Elorrion gaur egun XVI. mendeko bederatzi gurutze daude eta
horietako bat abiapuntutzat hartuko dugu ibilaldi honi hasiera emateko, San
Juango gurutzea han zuzen ere. Honen aurrean XVII. mendekoa den Urkizu “Tola”
jauregia ikusiko dugu, Urkizutarrenak ziren lurretan zeuden etxeak eraitsi eta
gero, 1677. urtean eraiki zena. Tola de Gaytán familiak 1918an jauregia erosi
eta izena eman zion. Herriko kirol gunera zuzentzen den bidetik, San Bizentekoa
baserri bikaina atzean utzi eta errepidera aterako gara, San Anton baselizaren
ondora. Aurrez aurre dugun zelaitxoa zeharkatzen duen xenda batetik etxalde
batera helduko gara. Gallastegi zerrategiaren ondora iristean, gertu Iguriako
gurutzea ikusiko dugu, Kanpazarko gainera eramaten duen saihesbidearekin bat
egiten duen lotunetik gertu.
Zerrategiaren ondotik Gazeta auzora zuzentzen den errepidetik
joko dugu eta, bidegurutzera heldu aurretik, Gazetako zubitxoa eta Bekoerrota
izandakoaren aurriak ikusi ahal izango ditugu. Orain arteko bide laua utzi eta
ezkerretik Gazeta auzoraino zuzentzen den bidetik gorantz egingo dugu.
Durangaldeako gailurren panoramika osoa ageriko zaigu lehen aldiz eta bidelagun
izango dugu ia ibilbide osoan zehar. Auzoa atzean utzi, Elorrioko baserririk
zaharrenetarikoa den Gerbillao baserriaren ondotik pasa eta pinudi batean
murgilduko gara maldan behera Aldape auzora jaisteko. Bertara iristean, errota,
estilo herrikoiko San Jurgi baseliza, ikuztegia eta iturria ikusiko ditugu.
Aldapebeitia baserri dotorearen ondotik igaro eta maldan gora jarriko gara.
Egurrezko maila batzuek, aldapa motz baina piko bat
gainditzen lagunduko digute San Joan baselizaren ondora iristeko. Gertu dagoen
errepidea gurutzatu eta gero, basoan sartzen den xenda eroso batek Casto de
Zavala arkitektoak 1889an eraiki zuen Uratsara eramango gaitu, 1826 urteko den Elorrioko
Bainuetxe Zaharra elikatzen zuen ur sufretsuen iturrira hain zuzen ere. Elorrioko
harana ur sufretsuaren iturburu gehien dituztenetakoa da eta arrazoi hori dela
eta, inguru honetan osasun-establezimendu ugari eraiki ziren. Gertu dugun
Zenita auzorantz joko dugu segidan. Zubi-lana betetzen duen lauza batek erreka
zeharkatzen lagunduko digu. Etxe eta baserri ederrak zeharkatzen dituen bidetik
Elgetarantz zuzentzen den errepidera aterako gara eta, bertatik, metro batzuk
bete ostean, Argiñetako nekropolira doan bidea hartuko dugu.
San Adrian baselizaren ondoan kokatuta dagoen nekropolia sarkofago
bikoitza daukaten hogeita bat hilobiz eta bost hilarriz osatuta dago. Hilobiak
bi zatiz osaturik daude: pieza bakarreko kutxa antropomorfoa eta itxura
triangeluarra duen estalkia. Latinezko inskripzioak ere badira bi hilobietan. Sarkofago
hauek, inguruko auzoetako (Mendraka, Miota eta Berrio) nekropolietan
erabiltzeko egin ziren Goi Erdi Aroan, baina XIX. mendean gaur egun dauden
tokian bildu zituzten. VII.-IX. mendetik Goi Erdi Arora arte eraikitako
sarkofagoen kopurua aintzat hartuz gero, esan daiteke Euskadin dagoen
hileta-monumenturik handiena dela. Hilarriak, baselizaren barruko aldean dauden
hamahiru piezaz osaturik dago. Kanpo aldean, interesgarrien diren bost
hilarrien kopia daude ikusgai. Hauetako lau diskoideak dira eta bat,
triangeluarra. Hilobiak baino zaharragoak dira, Kristo aurreko garaikoak hain
zuzen ere.
Baseliza eta nekropolia atzean utzi eta Mendraka auzorantz
joko dugu. Mahastien ondotik pasa eta erraz igoko gara auzoaren goiko aldean
dagoen Santo Tomas baselizaren eta nekropoliaren ondora. Bide laua hasieran eta
gero maldan behera, Lekeriketa auzora jaitsiko gara. Errepideak Kurutzondoko
gurutzearen ondoraino eramango gaitu eta bertatik, Elorrioko herrigunean
murgilduko gara, eta abiapuntura itzuli aurretik, bere kasko historikoa
zeharkatzean makina bat eraikin ikusteko parada izango dugu: Kanpoaldeko atea,
Urkizu dorretxea, Sortzez Garbiaren basilika, Otsa Goikoa errota, Kurutziaga
eta San Juango gurutzeak, Santa Ana komentua eta herriko ondarea aberasten
duten makina bat jauregi eta etxe eder.
Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2022/11/arginetako-nekropolia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario