Sierra Nevadara iritsi gabe nengoen orain arte.
9 ordutako
bidaia da Granadara, 10 ordu Alpeetara, eta Alpeetan mendian ibiltzeko
aukerak ugariagoak dira. Horregatik, orain arte iparreruntz jo izan
dugu.
Baina urte batzutan gertatzen da neguko denboraldi haseran
ez piriniotan, eta ezta alpeetan ere ez dagoela elurrik, eta aldiz
Sierra Nevada eta Atlasa txuri. Aurten ere horixe bera gertatu da
gabonetan, eta horregatik, hegoruntz apuntatu genuen, neretzat
estrainekoz.
 |
| Veletatik Mediterraneoan eguzkia ezkutatzen |
Internetaren aroa izan arren, era klasikoan antolatzen hasi ginen irteera;
Morkaikoko eta etxeko artxiboetan bila ibili, eta Pyrenaica, Desnibel eta beste liburu batzutatik hasi ginen erreferentziak ateratzen.
Gutxi gora beherako aurrikuspen bat egin genuen.
Poqueirako aterpetxea
estrategikoki leku onean dago. Horregatik, bi edo hiru egun aterpetxean
pasatzea pentsatu genuen. Zalantza Alpujarretatik igo, edo Sierra
Nevadako eski estaziotik. Azkenean Sierra Nevadatik ateratzea erabaki
genuen.
Gabonetako oporrak aprobetxatu arren, egun hauetan egoten
diren betebeharrengatik ez geneuzkan egun asko. Hilaren 25ean
arratsaldean atera, eta hilaren 30 iluntzean etxean egon nahi genuen,
gabon zahar azokatik buelta bat emateko. Beraz, 5 egun geneuzkan eskiatzeko
Lehenengo
egunean, bidaiaren nekeak kentzeko, Sierra Nevada ingurutik ibiltzea
aurrikusi genuen. Ondoren, bizpa hiru egun Poqueirako aterpetxean, eta
azken egunean berriz Sierra Nevada ingurutik mendikatean mendebaldean
dauden Lantarongo tontorrak egin.
Baina bizitzaren kontuak,
bigarren egunean Lasku, bidaiaren konplize nagusia gaixotu zen, eta
planak pixka bat aldatu behar izan genituen, Granada ezagutu eta
bertatik poteatzeko.
Azkenean lau egun ahaztezin izan
dira Afrikaren iparraldean, altueran eskiatu dugu, eguraldi
zoragarriarekin, eta batez ere, lagun berriak egin ditugu.
Hemen egunez egun egindakoaren kronika (Trackak dauzka)
1. eguna:
Sierra Nevadatik Elorrieta-Veleta
2. eguna:
Sierra Nevadatik Elorrieta-Caballo-Tajo de los machos-Veleta
3. eguna:
Sierra Nevadatik Veleta zeharkatzen Poqueirako aterpetxera
4. eguna:
Poqueirako aterpetxetik Mulhacen-Alcazaba-Puntal siete lagunas-Mulhacen-Puntal loma pelada-Veleta
Erreferentzietan
gehien harritu gintuena, elurraren aipamena egiten zutenean, udaberriko
elurretan eskiatzen zela izan zen. Gure konklusioa zera izan da,
batetik kostatik oso gertu egoteagatik, hezetasun gehiagoko elurra
egiten duela, eta bestetik, hegorago egotean, klima ere epelagoa dela.
Horregatik, ez elur hautsa, baina ezta elurjausiak ere ez dira ohikoak
Sierra Nevadan.
Halere, badaude elurjausiz hildakoak, eta
elurjausi arrisku printzipala hego aurpegietako fusiozko elurjausiak
dira, malda osoak erortzen omen dira. Beraz, ez da erlaxatu behar!
Baina
elurjausiez gain, neguan elurraren eraldatzearekin, izotzetan erortzeko
arriskua handiagoa izaten da. Elurraren hezetasunak, gainera, izotz
urdina uzten duela aipatu ziguten bertakoek, oso oso arriskutsu eginaz
kranpoi eta pioletekin ere.
Edozein kasutan, beharrezko
arreta mantentzen, mendian ibiltzeko leku zoragarria da. Bertakoen
esanetan, mendian eskiatzeko garairik onena elur asko egiten duen urtean
udaberrian izaten da.
Ea hurrengoan udaberria ezagutzen dugun Sierra Nevadan!!
 |
| Lantarongo bailara |