miércoles, 16 de marzo de 2022

Biarritzeko lakuen ibilbidea

 


Biarritzeko "Lakuen ibilbidea" izeneko proiektuak 8 eta 5 km-ko hiru ibilaldi desberdin eskaintzen ditu, guztiz birgaitutako ibilbide batean zehar. Iparraldeko herri honetako  zenbait leku ezagutzeko aukera izango dugu, gutariko askorentzat oraindik ezezagunak diren ingurune bitxiak. Zirkuiturik handienak 8 kilometro ditu. Milady hondartzaz gain, Marion eta Mouriscot lakuak inguratzen ditu, zati urbanoak eta naturalak uztartuz.




 Marion lakuaren ondoan dagoen aparkaleku txiki batetik abiatuko gara. Lakuaren ertzera jaistean, panoramika oso bat zabalduko zaigu eta uretan, ahate mota desberdinak ikusi ahal izango ditugu. Lakutik pixkanaka aldenduz joango gara parketik atera arte. Larrèguy eta Eugène Raulet kaleetan barna, Mouriscot lakura jaisten den Grabielle Dorzat kaletik abiatuko gara.




 Mouriscot lakua, 110 hektareako naturgune baten parte bat da, Biarritz eta Bidarte artean kokatuta. Guneak hainbat paisaia desberdin eskaintzen ditu: ingurune irekiak, ur berdeak dituen lakua, sastraka trinkoa, hezeguneak eta ingurune zeharka ezinak. Kontraste harrigarria egiten du ingurune urbanizatuarekin. Malda malkartsuko lakua da, eta bere magal oihantsu eta ilunek (pinuak, haritzak eta pagoak) harresi modukoak osatzen dituzte. Lakuaren eta bere inguruaren ezaugarri nagusia, interes biologiko eta paisajistikoa duen hezegune-mosaikoa da.




Lakua atzean utzi eta hondartza aldera zuzenduko gara. Allée Gabriel Dorzat kaletik segi eta, Milady kaletik Ozeanoaren Hirira (La Cité de l’Ocean) helduko gara. Eraikin honetan, modu dibertigarri, esperimental eta zoragarrian, ozeanoa ezagutzeko aukera izango dute bisitariek: biodibertsitatea, kirol-jarduerak, espezie eta biotopoen aurkikuntza, poloen aurkikuntza ludikoa, etab. Aurrera jarraituko dugu eta, berehala, Milady hondartzaren ondora iritsiko gara. Eguraldia lagun, aukera paregabea bainu goxo bat hartzeko. Hondartza honen izena, Lady Mary Caroline, eskoziar erregeen ondorengoak, hondartzaren aurrean bere jauregia eraiki zuenari zor zaio.




Hondartzari bizkar emanda, eta bide seinaleei kasu eginez, ikusgaitz den xenda bat bilatuko dugu, ur-araztegia eta etxeen artean igaroz. Pierre de Chevigné kaletik gorantz egingo dugu segidan, baina gora heldu aurretik, eskuinetik ateratzen den xenda bat (Giroueteko bidea) hartuko dugu. Basoa zeharkatzen duen xendak Salon kalean du amaiera. Ingurune urbanora aterako gara berriro, Marion lakura heldu aurretik Jean Bouton eta Jaizkibel kaleak zeharkatuz. Lakuaren ondoraino jaitsiko gara eta bere ertzetik ibiliz, abiapuntura helduko gara.




Biarritzeko hirigunetik gertu dagoen lakua hau, lorategi publikoa da. Erdian, putzu artesiar batek elikatzen duen 5 hektareako laku natural bat dago. Lorategiak, 17 hektareako azalera du, hiri-presioaren erdian kokatutako ingurune berdea. Lorategi ingelesa da, erregularki moztutako zelai handiekin, paisaia markatzen duten zuhaitz eta zuhaizti batzuekin. Lakuaren inguruan, hezegune baten hondar-eremu tipiko batzuek lekuaren izaera naturalaren lekukotasuna ematen dute. Hauek jendearentzat itxita daude, hegaztien gozamenerako.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko 

http://askemikel.blogspot.com/2021/07/biarritzeko-lakuak.html

 



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario