sábado, 16 de diciembre de 2023

Menditxiki: Larre eta Berastegiko karobiak

Powered by Wikiloc

 


Gaur Berastegi herritik abiatu eta Larreko tontorrera igo gara eta, beherakoan, herriko lurretan dauden bi karobi bisitatu ditugu.

 

Berastegiko eskolaren ondoan dagoen aparkalekutik abiatu eta maldan gora jarri gara Eguzkialde auzorantz zuzenduz. Etxe ederren artean pasa eta borda baten ondora ailegatzean, ezker aldetik jo dugu. Beste borda bat gure ezkerrera utzi eta pista zabalera atera gara. Malda pikoari aurre egin, metro batzuk aurrera egin eta ezkerretik marrazten den bidetik jarraitu dugu, egurrezko seinale zahar eta hondatu batek erakusten digun norabidean.

 


Bidexka basoan sartzen da eta sigi-saga luze baten ondoren, tontorreraino doan pista zabalera atera gara, baina metro gutxi batzuk beretatik bete eta berehala, eskuinetik ateratzen den lurrezko bidea hartu dugu San Lorenzo ermitaren ondoraino igotzeko.

 


Pagadi txiki batek babestuta, bertatik gozatu daitezke Berastegi harana alde batean, eta Leitzaran harana, bestean. Sarrerako ateak puntu erdiko arkua du. Barrualdean, eskuan parrilla handi bat duen santuaren irudia dago, polikromatutako erretaula xume baten barruan. Irudi honen oinetan tamaina guztietako iltzeak pilatzen dira. Garai batean, bertako biztanleak baselizaraino gerturatzen ziren, azaleko gogorguneak sendatzeko asmotan. Horretarako, errementariari erositako iltzeak eramaten zituzten eta, horiek erabiliz, gogorguneak igurtzi egiten zuten (gogorgune bakoitzeko, iltze bat). Tradizioari jarraituz, baselizara iristerakoan, bira oso bat eman behar zaio, sartu aurretik. Baseliza honi buruzko lehenengo dokumentua 1541.urtekoa da. Berastegiko armarriaren laurden bat santuari dago eskainita, eta beste laurden bat, baselizari.

 


Gertu dagoen Larreko tontorrera zuzendu gara segidan. Antena artean dagoen koheteak betetzen du mendiko buzoiaren funtzioa. Honen ondotik ateratzen den pista zabaletik Gorosmendiko leporaino jaitsi gara eta bertatik, Patxikutorrenearen karobia dagoen lekuraino jaitsi gara aldapa bizian.

 


Aurrera jarraituz, berehala heldu gara Bustiñeneako karobiaren ondora. Berastegin 84 karobiren aztarnak aurkitu dira, batzuk hondakin soilak dira gaur egun, baina beste zenbait kontserbazio egoera onean daude. Garai batean, Euskal Herriko etxeak eraikitzeko kareharria erabiltzen zen eta karobiak ziren material hori eskuratzeko labeak. Karobiak (Iparraldean eta Nafarroan gisu-labe izenez ezagunak), mendian egindako zuloak ziren eta horietan botatzen zuten kareharria egosi eta kaltzio oxidoa (karea) bihurtzen zuten, hauts moduko gai zuria. Kareharria 800 eta 1000 gradu zentigradoko tenperaturan egosi behar izaten zen. Sua sei-zazpi egunez egoten zen piztuta eta karobiaren goiko aldetik ke zuria ateratzean, prozesua amaitutzat ematen zen, nahiz eta beste egun pare  itxaron behar izaten zen karea karobitik atera ahal izateko.

 


Eguzkialde auzoko etxe artean bilatu dugu Errekaldeneako karobiaren ondora ailegatzeko eta bertatik abiapuntura itzuli gara.

 

 

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://menditxiki1.blogspot.com/2023/11/larre-eta-berastegiko-karobiak.html


No hay comentarios:

Publicar un comentario