Mostrando entradas con la etiqueta nardasakon. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta nardasakon. Mostrar todas las entradas

lunes, 18 de febrero de 2019

Iraule: orratzaren kanala eta ipar hormaren zeharkaldia, AD, M3, III+

Aizkorri eta elurraren arteko idilioa aurten ez doa bide onetik. Negua eskas doa eta mendiak nekez zuritzen ari dira. Honek Aizkorriko kanalak eskalatzeko aukerak murrizten dituen arren, zerbait eskalatzeko aukera izaten ari gara.

Aizkorriko ipar horma eta kanalak Barbaritik ikusita. Iraule eta Nardasakon argazkiaren eskuinean gelditzen dira.


Duela urte batzuk nire buruari Aizkorrira hurbiltzeko aukera izango nuen bakoitzean bide berri bat eskalatzeko asmoa eramango nuela hitz eman nion. Oraingoan antzerako zerbait gertatu zen, hasierako asmoa bestelakoa bazen ere, azkenean kronika honetan azaldutako ibilbidea egiteko aukera izan genuelako.

Irauleko orratzaren kanalean.


Irauleko ipar horma erlaitz batek alderik alde zeharkatzen du, zerutik zintzilikatutako balkoi baten moduan. Tarteka zabala, tarteka estua, oinen azpian irekitzen den amildegiaren gainetik erlaitzaren zeharkaldia ikusgarria da. Elurra duenean erlaitzaren gainetik jarraitzea tarte batzuetan zaila da eta amildegitik zintzilik dauden ageriko zeharkaldi batzuk egin beharko ditugu.

Erlaitza estutzen den lekuetako batean.


Erlaitz honen gainean murgiltzen ginen hirugarren aldia zen: lehenengoan ezin izan genuen erlaitza bere osotasunean jarraitu; bigarrenean aldiz, nahiz eta erlaitza alderik alde zeharkatu argazki makina etxean utzi genuen. Hirugarren eta azken aukera kronika honetan azaltzen dena da.

Ibilbidean ageriko zeharkaldiak etengabeak dira.


IBILBIDEA

Ibilbidea Itzubiagako bordan (940 metro) hasi genuen, Nardasakon igo eta Irauleko orratzaren kanala eskalatuz. Nardasakonen ohiko irteeratik jaitsi ondoren, Irauleko orratzera doan ezker sarreratik bigarrenez orratzaren oinera iritsi eta kanal ezkutua  bigarrenez eskalatu genuen. Oraingoan, Irauleko gandorrera atera beharrean, kanalaren amaieratik aurrera Irauleko ipar horma alderik alde zeharkatzen duen erlaitza jarraitu genuen.

Azken zeharkaldi "tentean".


Jaitsiera Irauleko eskuin kanaletik egin genuen Nardasakon kanalarekin berriro ere bat eginez.

Irauleko eskuin kanalean behera Nardasakonera hurbiltzen. Haranean Zegama argituz doa.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 5,3 kilometro.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 685 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiabako bordaren ondoan iturria dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+, Irauleko orratzaren kanaletik eskalatzen badugu. Zailtasun hau antzerakoa da 2013an eskalatutako bidetik. Zailtasuna zertxobait jaitsi nahi badugu, aukerarik onenak Irauleko orratzaren ezker sarreratik sartu eta zeharkaldi osoa egin edo zeharkaldia kontrako noranzkoan egitea izango litzateke Irauleko orratzaren kanalaren ohiko irteeratik gandorrera ateraz. Azkeneko bi kasu hauetan zailtasuna M2 inguruan egongo litzateke.
- Eramandako materiala: Badaezpada 30 metroetako bi soka, friend, artaka-trabagaiu eta iltze joko bat, dozena erdi bat express zinta eta zinta-uztai batzuk eraman genituen arren, azkenean ez genuen eskaladako materialik erabili.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Hiru ordu eta erdi pasatxo, atseden uneak ere zenbatuz.

Ibilbidearennondik norakoak. Gorriz, igoerako ibilbidea eta urdinez jaitsierako. Kontutan izan argazkian ez dela ez Irauleko orratzaren irteera ezta orratzaren ezker sarreraren biderik azaltzen.


Zeharkaldia zehatzago.





Argazki gehiago ikusteko, ibilbidea deskargatzeko edota informazio gehiagorako hemen klik egin dezakezue. Espero dut gustuko eta baliagarri izatea


jueves, 22 de febrero de 2018

Iraule, orratzaren kanaletik, AD, M3, III+

Nardasakon kanala Iraule mendira doan kanal nagusia da, azkeneko urteotan aski ezaguna bihurtu dena kanal honetan lehiatzen baita Zegama-Aizkorriko kilometro bertikala. Ez dakit honek kanalaren igoeran eraginik izan duen baina azken urteotan Iralarrainardearekin batera gehien eskalatzen den kanala da. Eguzki izpi gutxien jasotzen duen kanala izanik, elurrak gehien irauten duen kanala da, baita egoera onean egoten dena ere.

Kanal hau igotzerakoan begiak ezinbestean Irauleren ipar hormatik zintzilik dagoen orratzera joango zaizkigu. Orratz hau lehen aldiz 1.955 urtean Juan San Martinek eskalatu zuen eta V mailako zailtasuna badu ere ez dirudi eskalada errazeko orratza denik. Harkaitz eskalada honetaz aparte, orratz honek badu gordeta Aizkorriko altxor ezkutuetako bat: orratzaren kanal mehartua.

Kronika honetan, argazkietan nabaria den bezala, anaia eta biok urtearen lehen elurte handien ondoren eginiko eskalada ikusteko aukera izango duzue.

IBILBIDEA

Ibilbidea Itzubiagako bordan hasi genuen. Bertatik gora doan lurrezko pista jarraitu eta larizti eta pagadia zeharkatu ondoren, Nardasakonen oinera iritsi ginen.

Behin Nardasakonen kanala jarraitzea besterik ez dago orratzaren azpira iritsi arte. Orratzaren kanal mehartura iristeko orratzaren eskuinetik (igoerako norabidean) sartu beharko dugu, aurretik belar, lur eta harkaitzez estalitako bi hormatxo eskalatuz. Lehenengo hormatxoa 5-6 metro ingurukoa, 60º eta II-III zailtasunaren baitan dago. Bigarren hormatxoa, 15-20 metro dituena, bietatik teknikoena da eta 65-70º eta III+ zailtasunera iristen bada ere, piolet eta kranpoiak lurrean sendo sartzeko aukera ematen du. Aukeran, nahiz eta auto-babeserako aukera gutxi dituen, hormatxo hau eskalatzeko soka-luze bat egin daiteke, orratzean dagoen bilgunean bilgunea muntatuz.

Behin orratzaren ondoan, honen eskuinetik (igoeraren norabidean) diagonalean gora doan kanal mehartua eskalatuko dugu. Kanal honetako zailtasunik handiena sarreran dago, elur mailaren arabera oso erraza edo zertxobait estutu behartuko dugulako. Sarrera zaila badago, soka luze bat egin daiteke.

Amaitzeko, kanala mehartuaren amaieran ezkerrera (igoeraren norabidean) doan arrail/tximinia estua gandorrera iritsi arte eskalatuko dugu. Tximinia honek bi zailtasun nagusi ditu, biak III-III+ ingurukoak: lehenengoa tximinian sartu arteko lehen 3-4 metroetan eta bigarrena gandorrera iristeko eskalatu beharreko azken koskan. Zailtasun hau elur asko eta gogorra dagoenean dezente murriztu daiteke. Tximiniaren irteeran harrizko gurutze handi bat topatuko dugu.

Jaitsierarik ohikoena Nardasakonetik egiten da. Nardasakonen irteerako hormatxoaren egoera ona ez denean aldiz, gomendagarriena Nardasakonen eskuin adarretik (kilometro bertikalak jarraitzen duen bidea, alegia) jaistea izaten da.

IBILBIDEAREN KROKISA

Ibilbidearen krokisa. Gorriz Nardasakon kanala eta urdinez orratzaren kanal mehartua eskalatzeko jarraitu behar den bidea.


IBILBIDEAREN DATU BATZUK

- Luzera: 4,4 kilometro pasatxo.
- Punturik baxuena: Itzubiagako borda, 940 metro inguru.
- Punturik altuena: Iraule, 1.511 metro.
- Metatutako desnibel positiboa: 540 metro inguru.
- Igotako mendiak: 1.
- Ura: Itzubiagako bordaren ondoan iturri bat dago.
- Zailtasuna: AD, M3, III+.
- Eramandako materiala: Kaskoa, kranpoiak eta bi piolet. Eskalada zailtasun maila honetan eskalatzeko ohitura edo erraztasunik ez badugu, eskaladarako materiala eramatea gomendagarria izan daiteke: 30 metroetako soka, zintaren bat, auto babeserako aseguruak eta 4-5 express zintekin nahiko izango dugu.
- Ibilbidea egiteko pasatako denbora: Oso poliki joanda eta atsedenak egiteko denbora kontutan hartuta hiru ordu eta laurden pasatxo pasa genuen.


Informazio eta argazki gehiagorako: http://www.smithyrenbloga.com/2018/01/iraule-orratzaren-kanaletik-20180128.html


Amaitzeko, irteeraren bideoa partekatzen dizuet, espero dut gustuko izatea.