viernes, 30 de mayo de 2025

Intzartzuko haitzak

Intzartzuko gandor luze eta ziragarria

Aitzarte edo Ataungo domoa, Aizkoate, Intzartzu edo Aizkorrandi, Arastortz, Jentilbaratza, Agautz, Asundi, Leizadi, Ikaranbieta eta Loibideko mailoetako gailurrek osatzen duten eraztun itxurako mendialdea da. Bertakoek, Aitzarteko lur malkartsu hau Aitzarteko Zeharra izenez ezagutzen dute. Ibilaldi honetan, hauetako hiru tontorrek osatzen duten gailurreria ziragarria bezain zorabiagarria zeharkatuko dugu, Arastortzeko gainera igo eta gero, Intzartzuko Haitzetara zuzentzen den gandor  estu eta hautsitik aurrera eginez gailurretik pasa eta segidan Aizkoatekora jaitsiko gara.


Arastortzetik Intzartzurako bidean 

Ataungo San Martin auzoko elizatik abiatu bezain pronto, errepidean zehar metro batzuk bete eta berehala ikusiko dugun iturriaren ondotik pasako gara. Bidegurutzean, eskuineko bidea hartu eta laster ezkerretik ateratzen den bidetik aurrera egingo dugu. Bide-seinale zuri, hori eta gorriek (PR-Gi 2002) erakusten duten norabidean Aran Errekarte errekaren paraleloan jarraituko dugu poliki igotzen. Pistara iristean ezkerretik gorantz egingo dugu balizajea jarraituz eta geroago hau utzi eta  eskuinetik ateratzen den baso-pista hartuko dugu. Pistak berriro eskuinera egingo dugu eta laster 180ºko errebuelta eman eta gero, zuzen jarraituko dugu. Aldapa gogortzen hasten denerako lehen pagoak eta haitzak ikusiko ditugu.


Intzartzuko tontorra 

Pagadian murgildurik, zedarri batek (cairn) eta gorriz margotutako marra batek ezker aldetik zabaltzen den xenda hartzera gonbidatuko gaituzte. Basoan marrazten den xenda nabarmenetik errez egingo dugu aurrera eta laster pagoak atzean utzi eta tontorreraino hedatzen den belarditik igotzen hasiko gara. Aratortzeko gainera heltzean piramide itxura duen buzoiaren ondotik Aitzarte edo Ataungo domoaren ikuspegi osoa edukiko dugu. Gailurrari bizkarra eman eta aurrez aurre dugun mendi gandor ziragarria zeharkatzeko martxan jarriko gara. Atakabiko koba beheraxeago utzita pagadian murgilduko gara.


Arastortzeko tontorrean

Ikuspegia zoragarria bezain zorabiagarria da eta zaila egiten da  aurrera egitea, haitzen artean zaila suertatzen baita bide erosorik aurkitzea. Tarteka, gandorretik metro batzuk beheraxeago ikusgaitz den xendatik jarraituko dugu, baina gandorretik osorik egitea erabakiz gero, tentu handiz ibili beharra dago Aitzarte aldera amiltzen diren paretatzar hauek oso bertikalak eta altuak dira eta. Beraz, eskarmentua behar da. Nekeza suertatuko zaigu bidea, batik bat udan belarra altua dagoenean, baina hala ere merezi du Aizkorrandi edo Intzartzuko tontorrera igotzea. Paretarik handienak dituen mendi hau Aralarko mendirik malkartsu eta pikoena dela diote. Ikuspegi paregabeaz gozatu eta gero, azken tontorraren bila abiatuko gara, Aizkoatera hain zuzen ere. Tontor honetara iristea errazagoa gertatuko zaigu eta bertatik Ataungo ikuspegi zabala edukiko dugu.


Aizkoateko tontorra eta behean Ataungo San Martin auzoa

Abiapuntura itzultzeko, tontorretik bertatik pagadian murgildu eta bide jakinik gabe altuera galduz jaitsiko gara. Malda bizia da eta oso poliki egingo dugu aurrera. Artadi bat igaro eta Aizkoatera doan bide batekin egingo dugu topo eta hortik Aitzondo baserrira berehala ailegatuko gara. Errepidetik behera egingo dugu eta eskuinean dagoen baserri-ukuilura jaistean honen azpian erdi ezkutaturik dagoen bide zaharretik  Atauna.

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/intzartzuko-haitza.html 



No hay comentarios:

Publicar un comentario