sábado, 4 de julio de 2026

Girizu Orreagatik

Powered by Wikiloc

 


Orreagako gudaren oroitarria

Orreagako guduaren oroitarriaren ondoan emango diogu hasiera ibilbide zirkular honi. 778ko abuztuaren 15ean, baskoiek frankoen errege zen Karlomagno garaitu zuten Orreagako lurretan. Garai haietan, ia penintsula osoa zegoen musulmanen eskuetan, baina iparraldeko buruzagi batzuek ez zuten onartzen Kordobako aginpidea, eta penintsulako iparraldea bereganatu nahi zuten. Suleiman ibnal-Arabi Zaragozako gobernadoreak, bere helburua betetzeko, Karlomagno errege frankoari laguntza eskatu zion, eta ordainez lurrak eman.

 

Orreaga

Orreaga

Karlomagnok musulmanen eskaintza onartu zuen, eta Orreagatik barrena Iruñetik igaro, eta Zaragozara iritsi zen, baina ez zioten sartzen utzi, hiria beste gobernadore baten esku baitzegoen. Erregeak bueltatzea erabaki zuen, eta, Iruñetik igarotzean, harresiak suntsitu, eta hirian sartu zen. Frankoen lurretara itzultzean, mugan zain zituen baskoiak; Eneko Aritza buru zutela, laurehun bat artzainek suntsiezina zirudien Frantziako Armada garaitu zuten.

 

Maldan gora

Pagadian zehar

Oroitarriaren ondotik Ibañetako mendatera zuzentzen den errepidean zehar igotzen hasiko gara, baina lehen bihurgunean, hau utzi eta ezkerretik ateratzen den porlanazko pistan barrena abiatuko gara. Berrehunen bat metro aurrerago, eskuinetik igotzen den lurrezko pista hartuko dugu. Malda bizian gora egingo dugu ezkerretik ateratzen den bidea hartu aurretik. Metro batzuk aurrerago, bide hori ere utziko dugu, eskuinera ateratzen den bidezidor bat hartuta, eta malda onean, alanbre-hesi bateraino eramango gaitu. Puntu honetan, eskuinean ikusiko dugun pagadiaren paraleloan zabaltzen den soilgunearen malda gogorrari ekingo diogu, antena baten ondora iristen den pistara iristeko. Bide-seinalerik ez duen ibilbidea denez, bidez ez nahasteko tracka izatea komeni da.


Azken maldari ekinez

Girizuko tontorretik gertu
 

Girizuko tontorretik gertu dagoen antenaraino marrazten den malda bizia da oso, eta, hortik aurrera, ia laua. Buzoiaren ondoan atseden txiki bat hartu ostean, eta, talaia paregabe honetatik dagoen ikuspegi zabalaz gozatu eta gero, gertu ikusiko dugun pagadi aldera jaisten hasiko gara bide jakinik gabe. Alanbrezko hesia igaro, eta pagadian zehar jaisten hasiko gara lurrezko pista batekin topo egin arte. Bertatik aurrera egin eta Ibañetatik datorren pista zabalera aterako gara, Gabarbideko lepotik gertu. Kilometro eta erdi pasatxo beharko dugu Ibañetako mendatean dagoen San Salbatore ermitaren ondora ailegatzeko. Metro batzuk gorago, Errolanen omenez jasotako monumentua ikusiko dugu.

 

Girizuko tontorrean

Ibañetatik Orreagara jaisteko Donejakue bidea jarraituko dugu. Ataka bat igaro, pagadian murgildu eta altuera galtzen hasi orduko, pista zabal batera aterako gara. Kilometro erdi eskas geratuko zaigu Orreagako ospitale eta gazteen aterpera iristeko.

 

Done Salbatore baseliza

Errolanen harria

Orreaga Pirinioetako igarobide naturala izan da antzinatik, eta erromesek han aurkitu dute beti laguntza eta atsedena hartzeko lekua. Gaur egun aurkituko ditugun eraikin nagusiak hiru espaziotan banaturik daude: lehenengo zatian, sarrerako zabalgunean, ostatua, Izpiritu Santuaren kapera, Done Jakueren kapera eta Batailaren monumentua daude. Ondoren, eraikin modernoagoak diren Priore etxea, Liburutegia eta Museoa; Itzandegia aparte geratzen da. Bigarren zatian, Kolegiata (Andre Mariaren eliza, klaustroa, kanpandorrea eta San Agustin kapera) eta Benefiziodunen etxebizitzak. Hirugarren zatian, berriz, ospitalea eta gazteen aterpea. Eraikin multzo hori ostatu txiki batekin eta garai batean errota izandako informazio bulegoarekin osatzen da. Auritz aldera errepidetik jaitsiz, Erromesen gurutzea dago.


Donejakue bidea

Orreagarantz


 


No hay comentarios:

Publicar un comentario