Berastegin 84 karobiren
aztarnak aurkitu dira, batzuk hondakin soilak dira gaur egun, baina beste
zenbait kontserbazio egoera onean daude. Ibilbide hau burutuz gero, herriko
lurretan dauden horietako batzuk ikusiko ditugu, Patxikutorreneako,
Buztiñeneako, Errekaldeneako eta Antsoneko karobien aztarnak hain zuzen ere.
Ibilbidea SL-Gi 54aren seinale zuri eta berdez balizaturik badago ere, erne
ibili beharra dago, zenbait puntutan berritu gabe daude edo ikusgaitz egoten
dira.
Herriko ikastetxearen
ondoan dagoen aparkalekutik abiatu eta lehen bidegurutzean, Etxeberri aldera
bideratuko gaituen egurrezko seinalea ikusiko dugu. Etxe eder artean ibiliz,
aldapa txiki bat igo eta beste bidegurutze batera ailegatzen bide-seinaleak
Uraundiagara ailegatzeko falta zaigun luzera erakutsiko digu. Ikuzleku zahar
baten ondotik igaro ostean, errepide nagusia igaroko dugu. Leitzalde auzotik altuera
irabazten jarraituko dugu. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta Buztiñeneako
karobiaren ondora ailegatuko gara.
Garai batean, Euskal Herriko
etxeak eraikitzeko kareharria erabiltzen zen eta karobiak ziren material hori
eskuratzeko labeak. Karobiak (Iparraldean eta Nafarroan gisu-labe izenez
ezagunak), mendian egindako zuloak ziren eta horietan botatzen zuten kareharria
egosi eta kaltzio oxidoa (karea) bihurtzen zuten, hauts moduko gai zuria.
Kareharria 800 eta 1000 gradu zentigradoko tenperaturan egosi behar izaten zen.
Sua sei-zazpi egunez egoten zen piztuta eta karobiaren goiko aldetik ke zuria
ateratzean, prozesua amaitutzat ematen zen, nahiz eta beste egun pare itxaron behar izaten zen karea karobitik
atera ahal izateko.
Bide balizatutik
jarraituz, Urandiaga erreka igaro, Patxikutorreneako karobiaren ondotik pasa
eta, bide erosoan zehar erraz egingo dugu aurrera. Eguzkialde auzoaren goiko
aldetik marrazten bidean zehar, berehala egingo dugu topo Errekaldeneako
karobiaren aurriekin, ibilaldi honetako hirugarrena.
Euskal Herriko karobi
gehienak XVIII. mendetik aurrera hasi ziren eraikitzen. Mota desberdinetako
karobiak badaude ere, badute beraien artean ezaugarri komunak: aldapa handiko
lekuetan eraikita eta inguruan harri eta egur ugari zituena. Karearen erabilera
nagusiena nekazaritzako lurrak ongarritzea bazen ere, bestelako erabilerak ere
izan ditu: eraikuntzak hormak egiteko, etxe eta baserrietako hormak zuritzeko
edota desinfektatzaile bezala gaixotasun eta izurriteen aurka.
Karobien historia laburra
gogora ekarri ondoren, aurrera egingo dugu Eladuaienalde auzoan dauden etxalde
artean. Kilometro pasatxo bertatik ibili eta gero, marka zuri eta berdeek ezker
aldera basoan sartzen den bidea hartzera gonbidatuko gaituzte. Aldapa pikoa
jaitsi, errepide nagusia zeharkatu eta azkar helduko gara Aiztunalde auzora. Egurrezko
seinaleek Antsoneko karobira igotzeko bidea erakutsiko digute. Egoera
kaxkarrean dago. Auzoa herrigunearekin lotzen duen errepide txikitik jarraituko
dugu ibiltzen eta abiapuntura iritsi aurretik, Elizalde auzoan dagoen Tourseko
San Martin elizaren ondora ailegatuko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2023/06/berastegiko-karobiak.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario