lunes, 20 de junio de 2022

Egoarbitza

 

Elgeta inguratzen duten mendien artean, Egoarbitza da erakargarriena, bere erliebe arrokatsuak bereizten baitu inguruko mendietatik. Azkonabieta, Topinburu eta Galdaramuño dira inguruan dauden beste mendi ezagunak, baina hauek pinudi hertsiek estaltzen dituzte bertatik egon daitekeen ikuspegia erabat murriztuz. Egoarbitzaren kasuan, berriz, gailurra soila da guztiz eta azken zatian duen harresi itxura urrunetik ezagutu daiteke. Pinudiak beste alde guztiak estaltzen ditu eta, horietan irekitako pistak baliatuko ditugu tontorrera iristeko. Garaiera apala du, baina gailur berezia da. 

Elgeta herriak lotura berezia izan du euskal mendizaletasunarekin, 1924ko maiatzaren 18an, bertan sortu baitzuten Euskal Mendizale Federazioa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako mendi-elkarteek sustatuta eta “Federación Vasco-Navarra de Alpinismo” izenenarekin. Bi urte beranduago, 1926an, Pyrenaica aldizkaria argitaratzen hasi zen. Beraz, urte gutxi barru 100 urte beteko dituzte. 

Udaletxearen aurrean dagoen Mendizaleen Plazan emango diogu hasiera ibilaldiari. San Roke kaletik, Andra Mari Jasokundearen elizaren ondotik pasa eta errepidearen paraleloan igotzen hasiko gara San Roke ermitaren ondotik pasatuz. Herritik ateratzean, Eibarrera doan errepidea gurutzatu eta, Larragibel auzora zuzentzen pista hartuko dugu. Bertatik metro gutxi batzuk bete ostean, Eguzkitza landetxearen atzeko aldetik hedatzen den lurrezko pista hartuko dugu. Bide zabala pinudian sartzen da eta bertatik igota Lepozolo lepora iritsiko gara. Bidegurutze honetan, PR-Gi 90aren bide balizatuak (seinale zuri eta horiak) erakutsiko digu aukeratu beharreko bide egokia eta bertatik, Karabietako mendatetik datorren errepideraino joango gara bidea erabat leunduz. 

Bide balizatua utzi eta, aurrez aurre ateratzen den lurrezko pistatik aurrera egingo dugu. Hasiera batean malda txikia da, baina lepora iristeko igoko dugun azken tartea biziagoa da. Pinudiak atzean utzi eta aurrez aurre, harro agertuko zaigu itsasontzi baten ezproi itxura duen Egoarbitzako horma harritsua. Bordaren ondotik pasa, hormara gerturatu eta, ataka txiki bat gainditu ondoren, eskuin aldetik marrazten den bidezidor nabarmenetik joango gara. Bidezidor honen tarte txiki batean pasabide harritsu bat zeharkatzen da, eta kontu handiz ibiliko gara, batik bat lurra bustia badago. Bidezidorrak,  sigi-saga txiki bat gainditu eta gero, tontorrean utziko gaitu. 

Perretxiko itxura duen buzoiarekin batera, ohiko erpin geodesikoa. Bertatik izango dugun ikuspegia oso zabala da, inguruko zein urrutiagoko mendirik ezagunenak ikusiko ditugu eta, eguraldiak lagunduz gero, itsaso ere begizta dezakegu. Urko mendiaren  mendean Eibar eta Ermua herriak ikusiko ditugu, eta gertuago, berriz, zoritxarreko Zaldibarreko zabortegia eta Aixolako urtegia. Tontorretik, garbi ikus dezakegu Elgeta herria inguratzen dituzten lurrek jasan duten gizaki eta aurrerapenen eragina. Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik jaitsiko gara.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2020/02/egoarbitza.html




Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario