Lañuko leizeak Trebiñuko
herri horretan dauden bi leize-multzo dira: Las Gobas eta Santorkaria.
Kobazulo horiek artifizialak dira, eta, antza denez, ermitau-komunitate batzuek
bizitoki gisa erabiltzen zituzten. 1978. urtean monumentu izendatu zituzten.
Arabako inguru hauetan antzeko leize ugari aurki daitezke. Gaur egun
aztarnategi hauei buruzko oso informazio gutxi ezagutzen da. Jose Maria San
Sebastian "Latxaga"ren
hitzetan hori omen da Euskal Herriko Kapadozia.
Ikertzaile horren ustez, komunitate horiek bisigodo eta
arabiar inbasioaren garaikoak
dira.
V.
eta VIII. mendeen artean eremitismoa hedatu zen Iberiar penintsulan. Kristau
monjeek
bakardadea bilatzen zuten arrazoi erlijiosoak
zirela-eta. Lañun kareharrian landu zituzten leizeak, mendialdean, ohiko
bideetatik urrun. Zaharrenak V. mendekoak direla uste da. VII. eta VIII.
mendeetan bertako nekazariek erabili zituzten bizileku gisa baina IX. eta X.
mendeetan bertan behera utzi zituzten eta Lañu herria sortu zuten mendiaren
oinean. Hurrengo mendeetan leizeak hilerri gisa ere erabili zituzten. XII.
mendetik aurrera, haien inguruko izpiritualtasuna galdu eta handik aurrera
korta eta biltegi bihurtu zituzten.
Lañu herria haran baten barruko aldean dago kokatuta;
haranaren sarreran, iparraldetik, bi aldetara, labar batzuk ikusten dira.
Haitzetan zulatuta sarrerak eta leihoak ikusten dira. Hor bizi ziren kristau-komunitate ezezagun batzuk, eskuinean Las Gobas eta ezkerrean
Santorkaria. Ganbera nagusietan aldareak ere aurkitu dira.
Las
Gobas
Eskuineko
multzoa hesi batez babestuta dago, baina ohikoa da hesia puskatuta topatzea.
Multzo honetan 11 leize daude, guztiak gizakiak egindakoak. Leizeetan ganbera
edo gela desberdinak ikus daitezke. Handienak ziur aski tenplu moduan
erabiltzen ziren. Beste batzuk, txikiagoak, gelak izango lirateke. Horrez gain,
harrian egindako hilobiak ikus daitezke. Leize horiek Jose Migel Barandiaranek aztertu zituen 1968an. Barandiaranen
ustez, aurkitu diren nekropoliak tenpluekin lotura zuzena dute. Aztarna
berrienak XII.
eta XIV.
mendekoak dira.
Santorkaria
Las
Gobasen aurrez aurre kokatuta daude. Izenak nolabait kristautasunaren
erreferentzia dakar. Multzo honetan 18 esparru aurkitu dira, batzuk erabat
txikituta; hauetako hiruk basilika baten oinplanoaren itxura dute, eta, argi
dago tenplu funtzioa bete zutela. Francisca Saenz de Urturiren
ustez Santorkaria izendapenaren azpian Santa Leokadia egon liteke, Markiz herriko
leize artifizialetan izen bera aurkitu baita. Lehendabiziko leizean habeak
jartzeko zuloak aurkitu dira eta, ondorioz, pentsatzekoa da eraikuntza bat egon
zela bertan. Las Gobasen bezala hemen ere tenpluak izan zitezkeen espazioak,
gelak eta hilobiak aurkitu dira.
(Informazio iturria: wikipedia)
http://askemikel.blogspot.com/2022/07/las-gobas-eta-santorkariako-leizeak.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario