jueves, 26 de junio de 2025

Menditxiki: Santa Marina Urbasako mendatetik


Santa Marinako tontorrean

Santa Marina ermita eta tontorrera igotzeko hamaika bide dago. Erabiliena, Iturmendik igotzen dena da, baina badira beste aukera batzuk. Ibilaldi hau Urbasako mendatetik abiatu, pagadi ederren artean murgildu eta mendiaren gandorrera ateratzen da ikuspegia erabat aldatuz: harana eta lautada, basoak eta larreak. Erliebe eta itxura desberdinak, baina paisaia osagarriak.



Abiapuntua, Urbasako mendatean dagoen informazio guneko aparkalekuan, edota hau beteta egonez gero, aurrerago dagoen beste batean izango dugu lekua. Berehala, berdez eta gorriz margotutako egurrezko hesola txiki batzuk (mendizaleen ibilbidea gorriz eta Pagadi sorginduaren berdez) erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Metro gutxi bete eta berehala, ibilbide egokituarekin bat egingo dugu. 850 metroko luzera duen bide honetan zehar aurrera egin eta  trenbide zaharraren errail baten ondotik pasako gara, garai batean trenbidea egiteko zurezko trabesak handik ateratzeko erabiltzen zuten trenbidearen lekuko isila. Txabola zaharra ezkerrera utzi eta bukaera heldu baino lehen, eskuinetik desbideratuko gara marka berde eta gorriak segituz. Basoan murgiltzean, lantegia deitzen zioten txondorra eta ikazkinek aterpetzat zuten txabola erakusgai daude. Bide erosoak ordoki berdea gurutzatu eta berriro pagadian sartuko gara bi ibilbide bereizten diren lekuan hain zuzen ere.


Pagobakarra

Santa Marinako ermitaren ondoan

Ordokia igaro eta berehala, Larrakarte inguruan, ezkerrera, pagadi sorgindura doan bide balizatua utzi eta, eskuinetik ateratzen den xendatik aurrera egingo dugu pagadian erabat murgilduz. Bide erosoak erraz gerturatuko gaitu lehen maldetara. Pagoen itzalpe goxoan bi kilometro pasatxo igaro eta gero, eskuinean aska bat ikusi eta ezkerretik marrazten xendatik igotzen hasiko gara malda bizian. Malda amaitzean, Pagobakar izenez ezaguna den lekura (pago bakarti bat dago) igoko gara. Pagadia atzean utzi eta pinudian sartzen den bide zabaletik aurrera egingo dugu eskuinetik datorren pista zabal batekin bat egin arte. Pista jarraituz Santa Marinako ermitara helduko gara.




Ermita, angelu zuzeneko bi eraikinez osatuta dago. Kontrahorma lodiak ditu eta egurrezko ate batez itxita. Ermitaren parean, hirugarren eraikin bat ikusiko dugu, aterbe funtzioa betetzen duena. Eraikinei bizkarra eman eta, gertu dagoen tontorrerantz joko dugu. “Euskaraz Bizi” lema duen Argitxo-ren buzoia haitzetan txertaturik aurkitu dugu. Ipar aldera begira jarri eta gure mendean Sakanako haran luzea dugu eta hegoa aldera, berriz, Urbasako ordeka amaigabea. Atzealdean, gailurraren siluetari begiz jarraituz, harkaitzetan zulo bitxiak ikus ditzakegu, Iruaitzeta edo Hiru Haitzak deituak.




Ikuspegi paregabe honetaz gozatu eta gero, ermitari bizkarra eman eta, gandorrean zehar, Urdiaingo porturantz abiatuko gara altuera pixkanaka galduz. Gure eskuinera Sakana eta ezkerrera, berriz, Urbasako lautada baso ederrez jantzirik. Gertu, Urdiango tumulu eta zutarria ikusiko ditugu. Balankaleku eta Bargagain aldera zuzentzen den gandor belartsua eskuinera utzi eta, hegoalderantz hedatzen den pistatik jarraituko dugu. Hirurehun bat metro bete eta, igotzeko erabili dugun bidearekin bat egingo dugu. Abiapuntura itzultzeko Pagobakarretik igaro,  Larrakartera berriro itzuli eta aparkalekura helduko gara.

  

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2025/06/santa-marina-urbasako-mendatetik.html 




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario