martes, 16 de abril de 2024

Menditxiki: Andelo, hiri erromatarra

 


Erromatarrak, K.a. II mendean Ebro haranean zehar iritsi ziren Euskal Herrira, baskoiak zeuden lurraldean kokatuz. Garai hartako bizimoduaren lekuko diren makina bat arrasto ikus ditzakegu gaur egun, eta, horien bidez ezagutu dugu haiek utzitako legatua. Proposatzen den ibilaldi honetan, Iruñeatik (Pompaelo) gertu, Mendigorriako lurretan Andelo hiri erromatarra bisitatzeko aukera izango dugu, bertan izan zen deskubrimendurik garrantzitsuena ezagutzeko aukera izanik, hiria urez hornitzeko sistema hain zuzen ere.

 



XIII. mendekoa den Andiongo Andre Mariaren baseliza protogotikoaren ondotik abiatu, eskuinera Andeloko museoa utzi eta aurrez aurre ikusiko dugun bidetik igotzen hasiko gara. Berehala helduko gara erromatarrek hiria urez hornitzeko eraiki zuten sistemaren ondora. Lan-hidrauliko garrantzitsu honek lau zati garrantzitsu ditu. Iturrandutzeko presa eta ur biltegi erregulatzailearekin batera, ubidea eta uraren garraioa amaitzen den eraikina (castellum aquae). Ura presan bildu, ur biltokian gorde eta akueduktuaren bidez ailegatzen zen hiriraino.

 



Ur biltegiak zazpi mila metro kubikoko biltegi-gaitasuna duen eremua ikustean harri eta zur geratuko gara. Oso nabarmena da eraikitze prozesuan izan zituen bi faseak. Biltegia oinez inguratu eta egurrezko dorrera igoko gara eraikinaren ikuspegirik zabalena edukitzeko. Lurrezko pistara itzuliko gara segidan eta, aldapa txiki bat igo eta gero, zereal lurren artean hedatzen den bide zabaletik erraz egingo dugu aurrera. Berehala, bide bazterrean miliario bat ikusiko dugu. Zutabe zilindriko eta obalatu hauek, antzinako erromatar galtzaden ertzean jartzen ziren Italiako eta erromatar probintzietako galtzada nagusietako distantziak adierazteko erabiliz. Ezkerretik ateratzen diren bideak albo batera utzi eta zuzen jarraituko dugu bide nagusitik.

 



Errekasto baten ondora ailegatzean, egurrezko seinale batek eskuineko bidea hartzera gonbidatuko gaitu eta bertatik iritsiko gara Iturrandutzeko urtegi edo presa izan zenaren ondora. Mendigorria eta Zirauki herrien arteko mugan kokatuta dagoen presa honi “Deabruaren zubia” ere deitzen zaio. Eraikin honek ere bi mantentze-lan egin zirela erakusten du. Lehena silarrizko 13 kontrahorma eta ura ateratzeko kutxatila batez osatua, bigarrena, berriz, hormigoizko 9 kanpo kontrahormaz indartua. Egurrezko dorretik ederki ikus daitezke bi fase horiek.

 



Andeloko hiria urez hornitzeko sistema ezagutu ondoren, abiapuntura itzuliko gara, baina bide beretik bueltatu beharrean, aurrera jarraituko dugu. Bidegurutzean berriro eskuinera joko dugu eta honaino heltzeko hartu dugun pistaren paraleloan jaisten den pista zabaletik errepideraino jaitsiko gara. Hirurehun bat metro bertatik egin eta berehala izango gara Andeloko museoaren aurrean. Museoak duen erakusketa txiki eta interesgarria ikusi eta gero, hiri erromatarraren aztarnak bisitatuko ditugu.

 



2009an ireki zuten Andelo, hiri erromatarreko aztarnategi arkeologikoa. Induskatutako azalerak 15.800 metro kuadro ditu, hiri erromatarrak izan zuen hedaduraren %10 baino gutxiago. Indusketa arkeologikoak 1980. eta 2000. urteen artean egin ziren, bi hamarkadatan eta gerora ez da beste kanpainarik  egin. Induskatutako lurretan, erromatar hiriaz gain (termak, garbitegia, kaleak, peristiloa,  etxeak…), Erdi Aroko herriaren arrastoak ikusiko ditugu.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2024/04/andelo-hiri-erromatarra.html


 




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario