Grankantoko horma |
Jaizkibelgo
paisaiak osagai asko eta aberatsak ditu: itsaslabarrak, itsasargiak, landaretza
ugaria eta haran eskegiak. Guk horietako
bat bisitatzea erabaki dugu, Grankantoko haran eskegia hain zuzen ere. Itxura
fantastikoa duten hareharrizko irudiek osatzen dute Jaizkibelek dituen
paisaiarik politenetako bat da. Paraje ezkutu eta gorde honetan harribitxi bat
aurkituko dugu.
Itsaslabarretara so |
Ibilaldi
labur eta zirkular hau burutzeko Jaizkibelgo kantinaren ondoan dagoen
aparkalekutik abiatuko gara. Bertan hasten den xendatik Kabitte baserrira
iritsiko gara berehala. Mitxitxolako gaina inguratuz datorren Talaia bidea
gurutzatu eta laster, ataka bat gainditu eta maldan behera jaisten den pistatik
Bonazaitza edo Buenos Aires baserriaren hondarrak dauden ingurura iritsiko
gara. Eroritako hormen ondoan baserria izan zenaren oroimen gisa bertso bat
plaka batean iltzaturik ikusiko dugu. “Hemeretzigarren
gizaldian betirako txikitua / Bonazaitza baserriak ez du emango berriz fruitua.
/ Gerretan ohikoa den bezala edozein antzutua / Bonazaintza erreka eutsi!
inguru hau piztua”. Adierazgarria oso. Kolore zuriko bi marrek erakutsiko
diguten norabidean aurrera egingo dugu. Maldan behera, bidea estutu egiten da
eta sasoiaren arabera, oteak eta sasiek ia itxi egiten dute xenda. Malda pikoa
emeki jaitsiko dugu eta konturatu orduko, Iñularreta errekak zeharkatzen duen
haran txiki eta estu bat zabalduko zaigu begien aurrean. Berehala helduko gara
Grankantoren mendean eskegitzen den haran txikira.
Itsaslabarretan |
Harrizko
olatu erraldoiaren parera heltzean, bidea utzi eta nabarmena den xenda txiki
batetik hormaraino gerturatu gara. Ilargi itxura duten geoformak nonahi ageri
dira, milioika urteko higadurak zizelkatutako irudi eta forma apetatsu
erakargarriak: albeoloak, zuloak, formak, horma-hobiak, kubetak, erliebeak,
arkuak, leihoak eta abar. Eguzkiaren izpiak zuzenean horma eder honetan
islatzen direnean, distira berezia erakusten du eta itzalekin batera koadro
ederra osatzen dute bertan agertzen diren forma guztiek.
Grankantoko haran eskegia |
Irudi
eder hau atzean utzi eta berriro bidera jaitsiko gara errekak bere urak
itsasoan isurtzen dituen tokiraino jaisteko. Sanjuanarri ezproiaren paraleloan
igotzen hasiko gara aldapa pikoari aurre eginez. Alanbrezko hesiaren ondotik
marrazten den xenda garbitik Jaizkibelgo itsas labarren ikuspegi paregabeaz
gozatzeko aukera izango dugu. Goiko zelaietara iritsi eta malda gogorrak
moteldu digun arnasa berreskuratuko dugu. Panoramika aldatu egiten da hemen,
goiko larreak itxasoraino nola amiltzen diren ikusiko dugu. Bertan dagoen
arroka baten gainean pausatu, eta itxaso aldera begiratuz, Ulia eta Jaizkibelgo
malda bortitzek itxasoarekin batera osatzen duten puzzle perfektua begiztatzeko
aukera izango dugu.
Geoformak |
Geoformak |
Abiapuntura
heltzeko, oso nabarmena den bidetik aurrera egingo dugu. Iñularreta baserrira
zuzentzen den bidea gure ezkerrera utzi eta eskuinetik ateratzen dena
aukeratuko dugu. Kilometro bat baino gutxiago beteko dugu Jaizkibelgo
errepidera atera eta 200 metro beherago dagoen Kantinara heltzeko. Ibilbide
laburra, baina oso bizia.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
https://askemikel.blogspot.com/2016/10/grankantoko-haran-eskegia.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario