viernes, 30 de marzo de 2018

Lofoten (Norway)



Argazkia: Jon Sasigain

Martxoak 28-29-30


Hiru hegaldiren ostean, buruko mina nagusitu zitzaidan bidaian. Ez gaude ohituta: ez hegazkinean bidaiatzen, ez leku itxietan horrenbeste denbora egiten. Etxetik irten eta 20 ordura iritsi ginen Lofotenera, Norvegiara.






Argazkia: Txolo

"lo" katamotza omen da, "foten", berriz, oina. Diote, Lofoten uharteetako tontor zorrotzek katamotz oinak diruditela, lurretik begiratuz gero. Horra artxipelago honen izenaren jatorria. Norderland probintzian dago Lofoten, zirkulu polar artikotik gora.





Narvik hiritik bi ordu eta erdira hartu dugu ostatu, Laukvik herrian. Inguru honetako beste askotan bezala, arrantza ohikoa da hemen. Bakailao buruak nola lehortzen dituzten ikusi dugu.



Argazkia: Amaia Arregi

Lehen egunean Kistbergtind mendian izan gara. Gailurrean, 661 metrora, gogotik astindu du elur-haizeak, Pirinioetako gain garaienetan bezala.




Argazkia: Amaia Arregi

Bigarren egunean bi menditan izan gara: Sydalsfjellet da hau (736 m).




Harrituta gauzka eguraldiak: eguzkia atera, eta minutu gutxira, elurra mara-mara, eta berriz ere eguzkia. Goiko lainoak eguzki-izpi eder bihurtu zaizkigu beherakoan.




Kleppstadheia (534 m) da beste hau.




Arratsaldean igo gara bigarren honetara, eta oso garaia ez izanagatik, eguneko jaitsiera ederrena egin dugu.





Henningsvaer herria da hau, ederra!

Bideoa: Jon Sasigain


Dronak argazki ederrak egin ditu gaur.





Argazkia: Txolo

Itsasotik zerura, eski gainean. Horixe da guretzat Lofoten. Azkar ahaztu zaizkigu atzoko buruko minak. Ea aurora borealak kasu egiten digun.



***********


Martxoak 31 Larunbata da gaur. 3 egun daramatzagu Norvegian. Herrien izenak ez dira errazak eta kosta egiten zaigu haiek ikastea. Hala ere, ohitu gara goizean esnatu eta elurra nonahi ikusten: errepideak zuri, itsasoa bare, mendiak ikusgarri.



Argazkia: Jon Sasigain

Laukvik utzi eta Laupstad ingurura joan gara gaur. Pilan (700m) eta Sautind (596 m) mendietan izan gara: zein baino zein ederragoak. Elur-hautsa, eskiatzaile onenen gozagarri. Eta zorionekoak gu, beste mendizale gutxirekin batera. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du eta... ikusi!

Argazkia: Aritz Urbina


Txoloren dronari esker, paisaia zoragarri hau txorien ikuspegitik gordeko dugu betiko:

Bideoa: Txolo

Sei lagun etorri gara Norvegiara, Bergara, Arrasate eta Elgoibartik. Haien sentimenduak ezin hobeto azaltzen dituzte irudiek, baina hitzez ere adierazi nahi dituzte hemen bizitakoak:

Xabi Payros (Bergara):

Paisaiak ikaragarri politak dira. Itsas-mailatik hasten gara eskiatzen, eta gailurretatik, fiordoen ikuspegia zoragarria da. Aurkitu dugun elur-hautsa ezin hobea da. Egunen bat guztiz borobiltzeko, ea aurora borealik ikusteko zorterik dugun. Sekulako askatasuna sentitzen da mendietan. Eskiatzeko horrenbeste leku daudenez, ez dugu inon jendetzarik aurkitu. Aurkitu ditugun norvegiarrak oso jatorrak izan dira gurekin.

********


Apirilak 1


Laugarren egunak ere eman du berea Bikingoen herrialdean. Blatind-Jomfrudalen eta Glomtind inguruan izan gara gaur. Elurra mara-mara ari zuela esnatu gara, baina aitzakiarik ez: eguzkiak egun osoz egin digu lagun.





Argazkiak: Ainhoa Lendinez




Bideoak: Txolo

Taldea bitan banatuta, hiru lagun Kleppstadheiara joan dira arratsaldean:

Argazkia: Txolo

Azken argi-izpiekin jaitsi gara gu Glomtind-etik.


Bideoa: Aritz Urbina

Eguna abailtzen, herria esnatzen. Aberri Eguna gogoan Lofotenen... gora herria!

****************


Apirilak 2


Lau egun egin ditugu eski gainean, eta nekea sumatzen hasi gara. Eguraldi nahasia iragarri dute gaurko, eta horrenbestez, ezin aproposagoa iruditu zaigu inguruko bazterrak ikusteko, baina eskirik gabe. Lehen geldialdia hondartza txiki batean egin dugu: Rasteplass Flakstad. Kanpoan gradu bakarra, itsasoko ura 3 graduan. Berokiak ondo lotuta gu; surflariak neoprenoarekin, olatuen zain.





Argazkia: Txolo

Lofotengo etxeak. Norvegian lur hartu genuenetik eman digute atentzioa. Zurezko etxeak dira denak, familia bakarrekoak edo bikoak gehienez; garaienak bi solairu. Zuriak, hori ilunak, gorri ilunak, urdinak. Sartzeko gonbita egiten duten atariak eta barruko giro epela irudikatzen laguntzen duten leiho handiak. Autoan goazela, etxe barru horietako giroa asmatzen saiatu naiz: beheko sua, liburua eta kafesne bero bat. Liburutik begirada altxatu eta itsaso zabala ikustea leihotik, mendi zuriz inguratuta. Ipuinetako etxeak dira hemengoak. Reine herria da hau.




Argazkia: Jon Sasigain





Argazkia: Xabi Payros

Å herrira joan gara ondoren. Errepidez iritsi gaitezkeen azken herria da. Garai batean izandako arrantzale bizimoduaren arrastoak nonahi daude hemen: bakailaoak atarian zintzilik, itsasontziak ur ertzean, arraina lehortzeko zurezko egiturak inguruan. Turisten jomuga omen dira herriok, baina hemen ez dago Euskal Herriko hirietako jendetzarik. Lasaitasuna arnastu dugu bazter guztietan.

Tenperaturak bat-batean egiten du behera Lofotenen. Iluntzeko 20:00rak inguruan 7 gradu daude zeropetik, elurra eta izotza errepidean. Etxerako azken 5 kilometroak korrika egiten saiatu naiz: ederra bezain gogorra izan da.



Egunak onena emanda zeukala uste genuenean iritsi da eguneko ezustekoa. Gaueko 00:30, ohean batzuk, eta taldeko lagun bat ohartu da zeruak kolore berezia daukala. Berehala abisu eman digu gainerakooi. Etxeko balkoira atera gara, eta hauxe izan da oparia:


Argazkia: Jon Sasigain


Aurora Boreala, eguzki argiak gauez zeruan sortzen duen argi-ikuskizuna. Aurora erromatar jainkosak eman omen zion izena fenomeno honi, egunsentiaren jainkosak, hain zuzen ere.


*************
Apirilak 3

Asteartean eguraldi apartak eman digu egun ona. Goizean goiz jaiki eta indarberrituta atera gara etxetik. Storvassbotnen-en autoa utzita, hauxe gaur aukeratu dugun mendi ederra: Rundfjellet (803 m).




Bideoa: Txolo


Argazkia: Jon Sasigain



Bideoa: Xabi Payros


Argazkia: Ainhoa Lendinez


Gaurko kontakizuna amaitzeko, taldeko beste lagun baten hitzak:

Jon Sasigain (Bergara):
Lofoten, ametsak betetzen laguntzen duten irlak. Magic islands!!! Fiordoen barrenetan, itsasoan hasi eta 1000 metrora arteko orratzez jositako lurraldea, elur hautsez betea. Mendiko eskiatzaileontzat paradisua.



Argazkia: Jon Sasigain



***************************

Apirilak 4

Haizeak gogor jotzen du gaur bikingoen herrian. Olderfjorden ingurura joan gara, Varden (700 m) mendia igotzeko asmoz. Hasi orduko ohartu gara, ordea, eguraldiak ez duela lagunduko. 400 metro eskasera, haizearen kontrako jaka ere jantzi behar izan dugu. Negu gorria!
.


Argazkia: Xabi Payros

Lepoan beste mendizale talde bat ikusi dugu; eskiak bertan utzita gainera egin dute. Guk bitan banatu dugu taldea. Ezkerreko gain txikira jo dugu batzuk, ekialderantz beheraka hasi dira beste batzuk.


Argazkia: Ainhoa Lendinez

Iritsi ginenetik elur hautsetan eskiatu dugu, eta gaizki ohitu gara. Gainaldeko elur geruza gogorrak ez digu utzi nahi bezala gozatzen. Hala ere, ederra izan da gaurko ikuspegia ere!

Bideoa: Xabi Payros

Apirilak 5
Haizeak gogor jotzen du goietan eta badaezpada inguru ezagun batera joatea erabaki dugu gaur. Urrutira gabe, astearteko mendira joan gara berriro, Rundfjelletera.


Argazkia: Jon Sasigain

Hala ere, elur ona eta paisaia ikusgarria. Gora eta behera nekatu arte ibili dira taldeko batzuk.



Bideoa: Txolo



Argazkia: Aritz Urbina





Bideoa: Xabi Payros


Apirilak 6
Asteazkeneko haize hotza negu gorria iruditu zitzaigun baina gaurkoa ikusita... giro aparta zen hura! Gaurkoa bai negu gorria, Dalstuva inguruan. Eguzkitan hasi gara eskiatzen baina berehala oldartu da giroa eta 400 metro igota atzera egin behar izan dugu.




Argazkiak: Jon Sasigain




Argazkia: Xabi Payros






Bideoa: Xabi Payros


Eguna lasai joan zaigu, baina azken orduko argiez gozatzeko aukera izan dugu, etxe inguruan.





Bideoa: Aritz Urbina


************
Apirilak 7-8

Azken egunean gogotsu esnatu gara, Lofotengo elur-hautsaz gozatzeko irrikaz, baina eguraldiak ez du lagundu eta eskiak jantzi orduko egin behar izan dugu autora buelta. Hala ere, barru-giro ederrean igaro dugu azken eguna: kontu-kontari, oporrek emandakoa gogoratzen, argazkiak egiten...


Argazkia: Xabi Payros



Bideoa: Txolo


Argazkia: Amaia Arregi


Argazkia: Jon Sasigain

Bikingoen herritik, Euskal Herrira. Igandean iritsi gara etxera. Berriz ere hiru hegalditan joan zaigu eguna, baina umorea lagun, aise igaro da gaurkoa ere. Eskerrik asko taldeko kideei, batez ere, maldan behera izan duten pazientziarengatik.


Argazkia: Txolo


Argazkia: Xabier Payros

Bidaiaren inguruko azken gogoetak:

Ainhoa Lendinez:
Sasiren argazki ederrak, Payrosen patata-tortila, Txoloren irudi ikusgarriak... Euskal Herri berdera iristean, urrun geratu dira Lofotengo elurrak, hotzak eta argi zoragarriak. Hurrengoa prestatzen hasi bitartean, luze iraungo du gugan, egunotako elur arrastoak.

Xabi Payros:
Bidaia ederra, elur ederra, paisaia ederragoak... itzultzeko lekua, udan ere ikustekoa izango da!

Jon Sasigain:
Pilaneko elur hauts lehor, hotz eta sakona; Geitgaljetindeko haize bortitza; Kleppstadheiarako ilunabarra; Rundfjelleteko ikusmira arratseko isiltasunean… Lofotenekin nituen itxaropenak txiki geratu dira! Itzuliko naiz!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario