Urepeleko plazatik, frontoiaren ondotik abiatuko gara, gure ezkerrera Xalbador bertsolariaren omenez jarritako plaka utzita. Herritik, erreka zeharkatzen duen bidea hartuko dugu eta 400 bat metro bertatik bete eta gero, ezkerretik asfaltatutako bidea hartuko dugu maldan gora erraz altuera irabaziz. Aurrera eginez, berehala, gure eskuinera Xalbadorrenea baserria ikusiko dugu, bertsolari ezagunaren jaiotetxea. Xabier Letek, Urepeleko artzaina kanta ezagunean, oso ondo irudikatu zuen Fernando Aire Xalbador bertsolari baxenabartarra. Aldude bailarako Urepele herrian jaio zen, 1920an, eta 1976an hil zen, bere omenaldi egunean, bihotzekoak jota. Bertsolari liriko eta poetikoa; bere bizitzari, familiari, baserriari, fedeari eta naturari buruz kantatu zuen. Hizkuntza galtzeari buruz eta Ipar Euskal Herriaren kontzientziarik ezaz moldatu zituen bertsoak, hunkigarriak izateaz gainera, gogorrak eta zorrotzak dira oso. Ezin bertzean (1969) eta Odolaren mintzoa (1976) eman zituen argitara. Bertsolari apala eta leku guztietan maitatua izan zen. 1977an euskaltzain ohorezko izendatu zuten.
Gure ibilbidearekin jarraituz, aldapa bizi batek altuera hartzen lagunduko digu eta, errepidearen ondoan dagoen metalezko hesi baten ondora iristean, hau utzi eta ezkerretik, garo artean ateratzen den lurrezko bide zabala hartuko dugu. Garo lekuak atzean utzita, goi-lautada txiki batera helduko gara, Patarramunhoko tontorretik gertu. Pista batek, berehala Korrotako lepoan utziko gaitu, Isterbegira igotzeko azken malda pikoaren oinean.
Borda berrituaren ondotik igaro eta berehala malda pikoari ekingo diogu. Ez dago xenda nabarmenik, beraz sigi-sagan erraz iritsiko gara mugarri bat duen Isterbegiko tontorrera. Mendi honek, inguru osoaren ikuspegi paregabea du. Alde batetik, Aldudeko bailara bere osotasunean ikus daiteke, soilik Banka geratuko zaigu ikustezin. Bestela, Urepele eta Aldude herriak, Esnaazu auzoa eta hamaika baserri eta borda mendien magaletan barreiaturik. Inguruko mendiek ere gure arreta erakarriko dute: Hargibel, Alba, Harluxe, Argintzu, Okoro, Adi, Lindus, Adartza eta beste asko, Aldude bailarari gotorleku baten itxura ematen diotelarik.
Abiapuntura itzultzeko, lehenik
Korrotako lepora jaitsiko gara eta hemen bi aukera izango ditugu. Lehena
igotako bidea errepikatzea eta, bigarrena, berriz, errepidetik herriraino
jaistea.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2020/07/urepeletik-isterbegira.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario