![]() |
Santa Marinako tontorrean |
Santa
Marina ermita eta tontorrera igotzeko hamaika bide dago. Erabiliena, Iturmendik
igotzen dena da, baina badira beste aukera batzuk. Ibilaldi hau Urbasako
mendatetik abiatu, pagadi ederren artean murgildu eta mendiaren gandorrera
ateratzen da ikuspegia erabat aldatuz: harana eta lautada, basoak eta larreak.
Erliebe eta itxura desberdinak, baina paisaia osagarriak.
![]() |
Animakientzako babeslekua |
Abiapuntua,
Urbasako mendatean dagoen informazio guneko aparkalekuan, edota hau beteta
egonez gero, aurrerago dagoen beste batean izango dugu lekua. Berehala, berdez
eta gorriz margotutako egurrezko hesola txiki batzuk (mendizaleen ibilbidea
gorriz eta Pagadi sorginduaren berdez) erakutsiko digute jarraitu beharreko
bidea. Metro gutxi bete eta berehala, ibilbide egokituarekin bat egingo dugu.
850 metroko luzera duen bide honetan zehar aurrera egin eta trenbide zaharraren errail baten ondotik
pasako gara, garai batean trenbidea egiteko zurezko trabesak handik ateratzeko
erabiltzen zuten trenbidearen lekuko isila. Txabola zaharra ezkerrera utzi eta
bukaera heldu baino lehen, eskuinetik desbideratuko gara marka berde eta
gorriak segituz. Basoan murgiltzean, lantegia deitzen zioten txondorra eta
ikazkinek aterpetzat zuten txabola erakusgai daude. Bide erosoak ordoki berdea
gurutzatu eta berriro pagadian sartuko gara bi ibilbide bereizten diren lekuan
hain zuzen ere.
![]() |
Pagobakarrera iristen |
Ordokia
igaro eta berehala, Larrakarte inguruan, ezkerrera, pagadi sorgindura doan bide
balizatua utzi eta, eskuinetik ateratzen den xendatik aurrera egingo dugu
pagadian erabat murgilduz. Bide erosoak erraz gerturatuko gaitu lehen
maldetara. Pagoen itzalpe goxoan bi kilometro pasatxo igaro eta gero, eskuinean
aska bat ikusi eta ezkerretik marrazten xendatik igotzen hasiko gara malda
bizian. Malda amaitzean, Pagobakar izenez ezaguna den lekura (pago bakarti bat
dago) igoko gara. Pagadia atzean utzi eta pinudian sartzen den bide zabaletik
aurrera egingo dugu eskuinetik datorren pista zabal batekin bat egin arte.
Pista jarraituz Santa Marinako ermitara helduko gara.
![]() |
Santa Marinako tontorrean |
Ermita,
angelu zuzeneko bi eraikinez osatuta dago. Kontrahorma lodiak ditu eta
egurrezko ate batez itxita. Ermitaren parean, hirugarren eraikin bat ikusiko
dugu, aterbe funtzioa betetzen duena. Eraikinei bizkarra eman eta, gertu dagoen
tontorrerantz joko dugu. “Euskaraz Bizi” lema duen Argitxo-ren buzoia haitzetan
txertaturik aurkitu dugu. Ipar aldera begira jarri eta gure mendean Sakanako haran
luzea dugu eta hegoa aldera, berriz, Urbasako ordeka amaigabea. Atzealdean,
gailurraren siluetari begiz jarraituz, harkaitzetan zulo bitxiak ikus
ditzakegu, Iruaitzeta edo Hiru Haitzak deituak.
![]() |
Urdiaingo portua |
Ikuspegi paregabe honetaz gozatu eta gero, ermitari bizkarra eman eta, gandorrean zehar, Urdiaingo porturantz abiatuko gara altuera pixkanaka galduz. Gure eskuinera Sakana eta ezkerrera, berriz, Urbasako lautada baso ederrez jantzirik. Gertu, Urdiango tumulu eta zutarria ikusiko ditugu. Balankaleku eta Bargagain aldera zuzentzen den gandor belartsua eskuinera utzi eta, hegoalderantz hedatzen den pistatik jarraituko dugu. Hirurehun bat metro bete eta, igotzeko erabili dugun bidearekin bat egingo dugu. Abiapuntura itzultzeko Pagobakarretik igaro, Larrakartera berriro itzuli eta aparkalekura helduko gara.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://menditxiki1.blogspot.com/2025/06/santa-marina-urbasako-mendatetik.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario