sábado, 12 de marzo de 2022

Menditxiki: Uitziko gainak

 


Kareharrizko mendi hauek, kantauri-mediterraneo isurialdeen banalerroan kokatuta daude, Utzi eta Azpirotz herrien artean. Gertu dauden mendiek osatzen duten gandorrean zehar, Araitz haranera amiltzen diren magalen gain aldetik, Malloek osatzen duten zirku ziragarriaren ikuspegi paregabea izango dugu.



Uitziko etxeak bi gunetan banatuta daude, bata elizaren inguruan eta bestea, berriz, herriaren beheko aldean errepidearen bestaldean. XVIII. mendekoak diren etxetzarren artean, garai bereko San Migel eliza aurkituko dugu eta berantiarragoak diren jauregi itxurako beste eraikin batzuk ere. Herriko bazter hauek bisitatu eta gero, eliza eta frontoiaren inguruan dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua eta Gorritirantz zuzentzen errepidean barna (NA 4011) hirurehun bat metro bertatik bete orduko, hau utzi eta ezker aldetik ateratzen den porlanezko pista hartuko dugu. Maldan gora jarri eta herriko kanposantura igoko gara. Orain arteko pista lurrezkoa bihurtuko da eta gurutze-bideak Santa Kruz ermitaraino eramango gaitu. 



Ezkerretik ateratzen den porlanezko bidea jarraituko dugu. Kilometro erdi eskas bertatik bete ostean, lurrezko bide zabal nabarmen batek eskuin aldera bidaliko gaitu, Mergelu mendiaren magalera. Pagadian murgildu eta xenda nabarmena jarraituz oso denbora laburrean iritsiko gara alanbrezko hesi batez mugaturik dagoen  gailurrera. Beste aldera pasa eta bertan buzoia ikusiko dugu. Leku honetatik, lehen aldiz ikusi ahal izango dugu gure mendean Azpirotz herria eta Araitz harana bere osotasunean eta honen gaindi. 




Gailur honetatik besteetara ailegatzeko gandorra besterik ez dugu jarraitu behar eta horretarako alanbrezko hesiaren ondotik hego-ekialderantz joko dugu. Berehala, harri-multzo batez seinalaturik dagoen Epeleko tontorrean izango gara, leku aproposa atsedena hartu eta panoramikaz gozatzeko.




Gorabeheratsua den bidean barna, bidezidorretik segituz hirugarren gailurrera helduko gara, Atumera hain zuzen ere. Behean ikusiko dugun lepora jaitsiko gara aldapa piko batetik, 100 metroko desnibela baino gehiago eta xenda nabarmenik gabe. Lepora iristean, pinudi baten paraleloan aurrera egin eta bidegurutze batera heltzean, ezkerrekoa aukeratuko dugu, Uitzi aldera zuzentzen dena. Pista honen hasieran, teila zatiak ikusiko ditugu lurrean txertaturik. 



Borda baten ondotik pasa eta berehala jaitsiko gara porlanezko pistara. Ezker aldera hartuko dugu eta bertatik berrehun bat metro beste eta gero, hau utzi eta eskuinetik ateratzen den lurrezko bidea hartuko dugu. Lekunberri eta Uitzi herriak lotzen dituen errepidera ateratzean, errekaren ondotik bete beharko dugu herriko beheko aldeko etxeen ondora iristeko.

 

Luzera: 6,8 km

Desnibela: 299 m


Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario