean bideak behera egiten du eta, pasabide txiki batetik aurrera egingo dugu Urizar aldera, Mendixurko ornitologia parkea Uribarri Ganboako urtegitik bereizten duen presaren gainetik igaroz. Tarte batean, urtegiaren ertzetik doan pista zabalaren paraleloan bide zaharra hartuko dugu, baina aurrerago berriro pistara aterako gara. Erraz egingo dugu aurrera eta konturatu orduko, egurrezko eserleku batek aukera emango digu aurrez aurre izango dugun Azuako eliza izan zenaren irudia ikusteko. Atseden txikiaren ostean, garai batean Azua herria altxatzen zen ingurura gerturatuko gara.


 

 

Herria izandakoaren lurrak igaro eta gero, berehala helduko gara urtegia zeharkatzen duen Azuako pasabide luzera. 400 metro pasatxo duen zubia zeharkatu eta honen azpitik zabaltzen den pistan barrena aurrera jarraituko dugu. Urtegiaren ertzetik hedatzen den bide honek, Zadorrako pasabidearen ondora eramango gaitu. Urtegia alderik alde zeharkatzen duen pasabide hau lur zingiratsuetan erabiltzen den teknologia bera erabiliz eraiki zuten. Pistan barrena jarraituz denbora gutxi beharko dugu Garaioko hondartzaren ondora iristeko, abiatu garen lekutik oso gertu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2022/10/garaioko-urtegia-inguratuz.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario