domingo, 9 de junio de 2024

Hendaiaitik Donibane Garazira GR-10aren arrastoan

 



Gure herriko mendietan maiz ikusi ditugun bide-seinale zurigorriek erakutsi ohi digute aukeratu beharreko norabide zuzena. Horietako bi, Euskal Herriko Pirinioak bere osotasunean zeharkatzen dituztenak dira, GR-10 eta GR-11 ibilbide luzeak hain zuzen ere. Lehena Iparraldeko lurretan zehar hedatzen da, eta bigarrenak, berriz, Hegoaldeko herri, baso eta mendiak zeharkatzen ditu.

 

Artikulu honetan, GR-10ak Hendaiatik Donibane Garaziraino marrazten duen bidea erakusten da, Bizkaiko Golkoko itsas-bazterretik atera eta Nafarroa Behereako hiriburu ederrean amaitzeko.  Mendien magaletan barreiatzen diren borda, baserri, zelai, baso, tontor eta abarretan murgildu gara  tarteka bertako elezahar eta istorioak gogora ekarriz. Gure herri zahar hau zipriztintzen duten hamaika paisaia ederrez gozatzeaz gain, gure kulturaren eta historiaren pasarte esanguratsuak gogora ekarri ditugu, hots, euskararen herria ezagutzeko eta maitatzeko hamaika arrazoi. 

 


Hendaia

Zeharkaldi honen lehen zatia nahikoa laua da eta ez du ahalegin berezirik eskatzen. Hondarraitz hondartzaren beste muturrean dauden Bikiak edo Dunbak izenez ezagutzen diren bi haitzei bizkarra eman eta martxan jarriko gara. Txingudiko badiaren ertzetik aurrera egin eta Hendaia zeharkatuko dugu kale artean ibiliz. GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakutsiko diguten norabidean, herriko azken urbanizazioak atzean utzi eta zelaien artetik igaroko gara, muino txikien gainetik. Atzera begiratuz, Txingudiko badia eta Hendaiaren ikuspegi ederraz gozatzeko parada izango dugu, beste aldera, berriz, garoz estalitako muino berdeak.


 
Hego-ekialderantz joko dugu segidan, D 810 errepidea zeharkatu eta berehala, landa-errepide txiki bat hartu eta urratsez-urrats Biriatuko auzo de Garlatzera helduko gara. Auzoa atzean utzi eta A63 autobidea zeharkatzen duen tuneletik kilometro bat egingo dugu Biriatura iristeko. Etxe ederren artean malda txiki bat igo eta San Martin elizaren aurrean dagoen plazatxora igoko gara, udaletxea ere bertan ikusiko dugu.

 


Biriatu

San Martin elizaren ondotik igaro, hilerriaren hormen ondotik pasa eta berehala, Kukutxoa etxearen aurretik pasatu eta gero, GR-10ari dagozkion bide seinaleek erakusten diguten norabidean igotzen hasiko gara. Laster, bide balizatua utzi, eta aurrez aurre ditugun Perdrixko haitzen ondora joko dugu, malda pikoari aurre eginez. Argindar poste erraldoien azpitik igaro eta gero, xenda nabarmenetik egingo dugu aurrera. Bide nagusiarekin bat egin, eta gandor biribilduan zehar erraz helduko gara Xoldoko gaineko tontorrera. Ikuspegi zabalaz gozatzeko tartea hartuko dugu. Euskal kostaldeko herrien eta gertuko mendien ikuspegi bikaina izango dugu. Pirinioetako zeharkaldia egiteko lehen oztopoa den mendiari bizkarra eman, eta Osingo lepo aldera jaisten hasiko gara, malda bizian. Segidan, Bizkarsoro leporantz jaisten den bide zabala hartuko dugu. Horra heltzean, gertu dagoen lakura zuzentzen den pista zabala gure ezkerrera utzi, eta Manddalerantz igotzen dena hartuko dugu.

 

Faalegiko gaina ekialdetik igaro eta Joncs lepora erraz ailegatuko gara. Azken aldapa ez da oso luzea, eta urak higatu duen bidezidorra jarraituz, Manddalera iritsiko gara. Han, guda garaiko lubakien aztarnen ondoan, Lapurdi eta Nafarroa banatzen dituen 9. mugarria eta gutunontzia aurkituko ditugu. Iparraldean, Txingudiko badian hasi, eta Errobi ibaiaren bokaleraino marrazten den kostaldean barreiaturik, Lapurdiko herriak han eta hemen ikusi ahal izango ditugu. Mendebalderantz begiratuz gero, Aiako harriko granitozko tontor bikainak, eta, ekialdean, berriz, Larhun mendiko gailurrean, ostatu erraldoiak, TDFko antena itzela... turismo eta teknikaren izenean eraikitako monumentu eroak. Azkenik, hegoaldean, Saioa, Mendaur, Arxuria eta Nafarroako mendi anitz.

 

Ibardin

Begien aurrean dugun guztia identifikatzen luze joko genuke, eta, gure interesa ase ostean, martxan jarriko gara. Ekialderantz hedatzen den gandorrari helduko diogu. 10. mugarria atzean utzi ondoren, garolekuaren ondotik doan aldapan behera jaisten hasiko gara. Azkar galduko dugu altuera, eta, haitzen artean bidezidorra bilatu aurretik, Manddaleko harrespilaren ondotik pasatuko gara. Historiaurreko monumentu megalitiko horretatik gertu, egungo zibilizazioaren aztarnak daude: Ibardingo bentak. Dendak, tabernak, jatetxeak, aparkaleku mordoa... ohikoa da inguru hauek asteburuetan jendez mukuru egotea, egun-pasa egiteko leku aproposik ez balego bezala.

Beratik datorren errepidea gurutzatu eta, berriz, bide ederrari eutsi eta aurrera egingo dugu, lehenik ipar-mendebalderantz eta gero, ekialderantz. Hasierako malda gogorra berehala leunduko da eta bideak Intzolako paraje ikusgarrietara eramango gaitu. Bailaran murgiltzean, gerizpea, freskotasuna eta Intzolako errekaren ur gardenek harrera egingo digute. Erreka ondoko galtzadatik (Napoleonen galtzada deiturikoa) jarraituko dugu Intzolako bentatik gertu dagoen zubitik erreka gurutzatzeko.  Beste aldera pasa eta maldan gora abiatuko gara Deskargahandiko lepora iritsi arte.  Larhunera zuzentzen den bidea eskuinera utzita, aldapan behera abiatu eta Olheta errekaren ondoan dagoen Manttobaita Gîte d’Etaperaino jaitsiko gara.

 

Manttonbaita

Manttonbaita aterpetik gertu dagoen aparkalekutik abiatu eta honen ondotik ateratzen den bide nabarmenetik martxan jarriko gara. GR-10aren marka zurigorriak lagun pixkanaka altuera hartuko dugu. Basotik atera eta berehala ikusiko ditugu Larhun mendiaren gailurra desitxuratzen dituzten antenak. Konturatu orduko, Errepausuko lepora iritsiko gara. GR-10aren bide-seinaleek erakusten diguten norabidean jarraituz, berehala iritsiko gara Larhun mendiaren tontorreraino igotzen den tren txikiaren trenbidearen ondora. Hau gurutzatu eta gero, Altsanga muinoaren oinean dagoen bidegurutzeraino jaitsiko gara.

 

Trenbidea zeharkatu eta sakanetik jaisten den bidea hartuko dugu hego-ekialderantz. Otadien arteko tarte baten ondoren, pista zabal batetik jarraituko dugu, amildegiaren ezkerreko hegaletik maldan behera. Larhun mendiaren ezproi  harritsua azpiko aldetik inguratu ondoren, asfaltozko errepide batera iritsiko gara eta bertatik jarraituko dugu pista eta hartxintxarrezko bidezidor batzuk hartuz. Asfaltatutako bidetik jarraitu eta berehala iritsiko gara baserri baten ondora eta gertu, metro batzuk gorago, otoizleku zaharrena den San Antonekoa ikusiko dugu basoan txertaturik.  Berriro baserrira jaitsiko gara eta honen ondotik ateratzen den lurrezko pistatik (GR-10aren bide-seinale zurigorriak) iturrira jaitsiko gara. Bertakoek diotenez ur honek begietako gaitzak eta ekzemak sendatzeko balio omen du. Lurrezko pista amaitu eta berriro etxe ederren artean zabaltzen den errepidera aterako gara. Gertu ikusiko dugu Sara herria eta bere elizako dorrea.

 

Sara

Herrian 14 otoizleku daude eta horietatik zazpi, Erdi Aroko galtzada zaharrean aurkituko ditugu herrigunetik oso gertu. Tradizioaren arabera, otoizleku hauek XVII. mendean altxatu ziren Sarako itsasgizon eta arrantzaleen eskariei men eginez. Otoizleku bat monumentu erlijioso txiki bat da eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Sara, eraikin erlijioso gehien duen euskal herria da.


Turismo bulegoaren aurrean, pixka bat gora doan kalea hartuko dugu eta, amaieran, oinezkoentzako bidetik jarraituko dugu. Harriztatuko galtzadatik San Petri otoizlekuraino joango gara. Eskailerak igo eta zolatutako bide horretatik jarraituko dugu D306 errepidera iritsi arte. Errepidean 400 bat metro egin eta ezkerrera egingo dugu. Kanpina eskuinera utzi eta zubia zeharkatuko dugu. Bide honek lehenengo bentetara eramango gaitu. Bi kilometro jarraitu eta ezkerretik ateratzen den pista hartuko dugu 64. mugarriaren albotik pasatuz. Errobi ibaia inguratzen duen pista ongi seinaleztatu honek Deabruaren Zubira eramango gaitu. D4 errepidea zeharkatu eta oihanpearen artean jarraituko dugu ibaiaren ertzetik. 600 metro geroago, ibaia hormigoizko zubi batetik zeharkatuko dugu, arrain-haztegia inguratu eta goranzko bidezidor batetik jarraituko dugu errepide txiki batera iristeko. Ainhoa herriaren sarreraraino jarraituko dugu.

 

Ainhoa

Herriko elizaren aurrean ekialderantz ateratzen den bidea jarraituko dugu eta, Gurutze-bidean, GR-10aren bide-seinaleei jarraituko diegu segidan. Hasieran asfaltatuta dagoen eta ondoren pista bihurtzen den bidetik ordubete baino gutxiago behar izango dugu zuhaizti batean babesturik dagoen ermitara heltzeko. Gertu, hiru gurutze erraldoi hilarriz inguraturik. Arrantzeko Ama Birddinaren (Arantzako Ama Birjina) kapera honen istorioa irakurri ahal izango dugu bertan dagoen testu batean: “ Iturri miragarri baten ondoan, artzain bati agertu zitzaion, Ama Birddinari eskainia zaio Kapera hau. Ez dakigu noiz gertatu den agertze hori, baina erraite ahal dugu Oñateko (Gipuzkoa) Arantzazuko Ama Birddinaren agertzearekin berdintasun aunitz badituela. Aspalditik Ainhoarrak eta, inguruko herrietako biztanleak igaiten dira kaperarat prozesioan, Mendekosteko astelehenean, meza nagusia entzuteko. Mendian den kapera ttikitik, Arantzeko kaperaraino, 1886an egin 14 gurutzeko bide bat bada. Bide honen ondoan, harpetxo batean, Ama Birddinaren itxurarekin batean, iturriño bat agertzen da. 1898an San Mattin Etchartek eraikiarazi zuen kalbario bat kaperaren aurreko ordozi ttikian, geroxeago 1900ean, Ama Birddinaren itxura bat emana izan zen, kaperaren aurreko kaperatxoan, eta berrikitan (2001) hilharriak (gizonarriak) emanak izan dira kalbarioaren inguruan”. Kapera atzean utzi eta Errebi mendiaren magalean hedatzen den GR-10aren bide-seinale zurigorriek erakusten diguten norabidean abiatuko gara. Mendia inguratu,  Soporro tontorrera zuzentzen den bidea ezkerrera utzi eta Gainekoborda lepora jaitsiko gara, izen bera daraman bordaren ondora. 

 

Mehatze

Bizkailuze eta Gorospil mendien hegalak zeharkatzen dituen pista belartsu eta ia horizontala hartuko dugu. Bidezidorrak Esteben Bordara eramango gaitu segidan Veauxeko lepora jaisteko. GR-10ari dagozkion bide-seinale zurigorriek erakutsiko diguten bidea jarraituz, berehala hasiko gara maldan gora. Errepidera iristean bertatik Mehatzeko leporantz igoko gara. Leku honetan Lapurdi eta Nafarroa Garaiko lurraldeak elkartzen dira eta inguruan Burdin Aroko zenbait harrespil daude. Metro batzuk beherago, garotan etzanda dagoen iruinarri ederra. Bidetik at, Artzamendi aldera metro batzuk igo eta harrespil osatuenetako bat aurkituko dugu, eta bere zazpi harri handiek osatzen duten zirkuluaren barruan “81” mugarria.

 

Bidera itzuli eta garo artean zabaltzen den bide zabala jarraituko dugu. “82” eta “83” mugarrien ondotik pasatzean ezkerrera pagadi trinkoa lagako dugu. Bat batean, aurrez aurre panoramika ikusgarria zabalduko zaigu: Iparlako harresi luzea eta Alkaxuriko piramide zorrotza. Aurrera segi eta, Zelaiburuko lepora iristean, gure mendean sakan zirraragarria amaitzen den lekuan, Aritzakun eta Urritzateko haranak elkartzen diren Sumutsuko borda ikusiko dugu. Atsedena hartu ostean, bidezidorrari helduko diogu eta oso pikoa den malda sigi-sagan jaisten hasiko gara.

 

Itsusiko lehen haitzera igotzeko garo artean zabaltzen den xenda gure eskuinera utzita, GR-10aren markak jarraituko ditugu Arruxiako baserrira iristeko, aurrez, Harpeko Sainduaren koba bisitatzeko aukera izango dugularik. Koba honetan dagoen estalaktita bati eman zaion deitura da eta duen giza itxura santu bati omen dagokio. Sinesmenaren arabera, estalaktita honetatik isurtzen den urak larruazal eta begien gaixotasunak sendatzen ditu. Baserrian hasten den errepidetik zubiraino jaitsiko gara eta Baztan ibaiaren eskuineko ertzaren ertzetik jarraitzeko. Bigarren zubira iritsi aurretik, Bidarrairaino doan bidezidorra hartuko dugu.

 

Bidarrai

Bidarrai eta Baigorri artean hedatzen den Iparlako harresia bi zirko bikainek mugatzen dute: Gapelu eta Talatzekoa. Gandor luze honek, Errobi ibaiaren ezkerreko ertza menderatzen du Bidarrai eta Baigorri artean. Garo, belar eta txilarrek jazten duten harresi honen kolorea sasoiaren arabera aldatu egiten da, udaberrian eta udan berdez janzten dira magalak, baina udazkena heltzean, garoa gorritu eta erabat itxuraldatzen da. Bi garaietan bisitatzea merezi du
 


Herriko frontoiaren ondotik abitu eta, berehala ikusiko ditugun bide-seinale zurigorriak (GR-10) bidelagun izango ditugu Baigorrira iritsi arte. Hau da Iparlako harresia zeharkatzeko gehien erabiltzen den bidea, oso nabarmena da eta bakarrik lainoa sartuz gero ibili behar da kontu handiz.



Urdakobordia baserriaren ondotik pasa eta Olarrepeako bidea ezkerrera utzi ondoren, Harriondi inguratu eta Pagalepora helduko gara. Lehen atsedena hartuko dugu hemen, zintzurra freskatu eta gandorrari helduko diogu segidan. Inguru harritsu bat zeharkatu eta mendi hegaletik Talatzeko zirko estua ikusi ahal izango dugu. Bertan hartzen du altuerarik handiena harresiak, 350 metroko malkar zorabiagarriak. Aurrera segi, Larrateko hegia inguratu eta Iparlako lepotik gertu ikusiko dugu gailurra.

 


Iparla

Presarik gabe Nafarroa Behera eta Nafarroa Garaia banatzen duen gandorrean zehar Iparlara igotzen hasiko gara. Azken metroak belarrezko alfonbra zapalduz beteko dugu. Hamaiketakoa egin baino lehen merezi du tarte luze bat hartzea, gure gorputza poliki jiratzen hasi eta 360ºko itzulia emanez ikusten dugunaz gozatzeko. Iparlako tontorra talaia paregabea da Euskal Herriko mendi gehienak ezezik, iparraldeko kostako eta barruko herriak ikusteko.

 


Jarraitzeko unea iristean, argazki pare bat atera, traste guztiak jaso eta hegoalderantz ibiltzen hasiko gara. GR-10ari dagozkion bide-seinaleak jarraituko ditugu eta lepo txiki batera heltzean metro batzuk bete beharko ditugu Tutuliako gailurrera iristeko. Iparla eta Tutulia dira Gapeluko zirkoa  mugatzen duten bi gailurrak. Putreek ere lekua bilatu dute zirko honetako malkarretan. Altuera azkar galduko dugu eta Harrietako lepora iristean, Urdozera doan bidea ezkerrera utzi eta igotzen hasiko gara. Astateko tontorrean gertuago ikusi dugu helmuga, baina oraindik izen bera duen lepora jaitsi beharko dugu Buztanzelaira igotzeko azken maldari aurre egiteko.

 

Buztanzelaiko tontorrera heltzean, tentazioa izango dugu aurrera jarraitzeko, Izpegiko mendateraino jarraitu eta zeharkaldia oso osorik burutzeko, baina Baigorri herria dugu zain eta bide-seinale zurigorriei kasu eginez herrirantz abiatuko gara. Lepora jaitsi eta Aintziagako harkaitzak gure eskuinera utziz, Atxueneako errepide aldera joko dugu. Ibilbidearen azken zati hau luzea eta aspergarria suertatuko zaigu, baina Iparlako gandorrean zehar hartu dugun gozatuak dena ahantzi araziko digu. Baigorriko erdigune bihurgunetsua kale-errepide bakarretik zabaltzen diren etxeek  osatzen dute, eta bertatik kilometro eta erdian ibiliko gara elizaren ondora ailegatzeko.

 

Baigorri

Udaletxearen aurretik abiatu eta GR-10aren bide-seinaleek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Eskuinean Iparlako harresia goititzen delarik berehala helduko gara Aldudetik datorren Errobi ibaiaren adarra gainditzeko zubira. Gure eskuinean zubi “erromatarra” ikusiko dugu. Metro gutxi batzuk bete eta ezkerretik jarraitu, errepidea azpitik pasa eta maldan gora jarriko gara. Bidegurutzetan seinale zurigorriek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen.

 


Asfaltatutako bidea amaitu eta lurrezko pista batetik igotzen jarraituko dugu basoan zehar. Balizatutako bidearen malda gogorrenak gainditu eta gero, Ahartza leporaino igotzen den errepide txikira iritsiko gara. Puntu honetan, GR-10ak norabide berria hartzen du, ezkerretik igotzen da Oilarandoiko magalean zehar. Lepora iristean, pistatik igotzen jarraituko dugu Urdantzia lepora heldu arte. Aldapa goxoak erraz eramango gaitu Munhoako tontorrera. Nafarroa Behereko hiribururantz joko dugu segidan. Beharriako haitzen ondotik marrazten den aldapa pikotik erraz galduko dugu altuera eta hau leuntzen denerako Lasa herriraino eramangon gaituen errepidera aterako gara. Beste hiru kilometro beteko ditugu Donibane Garaziko hiribildu zaharrera ailegatzeko.

 

Donibane Garazi

Zeharkaldi hau amaitu eta gero, merezi du Nafarroa Behereko hiriburuko kale zaharren artean murgildu eta bere eraikin historikoak ezagutzea. Ondare militarra osatzen duten Mendiguren gaztelua eta Donibaneko zitadelaz gain, harresien barruan lehen Zubiburuko Andredena Maria bezala izendatzen zen eliza dago, gaur egun Jasokuntza eliza deitua. Gotorlekutik eta Errobi ibaitik gertu dagoen elizak, Erdi Aroko harresiaren zati bat osatzen du eta, bere ondoan dagoen eraikinak Andredena Mariaren ospitalea izan zen mende askoan. Elizaren dorreak, zubi erromatarra Zitadelako karrika ederrarekin lotzen du. Merezi du bertako karriketan murgiltzea, plazak, zubiak eta dauden bost ateak ezagutzea, eraikin bakoitzak iraganean murgiltzeko aukera ematen baitio bisitariari.





Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc
Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario