miércoles, 11 de noviembre de 2015

Egino: "Placas del Pájaro Loco" bidea, 195 metro, 4c/5a

Eginoko "Arista de los Caracoles" gandor ezagunaren eskuinean bada eskalada-bide ahaztu bat, "Placas del Pájaro Loco" izenekoa. Bide honen inguruko informazioa Garbiñe Uriartek idatzitako "Guía de Escaladas de Álva" eskuliburuan aurkitu daiteke, baina hortik aparte sarean ez dago inongo informazioarik.

Pasa den urriaren 30ean, egun haizetsu eta hezean, Asier, Iker eta hiruok bide hau eskalatzeko aukera izan genuen. Lehenengo luzea alde ezik (dena den, luze hau ekidin daiteke) beste luzeak harkaitz trinko eta paregabean ematen dira eta ederki difrutatzeko bide baten aurrean gaudela esango nuke.

BIDEAREN DATU BATZUK

Luzera: 195 metro.
Luzeak: 5.
Nork irekia: Datu hau ez dut inon lortu, baina bidearen hasieran topatu genituen iltzeak bidea ireki zenekoa badira aspaldian irekitako bidea izango da.
Zailtasuna: 4c/5a. Luzez-luze: 1ºL: 4c/5a (50 m), 2ºL: 4a (55 m), 3ºL: 4a (20 m), 4ªL: 4c (45 m) eta 5ºL: 3c (25 m). Azken hiru luzeak izan ezik beste luze guztiak ekipatu gabe daude, nahiz eta bigarren luzetik aurrera uztaidun parabolt bakarren bat topatu. Dena den, hiru luze hauetan nahiz eta paraboltak egon komeni da friend joko bat eramatea parabolt batzuen arteko tartea handia baita. Lehen luzearen eskalada arriskutsua kontu handiz egin beharreko luzea da, batez ere zailtasuna ematen dion pausu gogorra, kolokan dauden harkaitzak daude eta. Harkaitz sendoak izan ezkero pausu hau 4b-4c artean izan zitekeen.
Orientazioa: Hegoaldea, udan bero handia pasa daiteke. Honegatik ura eramatea gomendatzen dut.
Hurbilketa: kotxea uzten den lekutik 25 minutu inguru.
Jaitsiera: "Aztorea" eta "Usoa"-tik jaisteko bide beretik. Bidearen amaieratik Eginora 35 minutu inguru lasai joanda.
Eramandako materiala: 60 metroetako bi soka, luzera ezberdinetako 15 express zinta eta zinta luze batzuk bilguneetarako, Alien semaforoa (grisa baita ere), Camalot jokoa eta lincam gorri eta horia. Bukatzeko, Walkie-talkie pare bat ere eramatea gomendagarria izan daiteke bilguneen artean oihuka ez aritzeko.
Bidea eskalatzen pasatako denbora: 3 ordu.

BIDEAREN KROKISA

Bidearen nondik norakoak eta honen ondoan dituen horma eta bide ezagunak.


Krokisa zehatzago.








Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2015/11/egino-placas-del-pajaro-loco-bidea-195.html?m=1

No hay comentarios:

Publicar un comentario