miércoles, 18 de junio de 2025

LORALDIA

Pentsalari, zientzialari, artista eta bestelako guztiek, bizitzako beheraldi eta txakalaldi sakononetan izan omen dute sormenik eta irudimenik handiena. Norbaitentzat lagungarri izan daitekeelakoan, hauxe nire txakalaldia.


                                                            Midi D'Ossau


Martxoan hasi nintzen zorabioekin. Hil amaiera zen, larunbata. Bezperan lanetik bueltan, autoa garajean aparkatzean zerbait nabaritu nuen, baina ez nion garrantziarik eman. "Seguru azkarregi jaitsi naizela autotik, edo burua azkarregi goratu dudala atea ixteko". Baina biharamun goizean, etxeko paretei helduta joan behar izan nuen ohetik komunera. Zorabio handia. Ez ziplo erortzeko modukoa, baina, zorabioa. Aitortu behar dut nahiko hipokontriakoa naizela, eta osasun kontuek asko agobiatzen nautela. Lasaitzeko esan zidaten etxean, pasako zela, baina larrialdietara joan nintzen badaezpada ere. Analisiak, oinarrizko neurologia probak... ez zidaten ezer arrarorik antzeman, bertigoak izan zitezkeela eta Lorazepam edo diazepam hartu nahi banuen hartzeko... halaxe bidali ninduten etxera. Noski, ez nuen inolako pilularik hartu nahi, ez behintzat derrigorrezkoa ez bazen, eta halaxe itzuli nintzen etxera. Egun osoa egin nuen ohean, ez kirolik ez ezer. Jateko gogorik ere ez apenas, goragale puntuarekin, tarteka. Hurrengo egunean, igandea, hobeto nengoen eta paseo txiki bat eman nuen. Hurrengo egunetan ez nuen ezer arrarorik sumatu eta asteburukoa pasarte puntual bat izango zela pentsatu nuen.


                                                                    Aizkorri


Badaezpada inguruan ditudan adituei galdetu nien, nire partetik ahal nuen guztia egin nahi nuelako. Itziarrek esan zidan antibiotikoek bertigoak eragin ditzaketela, prospektoan ere badatorrela jasota, baina ez diegula inoiz garrantziarik ematen. Nik ordurako, bi aldiz neuzkan hartuta anbitiotikoak urte hasieratik. Txixako infekzio batengatik lehenengo, bizkarrean gantz koskor bat infektatu zitzaidalako ondoren. Naturopatian diharduen lagun bati ere aholkua eskatu nion. Bertigoak belarritik etor daitezkeela esan zidan, baina hura baztertu zidatenez, elektrolitoen desorekak ere eragin ditzakeela. Ura, gatza eta limoia nahastuta hartzeko esan zidan. Egunero hartzen dut ordutik.

Karakateko igoeraren ostean beti hartzen dut atseden txiki bat entrenamenduetan eta aurten ere halaxe egin dut. Abendua eta urtarrila nire kasa ibiltzeko aprobetxatzea gustatzen zait, ordulariari begiratu gabe, eta noski, pultsazioei erreparatu gabe. Otsailean hasi nintzen berriro Ander lagun eta entrenatzaileak jarritako plangintzarekin. Aurten gorputzari eta buruari atseden txiki bat ematea adostu genuen urte amaieran. Maratoi erdiak, maratoiak eta ultra lasterketak utzi eta kilometro bertikalak egitea bakarrik. Pozarren hasi nituen entrenamenduak, eta egia esan, Anderrek agindutako testetan emaitzak oso onak izaten ari ziren.

Aste Santuan mendiko eskiko azken irteera egin ohi dugu Pirinioetara. Aurten ere hori zen gure asmoa baina xerpa bizkarreko minez zebilen eta etxe inguruan geratzea erabaki genuen. Lehen lasterketa Aloñako igoerako bertikalean geneukan zehaztuta, apirilaren amaieran, baina Aste Santuko asteburuan Asturiasen kilometro bertikal bat zegoela esan zidaten lagunek eta azken unean parte hartzea erabaki nuen, test moduko bat egiteko. Llampacesera joan ginen. Asturiasko herri txiki-txiki bat, lau baserri, eta giro paregabea. Atzetik aurrera hasi nintzen, asko sufritu gabe, eta azken aldapetan ahal nuen guztia emanda oso pozik amaitu nuen lasterketa. Entrenamenduen emaitza lasterketan ere islatu zen.



Aste Santuko oporretatik bueltan oso pozik nengoen, motibatuta, entrenatzen jarraitzeko gogoz. Egun batzuetara, baina, entrenamendu batzuetan hankak oso astun banitu bezala nabaritzen hasi nintzen. Bezperan inoizko lasterketa luze eta gogorrena egin izan banu bezala. Oso sentsazio deseroso eta arraroa zen. Ur pilaketa? Inflamazioren bat? Egunak joan eta egunak etorri, entrenamenduak nahiko ondo ateratzen ziren baina hanketako astuntasunak bere horretan jarraitzen zuen. Ez neukan ageriko azalpenik eta horrek jaten zidan barrua. Egun batean, goizeko entrenamendu batean, berriz nabaritu nuen zorabio txiki bat. Tarteka, baraurik ere egiten ditut saioak eta horren ondorioa zela pentsatu genuen. Itziar nutrizionistarekin eta Ander entrenatzailearekin komentatu eta glukojeno deposituak hutsik izango nituela ondorioztatu genuen. Egia esan, arraroa zen, ez zelako oso saio intentsoa izan, gorputza nahiko ohituta daukadalako baraurik entrenatzera ere, eta halakorik sekula ez dudalako lehenago sentitu. Baina hala ere, ordutik, entrenatu aurretik beti gosalduko nuela erabaki genuen. Hanketako astuntasuna ere hortik etor zitekeela esan zidaten gainera.

Apiril amaieran Aloñako igoerako bertikala ere primeran atera zen, nahiz eta faktore asko izan kontra. Azken unean ibilbidea erabat aldatu behar izan zuten antolatzaileek, hegazti batek habia egin zuelako Arantzazu-Buetreaitz inguruan. Jatorrizkotik oso urrun zegoen ibilbidea prestatu zuten. Arranoaitzera igoera, korrika asko egitekoa eta aldapa askoz gutxiagorekin. Niretzat, kalte. Horrez gain, egun horretan, sekulako beroaldiaren ostean, ekaitz izugarria bota zuen gauean. Eta lasterketa gauez izaten da. Hori guztia gutxi ez eta, zola eta takoak erabat gastatuta zeuzkaten zapatilak eraman nituen, eta makilarik ez. Baina txantxikuek pasio handiz antolatzen duten lasterketa da, negu beteko eguraldia izanagatik sekulako giroa zegoen Arranoaitzen eta oso ondo pasatu nuen. Eta ezustean oso emaitza ona lortu nuen. Ezin pozago amaitu nuen.


Maiatza hasieran, berriz, La Palman, Transvulcania mendi lasterketan parte hartzeko aukera sortu zitzaidan. Orain hiru urte izan nintzen joatekoa, baina sumendia lehertu zen, eta lasterketa bertan behera utzi behar izan zuten. Transvulcania oso lasterketa polita dela esaten zidaten beti lagunek, kontrastez beteriko proba, sumendi, oihan eta itsaso, denak uharte txiki batean. Asko pentsatu gabe joan ginen. Kanarietan lur hartu orduko, ordea, albiste lazgarria eman zidaten: lankide maite bat hilik aurkitu berri zuten. Bihotzekoa, bere buruaz beste egin ote zuen... lur jota utzi ninduen albisteak. Oso maitea nuen lankidea, kameralari eta lagun aparta, urte luzez ondoz ondo egunero elkarrekin aritu gara lanean. Deiak, mezuak, malkoak, ezinegona. Ordu zailak izan ziren.





Ostegunean kilometro bertikalean atera nintzen eta larunbatean maratoi erdian. Kilometro bertikala luzea zen, korrika egitekoa, eta sekulako giro beroa izan genuen. Hala ere, nazioarteko korrikalari asko zeudela kontuan hartuta, pozik geratu nintzen lehen 10 sailkatuen artean amaituta. Maratoi erdira helbururik gabe nindoan, han geundela aprobetxatuz sumendi inguruak ezagutzeko. Sekulako ekaitza hasi zuen goizean. Izugarria. Derrigorrezko materialik ez ziguten ezarri baina badaezpada zira hartu nuen eta eskerrak! Azken urteetan mendian inoiz izan dudan girorik gogorrena non eta Kanariar uharteetan! Haizeak bota egiten ninduen, euri zaparrada mardulak, eskuak izoztuta. Zer zen hura! Ultra lasterketan, adibidez, zati gorena kendu egin behar izan zuten eta jende askok utzi zuen lasterketa hiportermiak jota. Txiste mordoa izan ziren ondoren sare sozialetan: "hiportermiak jota, non eta Kanarietan! Hamaika ikusteko!" Nik hasieratik nabaritu nuen neke handia, hankak oso astun neramatzan, geldo nindoan, baina egun eta erdi lehenago kilometro bertikalean atera nintzelako izango zela uste nuen. Behin baino gehiagotan egin ditut halakoak eta ez dut halakorik sentitu, baina ez nion garrantziarik eman. Ibilbidearen zati batean galdu egin nintzen, hotzez ia akabatzen, hamaika gorabeheraren ostean, baina, pozarren iritsi nintzen helmugara. Turismo apur bat, hotelaz gozatu (ez baikara askotan hoteletara joaten) eta 5 egun zoragarri pasatu genituen Kanarietan.


Kanarietatik bueltan lasterketa sasoi betean murgiltzeko asmoa neukan: hiru kilometro bertikal segidan, hiru asteburutan. Euskal Herrian, etxean. Txindoki, Zegama-Aizkorri eta Aratz. Pozarren nengoen etxeko probei heltzeko, horiek ziren eta aurtengo helburu nagusiak. Kanarietatik bueltan baina, neke izugarria nabaritu nuen. Hegaldiak, bidaiak eta lasterketak eragindako nekea zela pentsatu nuen. Txindokiko bertikalera jada kezka puntu batekin joan nintzen. Lasterketa hasi aurretik, berotzen ari nintzela, bat-batean, zorabio txiki bat. Alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Sargori zegoen Larraitzen, eta familian tentsio bajukoak garela kontuan hartuta, beroaren ondorioa izango zela pentsatu nuen. Lasterketan dena eman nuen eta ez nuen zorabio zantzurik izan. Pozik iritsi nintzen gora, hustuta, baina pozik. Baina neure harrigarri, denbora ez zen espero nuena izan. Halakoetan atsekabea nagusitzen zait, batez ere ez nekielako zergatik gertatu zen, baina kirola horrelakoa ere badela esaten zidaten ingurukoek. Dena ondo egiten ari zarela uste duzun arren, egun batzuetan, besterik gabe, gauzak ez dira nahi bezala ateratzen. Lasterketa ostean izugarri nekatuta sentitu nintzen. Asturiasen eta Aloñako bertikalean ez nuen halako nekerik nabaritu. Hurrengo asteburuan Zegamako bertikala egin nahi nuen, eta beraz, hurrengo astea oso lasai hartzea erabaki genuen Anderrek eta biok. Baina nik buruari bueltaka jarraitzen nuen. Zorabio txikiak, hanka pisuak, sentsazio arraroak neuzkan.

                                                                Txindoki bertikala

Lanean ere tentsio eta urduritasunez beteriko asteak ari ziren izaten. Europa Ligako futbol finala San Mamesen jokatuko zen eta lanez lepo genbiltzan. Finalaren bezperan, zale ingeles batek lepotik heldu zidan konexio bete-betean, mozkor zegoen. Hurrengo egunean, finalaren egunean, mozkor batekin liskarra izan genuen, ez gintuelako bakean uzten lanean. Ondoren, zuzeneko konexio betean geundela, atzean kontainer bati su eman zioten hainbat lagunek eta zuzenean kontatu behar izan nuen. Tentsio handia nabaritu nuen, kortisola izarretan izango nuen seguru. Horrez gain, senitarteko bat hiltzorian zegoela jakinarazi zidaten. Ez nuen arratsalde erraza izan: batere gustatzen ez zaidan futbol giro fribolo betean nengoen, eta une berean, senitarteko bat azkenetan, eta familiakoak harekin sufritzen. Kafkianoa zen. Konexioa amaitu genuenean, zartako handi bat sentitu nuen bizkarrean. Gogoan daukat kameralariari esan niona: "bizkarrean motxila handi bat jarri izan balidate bezala nago, tentsio ziztada moduko bat nabaritu det, zerbaitek barruan kito esan izan balit bezala".

Biharamunean, osteguna, zorabioak berriro. Orduan bai, asko larritu nintzen. Hurrengo egunean Zegamako kilometro bertikala neukan eta ez nekien zer egin. Ero moduan, osteopatia eta medikuntza integrala lantzen dituzten zentro batera deitu nuen, eta berehala eman zidaten txanda. Bizkarra oso kargatuta neukala esan zidaten. Bitamina natural batzuk gomendatu zizkidaten, besikula eta gibela garbitzeko, sekulako masajea eman eta gorputza goitik behera manipulatu zidaten. Hurrengo egunean bertikalean ateratzeko esan zidaten, beldurra kentzeko, sinesteko ez neukala ezer larria. Fede osoz hartu nituen haien hitzak, eta ostiral goizean oraindik ere zorabio edo ahuldade txiki bat nabaritu nuen arren, osteopatek esandako guztia egin eta, Zegaman atera nintzen. Sentsazioak ez ziren txarrak izan. Txindokin bezala, ordea, amaierako denbora ez zen espero genuena izan. Baina, hala ere, izugarri pozik nengoen, ez nuelako zorabiorik nabaritu, eta lasterketa osteko nekea ere Txindoki ostean baino txikiagoa zelako.


Asteburua aurretik neukan. Lasai hartzeko asmoa neukan, bizikletan buelta txiki bat egin eta azken asteetako lasterketz errekuperatu. Larunbatean pozarren hartu nuen bizikleta. Aurreko asteburuan baino neke gutxiago nabaritzen nuen eta sinetsita nengoen buelta ematen ari nintzaiola. 30 kilometro baino ez nituen egin, eta halako batean, etxera iristear nintzela, ezker eskuko hatz lodia txingurritu egin zitzaidan. Ezin nuen sinetsi! Sekula ez zait halakorik gertatu! Hatzaparrak mugitzen hasi nintzen eta minutu batean berreskuratu nuen sentikortasuna baina ikaratuta geratu nintzen. Igandean beste bueltatxo bat eman nahi nuen bizikletan, presiorik gabe. Aizkorriko maratoia telebistan ikusi ostean atera nintzen eta berriz lokartu zitzaidan ezker eskuko hatz lodia. Pentsamendurik txarrenak hasi zitzaizkidan etortzen burura.

Astelehen eta asteartean zorabioak berriro eta goragalea. Aste osoan atseden hartzea erabaki nuen, larunbatean Aratzeko kilometro bertikalera fresko eta osorik iristeko. Baina lanean ere komeriak. Ordenagailu aurrean buruko mina, begirada nekatua, lepondoko zama eta zorabio txikia. Asteartean, Bilbon nengoela, Lekeitiora bidali ninduten albistea ematera eta mundua gainera etorri zitzaidan. Gidatzen ez nindoan eroso, eta bihurgunez beteriko ibilbidean kopiloto joateak ere beldurra ematen zidan. Oso gorputzaldi eskasarekin amaitu nuen lanaldia.

Hurrengo egunean medikuarenera joatea erabaki nuen, ezin nuen horrela jarraitu. Osakidetzan mediku diharduen lagun mendizale bat daukat, eskalatzaile ero bat. Sintoma guztiak aipatu nizkionean esan zidan lepondoko plaka bat ateratzeko. Bizkarrezurra zuzen bazegoen, kontraktura handi bat neukala esan nahiko zuen. Hark esandakoa aipatu nion familia medikuari eta berehala eskatu zidan lepondoko plaka. Mendaroko ospitaletik ateratzen ari nintzela, fisio lagun batek deitu zidan. Azkenaldian akain edo garrapatarik kendu ote dudan galdetu zidan. Bai, alajaina! Badaezpada analisiak egiteko esan zidan, berak iaz zorabioak eta beste hainbat kontu izan zituela akain batek hoska egin ziolako. Berriz itzuli nintzen ospitalera eta analisiak eta beste hainbat proba egin zizkidaten. Bertigoak atzemateko probetan negatibo eman nuen. Akainen testaren amaitza hainbat egunera iritsiko zela esan zidaten. Arratsalde osoa egin nuen Mendaron, baina azkenean jakin genuen nondik zetozen zorabioak. Nire lagun sendagileak esan zidan bezala, plakan sekulako rektifikazioa agertu zen bizkarrezurrean, lepondoan, eta beraz, sekulako kontraktura muskularra neukan. Uzkurdura horrek lepoko nerbioak harrapatzen zizkidala esan zidaten, eta hortik zetozela zorabioak, buruko minak eta hatzak txingurritzea. Parestesiak.


Larrialdietako medikuak auto istripurik izan ote dudan galdetu zidan! Ezetz esan nion. Esan zidan makina bat auto-istripu izandako gaixoak izan dituztela eta nik baino hobeto zeukatela lepoa! Atera kontuak! "Mas recto que esto solo he visto el palo de una escoba", esan zidan. Barre ere egin genuen. Ezin pozago nengoen, malkoak atera beharrean, behingoz diagnostikoa geneukan! Horren larri ikusi ninduten, ospitaleko profesionalek esan zidaten: jatorria jakinda, seguru orain hobeto sentituko zarela. Ni neu ere ziur nengoen. Fisioarekin errehabilitazioa, muskuluentzako lasaigarriak eta atsedena behar nituela esan zidaten. Eta batez ere, estresa murriztea. Senide eta lagun guztiei deitu nien esateko behingoz bagenekiela nondik zetorren arazoa! Hurrengo egunean, noski, ez nintzen Aratzeko kilometro bertikalean atera.

Nondik sortu da, ordea, kontraktura handi hori? Inguruan dauzkadan aditu eta mediku guztiei galdezka ibili naiz. Estresak zerikusi handia daukala esan didate. Europa Ligako partidaren egunean bizkarrean sentitutako ziztadaz akordatu naiz. Hilabete lehenago, lanean beste bi egun gogor ere izan nituela ere bai. Arduradunari esan nion ezin nituela horrenbeste ordu egin autoan, mugikorrari adi, presaka leku batetik bestera. Gogoan daukat Bilbotik Gasteiza bidali ninduela, enpresari batzuei elkarrizketak egitera, eta handik berriz ere Durangora, beste gai batekin zuzeneko konexioak egitera. Oso larri ibili nintzen denboraz, bidean gpsarekin galduta, estres handiko uneak izan ziren. Hurrengo egunean, beste horrenbeste. Euskal Herriko itzulia Arratetik igarotzen zela eta, han elkarrizketak egin, eta ondoren, gai aldaketa. Bilbora, bidean Basaurin Bridgestoneko lan gatazka grabatu genuen. Bilbora iristen ari nintzela berriz deitu zidaten Basaurira itzultzeko esanez,  azken orduko albiste bat atera zelako. Leher eginda iritsi nintzen etxera, negar egiteko zorian. Arduradunari aipatu nion, oso nekatuta nengoela. Ulertu zuen. Egia esan, eskertuta nago oso, lanean beti daudelako gure kezkak entzuteko prest.

Estresaz gain, izan dira bestelako kontuak ere, lepondoko arazoan eragina izango zutenak. Nepaletik bueltan, Hektor Llanos triatloilari ohi eta lagunarengana joan nintzen bizikleta berria neurrian jartzera. Osteopatia ere lantzen duenez, gorputza nola neukan begiratu zidan. Gerora akordau naiz Hektor izan zela bizkarra kargatuta neukala esan zidan lehena. Baina Nepaletik iritsi berri nengoen eta trekkinaren zamaren ondorioa izango zela pentsatu genuen. Urtarril amaieran eroriko bat ere izan nuen korrika. Non eta bidegorrian! Modurik tontoenean, muturrez erori eta sekulakoa hartu nuen. Esku-besoekin gelditu nuen inpaktua. Hurrengo hiru egunetan sekulako tortikolisa izan nuen. Etbko medikuak esan zidan erorikoaren ondorioz neukala lepoko mina. Egun gutxira mina desagertu zenez, ez nion aparteko garrantziarik eman. Atzera begiratuta, seguru dena joan dela okerretik okerrera. Suma y sigue. Estresa, erorikoa... auskalo, beraz, kontraktura noiz hasi zen. Argi dagoena da, orain, gorputzak bale esan duela.

Hiru aste daramatzat bajan. Lehen aldiz bizitzan. Marka da gero! 22 urtez lanean aritu ostean, abenduan plaza sinatu eta orain bajan. Azken urtean oposaketa prozesuan murgilduta izan gara eta seguru estres eta kezka horrek ere ez didala onik egin. Ez da erraza izan baja behar nuela onartzea ere. Noiz gaude lanera ez joateko bezain larri? Non dago muga? Lanerako hezi gaituzte, eta ni behintzat, ez naiz ondo sentitzen konpromisoa betetzen ez badut. Baina gorputza hizketan ari zait, eta medikuek ere hala gomendatu didate. Kostata baina hobeto daramat pixkanaka. Hala ere, luze doa, eta sekulako inbidia sentitzen dut albistegiko lankideak lanean ikusten ditudanean (ez dut telebistarik apenas ikusten).

Hiru aste daramatzat, halaber, Gogortuz fisioterapia zentroan tratamenduan, Oier Oregirekin. Makina da Oier. Aspaldiko laguna, oso ondo ezagutzen nau eta estimu handitan daukat. Lehen saiotik nabaritu dut hobekuntza, baina gogorra izaten ari da. Lehen saioaren ostean, esaterako, sekulako buruko mina izan nuen, orratzen ondorioz, burua lehertzeko zorian. Gurasoenera iritsi eta luze etzan behar izan nuen ohean. Handik bi egunera ere, oso egun gogorra, duela bi igande. Egun osoa egin nuen ohean, buruko minez. Negarrez ere bai, hobeto nengoela uste nuenean halako gaizki ikusi nuelako neure burua. Pentsamendu ezkorrak berriz ere. Erresonantzia egiteko zain nago orain, lepondoan herniarik ote dagoen ikusteko. Baina lasaiago nago, inguruan dauzkadan aditu guztiek diote oso arraroa dela hernia bat izatea. Hala izan bedi!

Baina telenobela ez da amaitu. Lehengo astean medikuak deitu zidan zer moduan nengoen galdetzeko eta espero ez nuen albiste bat emateko: "Ainhoa, akainen analisien emaitzek positibo eman dute". Lur jota geratu nintzen. Ahaztuta neukan akainen kontua, plakarekin agerian gelditu zelako nondik zetozkidan azken hilabeteetako neke, zorabio, min eta inflamazio zantzu guztiak. Eta orain, garrapatak kutsatuta? Medikuak esan zidan ez neukala lyme gaixotasuna, baina antibiotikoa bai ala bai hartu behar nuela, hartu ezean, gerta litekeelako denbora batera gaixotasuna garatzea. Sekulako kolpea izan zen. Arestian esan dudanez, ez naiz antibiotikoak hartu zalea, baina oraingoan, hartzea erabaki nuen. Inguruan lagun eta ezagun askok oso gaizki pasatu dute akainek kutsatuta eta badaezpada ere, tratamendua hasi nuen.

Hiru aste lanera joan gabe eta kirolik egin gabe. Inpass honetan baina, txarrenetik onena ateratzen saiatzen ari naiz. Lagun batek besoa hautsi zuen otsailean mendi eskiko proba batean eta berak ere gauza bera egin zuela esan dit: zer egin ezin dudan pentsatu eta penatu ordez, zer egin dezakedan eskertu. Eta ni ere horretan ari naiz. Paseoan ateratzen naiz, bidegorrian. Lo mordoa ari naiz egiten. Medikuak esan dit oso ona dela lo egitea, lepoa sendatzeko. Bada ni horretan ni txapeldun! Egunean 9-10-11 ordu egiten ditut lo. Bizimodua erabat aldatu zait. Esnatu eta lehen gauza nola nagoen ikustea da, eta horren arabera hasten da nire eguna. Paseo bat, gosaldu, edo irakurri. Beste zereginik ez. Zerikusirik ez orain dela hilabetera arte egiten nuenarekin: esnatu orduko mil por horan, egin beharreko guztiak programatuta: entrenamenduak, enkarguak, dendako kontuak eta arratsaldean lanera. Non stop, esnatzen nintzenetik oheratu arte.

Azken asteetan 12 liburu irakurri ditut, nobela historiko-erromantikoak asko, baina bestelakoak ere bai. Azken biak Marian Rojas psikiatraren bi liburu. Asko ari naiz ikasten. Estresak kortisola nola igotzen duen azaltzen du eta zein kaltegarria den osasunerako. Presaka bizi gara, erlojuaren kontra, eta denbora luzez horrela bizitzea arriskutsua da oso. Nik neuk ezinbestean gelditu behar izan dut erritmoa eta hasieran onartzea kosta egin zitzaidan arren, orain sinetsita nago hau dela sendatzeko modu bakarra. Atzera begiratu eta nolako abiaduran bizi izan naizen ikusteak beldurra ematen dit. Eta ez naiz kirolaz ari, lanaz, zereginez, egunerokoaz ari naiz. "Hau egin behar dut, eta beste hau ere bai" "Hau egiten ez badut gaizki, hori egiten ez badut gaizki". Zelako abiadura, zelako presioa geure buruari. Zelako estresa. Ikaratu egiten nau. Inpass honi buelta ematen diodanean, lanera eta ohiko egunerokora nola itzuli, hori da nire kezka nagusia orain. Osasunak geldiarazi egin nau, abisu bat eman dit, eta ezin diot entzungor egin. Hau ez da gaur konponduta amaitzen, hemendik ikasi egin behar dut eta bizi-ohiturak aldatu. Bestela berriz eroriko naiz, eta beherago gainera agian. Lanarekikoak ere egokitu beharko ditut. Estresa kudeatzen ikasi, autoa ahal den neurrian saihestu, pantailen erabilera murriztu. Egia esan, zorte handia daukat lanean oso ulerkorrak direlako eta beti sentitzen naizelako babestuta. Laguntza handia da hori.

                                                



Azken egunetan Oierrek esanda bi aldiz hartu dut bizikleta, baina soilik tratamenduari lepoak nola erantzuten dion ikusteko. Ondo goazela esaten dit. Oraindik erresonantziaren zain nago. Zorabioak asko murriztu dira, buruko minak ere bai, baina oraindik lepondoan eta bizkarrean zama handia nabaritzen dut. Ilobekin karta saioa egiten dugunean adibidez, sofan ere ezin naiz luze egon.

Prozesu honetan gehien harritu nauena da ikustea zenbat jendek dauzkan bertigoak, zenbat jende kutsatu den akainekin, eta zenbat jende gaixotu den estresaren ondorioz! Ni beti saiatzen naiz nire gorabeherak ageriko egiten, uste dudalako jendeari lagungarri gerta dakiozkeela besteen esperientziak, eta benetan makina bat jende jarri da nirekin harremanetan era guztietako gorabeherak eta somatizazioak kontatzeko. Zinez uste dut gaixotasun asko gure bizitzeko moduak eragiten dituela, normaltzat eman dugun bizitzeko modu ero honek. Presa, presioa, eginbeharrak, iraganarekin geure burua zigortzea, etorkizunarekiko kezka, maila eman beharra, mundu guztiarekin ondo moldatu nahia... nekagarria da, gero! Onartu nahi ez badugu ere, gu geu gara geure etsairik handienak. Buruak eta gorputzak seinaleak bidaltzen dizkigute, baina ez diegu jaramonik egiten, edo pilulekin partxeak jartzen ditugu. Baina lehenago edo geroago, osasunak bere lekuan jarriko gaitu. Eta zorionekoak gu, beranduegi ez bada!


Hilabete daramat Karakatera igo gabe, hilabete Aizkorrira joan gabe. Baina pozik nago, geldialdi hau gauza on asko ere ari zaidalako ematen. Ikasteko aukera, neure burua hobeto ezagutu eta hemendik aurrera nola bizi nahi dudan hausnartzeko.

Mendiko argazki eta bideo asko ari naiz ikusten. Zenbat amets bete ditudan, zelako zortea daukadan! Txikitatik hasi ginen Pirinioetara joatean, eta ezin konta ahala abentura dauzkat oroitzapenen motxilan gordeta. Oinez, korrika, dortsalarekin, eskiekin edo sokarekin. Zenbat tontorretan izan naizen galdetu dit lagun batek. Zaila da zenbatzen!

-Nafar Pirinioak: Hiru Erregeen Mahaia (hainbat aldiz), Annie (hainbat aldiz), Txamantxoia, Ezkaurre (hainbat aldiz), Ganbo, Alanoak...

-Tena bailara: Garmo Negro (11 aldiz), Balaitous (6 bat aldiz), Algas, Argualas, Infiernos (7 bat aldiz), Gran Facha, Cristales, Palas, Frondiellas, Bacias...

-Aspe (hainbat aldiz), Bisaurin (hainbat aldiz), Anayet (hainbat aldiz), Midi d'Ossau (3 aldiz)...

-Ordesa: Monte Perdido (7 bat aldiz), Casco, Punta las Olas, Tallon (7 bat aldiz)...

-Posets-Maladeta: Posets (7 bat aldiz), Aneto (5 bat aldiz), Maladeta (3 aldiz), Llosas, Russel, Margalida, Sacroux, Pavots, Perdiguero...

-La Munia, Astazous, Vignemale, Pic Long, Neouville (hainbat aldiz), Campbieill...

Zenbat amets beteta, jende zoragarriarekin gainera. Eta oraindik beste makina bat buruan: Aneto-Posets-Perdido zeharkaldia, Telerako korridoreak, Estasen korridorea, Jean Arlaud korridorea, Diablos-Costerillou, Salenques-Tempestades, Swan korridorea... Aurtengo neguan korridorerik egin gabe geratu naiz.

Alpeetan ere ibili gara zerbait: Mont Blanc (bi aldiz), Ecrins, Cervino, Duffourspitze-Monte Rosa, Castor, Polux, Breithorn, Des Agneaux, Arista Marbrees, Tour Rhonde, Arista Entrevers... eta zenbat mendi begiz jota! Eiger, Dent du Geant, Mont Blanc Bionasaytik, Lyskam, Monch, Jungfrau...

Himalaian izan naiz, Atlasen ere bai. Peru, Pagonia, Elbruz edota Yosemite ezagutu nahi nituzke. Mendi lasterketa mordoa ere egin ditut, Euskal Herrian, Espainian eta nazioartean, baina oraindik badauzkat erronkak buruan: Ehunmilak, Travesera, UTMB, Cormayeur bertikala...

Mendia oxitozina da niretzat, bitamina da. Lagun mordoa eman dizkit, eta buru-gorputzek uzten didaten bitartean lehentasunetako bat izango da beti nire bizitzan. Egun hauetan mendi lasterketak izaten ari dira nonahi: Travesera, Monte Rosa, Camille... Ni ez naiz haietan izan oraingoan, baina pozik jarraitu ditut lagunak sare sozialen bitartez, eta pentsatu dut, zorte handia daukadala orain arte mendiaz izugarri gozatu dudalako. Dortsalarekin eta dortsalik gabe. Bi aste barru izango da Nahaste Borraste proba herrikoia ere. Aurten ez naiz irteera puntuan izango, eta pena ematen dit, oso maitea dudalako proba hori. Baina ez dut uste 15 kiloko hareazko zakua lepo gainean hartzeak onik egingo didanik (kar, kar). 15 bat aldiz atera naiz Nahaste Borrasten, eta badakit, ondo bidean, datorren urtean ere han izango naizela.

Motibazioak mugitzen gaitu, eta sinetsita nago, bizitzara zoriontsu izateko etorri garela. Mendia da nire pasioa eta bide horretan jarraitu nahi dut amaierara arte. Edozein lekutan eta edozein formatutan, baina mendian. Joan den asteburuan Beunden izan gara. Euskal herriko nire txoko kuttuna, Aizkorri eta Aratzpean. Cambio de aires. Ostiral iluntzetik igande arratsaldera, etengabe bota du euria. Zarra-zarra. 24 orduz zaldien eta behien zintzarria entzun dugu inguruan. Paseo txiki bat eta loaldi eta irakurraldi amaigabeak. Asteburu terapeutikoa izan da.


Estresa zenbat jaitsi zaidan ohartzen ari naiz hilabeteko geldialdi honetan. Eta bizitza oso erraza izan daitekeela ere bai. Ez direla gauza asko behar bizitzeko. Hilabete da gasolina depositua bete nuela eta oraindik erdia ere ez dut gastatu. Normalean, ozta-ozta astebete irauten dit deposituak. Egunean 200 bat kilometro egiten nituen orain autoan, eta orain, berriz, hilabete daramat autobidean sartu gabe. Autoak ere asko nekatzen eta urduritzen nauela ohartu naiz. Xoxak ere gutxi gastatu ditut. Jatekoa eta lau erosketa, ez dut besterik erosi azken hilabetean. Ez da askoz gehiago behar bizitzeko. Erlojurik gabe esnatu eta erlojurik gabe igarotzen dut eguna. Kortisolak behera eta oxitozinak gora. Minez nagoenean izan ezik, umorez ere hobeto nagoela esango nuke. Eta antibiotikoek barrua zikintzen eta inflamatzen didatela kontuan hartuko ez bagenu, barrua inoiz baino garbiago daukadala sentitzen dut. Estresa murriztuta antsietatea ere murrizten zaidalako, eta ondorioz, lasaiago, kontzienteago eta hobeto jaten dudalako. Bide batez, inori interesatuz gero, parasitoen aurkako edabe bat hartzen ari naiz aspalditik, by Itziar: jengibrea, kurkuma, brokolia, mugurdiak, ahabiak, sagarra, azenarioa, erremolatxa, apioa... dena gordinik eta txikituta. Goizero itsasoko ura, zeolita, eta egunean zehar beste bi edari: ura, gatza eta limoiarekin batetik; ura, limoia eta sagar-ozpina, bestetik. Badakit ez dela erreza baina gorputza desinflamatzeko erremedio bikainak dira. Horrez gain, magnesioa eta omega 3 ere ari naiz hartzen, baita gibela garbitzeko landare zuku batzuk ere.



Elkarrizketa eta solasaldi politak ere ari naiz izaten. Axier Arteaga pilotari ohi eta coach-arekin asko ikasi nuen solasaldi honetan 👉 https://www.instagram.com/reel/DKc5Nw_gDmj/?igsh=NDlzY3kxb2owNjRz


Txarrenari onena aterata, sinetsita nago makalaldi gogor honetatik indartsu loratuko naizela. Eta zuri, irakurle, hau guztia lagungarri bazaizu, asko poztuko naiz.


PD: Eskerrik asko bihotzez bide gogor honetan laguntzen ari zareten guztiei: familiari, lankide eta lagunei. Aitor Montes, Itziar Gonzalez de Arriba, Oier Oregi, Araitz Irazu, Ander Garmendia, Andoni Madariaga, Hektor Llanos, Urko Arozena... zuen laguntzarik gabe, auskalo non eta nola izango nintzen orain.

No hay comentarios:

Publicar un comentario