sábado, 4 de enero de 2025

Mont Blanc-eko itzulia (TMB)

 

Monte Bianco 

Ibilaldi honek, Frantzia, Italia eta Suitza herrialdeetan zehar hedatzen den Europako mendebaldeko mendigune garaienaren isurialde guztiak bisitatu eta ezagutzeko aukera eskaintzen du. Munduko leku gutxitan aurkituko ditugu Mont Blanc-eko mendigunean dauden paraje eta paisaia ederrak. Kontrastez betetako lurralde honetan, gailur garaiak, haitz zorrotzak, amaigabeko glaziarrak, izotzezko ezproiak, ibai emaritsuak, baso trinkoak eta landaretza ugari eta ederra mendizalearen begi ninietan txertatzen dira uneoro postal perfektua osatuz.   

Zortzi egunetan zehar, mendi magalak zeharkatzen dituzten xenda eta bailarak lotzen dituzten lepoak bilatu ditugu eta ondo balizatutako bideetan barna, Savoia Garaia, Savoia, Aosta eta Valais eskualdeetako herri txiki eta lurrek osatzen duten ikuskizun paregabeaz gozatu dugu.

 

TMB bide-seinaleak

1. etapa

Les Houches (1.010 m) - Chalets de Miage (1.559 m)

Luzera: 13,5 km

Denbora: 4 ordu 50’

Desnibela: 1.307 m (igo) 756 m (jaitsi)

 

Miage bailara

Gaua La Montagne aterpean igaro ondoren, Chamonixetik 5 kilometrora dagoen Les Houches-a (1.010 m) abiatu gara kotxez, Mont Blanc-eko itzuliari hasiera emateko ohiko abiapuntura hain zuzen ere. Teleferikoaren ondoan dagoen aparkalekuan kotxea utzi, zortzi egunerako beharko dugun materiala bizkarreratu eta martxan jarri gara. Ibiltari askok Bellevue-ra teleferikoz igotzen dira, baina guk itzulia osoa oinez egitea erabaki dugunez marka zurigorriek (TMB-GR 5) erakusten diguten bideari heldu eta maldan gora jarri gara. Belleface-ko txaletak atzean utzi eta teleaulkiaren linea jarraituz Voza lepora (1.653 m) iritsi gara. Bide nagusia Montjoie bailaran sartu eta Bionnassay herrira jaisten bada ere, guk erakargarriagoa den beste saihesbide bat aukeratu dugu. Horretarako, kremailera-trenaren paraleloan doan bidea hartu dugu eta Bellevue-ko geltokira iristean (1.801 m) topo egin dugu Goûter eta Tête Rousse aterpeetan gaua pasa eta gero Mont Blanc-eko mendi tontorrera igo nahi duten makina bat mendizalerekin.


Miage aterpea

Zeruan hodeiak nagusitzen hasi dira eta urrutian trumoi hotsaren bat edo beste entzun dugu. Kapa jantzi ondoren, ondo balizatutako xenda jarraitu dugu Bionassay glaziarretik jaisten den ur korronte indartsua gainditzeko pasabidearen bila. Zubi esekia igarotzean (1.590 m)  Himalaian gaudela iruditu zaigu. Amets laburra! Malda gogortzen hasten denerako ibarbide eder batera igo gara. Mokadutxo bat egin eta zintzurra freskatu ostean, Tricot leporantz (2.120 m) jo dugu. Gora heltzean, Vorassary mendiaren tontorrera igotzeko asmoa bertan behera utzi behar izan dugu, lainoa sartu da eta. Gutxi falta zaigu gaurko helmugara iristeko, bailararen hondoan ikusi baititugu Miage-ko etxetxoak. Bidea sigi-sagan jaitsi eta laster inguratu gara gaua pasako dugun aterpera. Dutxatu eta bazkaltzen hasi garenerako (arrautzak eta urdaiazpikoa) eguzkiaren berotasuna sentitu dugu. Bionnassay orratza eta Dômes de Miage-ko harresi bikaina parez pare.


Chalets de Miage

Eguraldi ona aprobetxatuz, trasteak utzi eta Miage-ko larreetara jo dugu izen bera duen glaziarretik urtutako urek sortzen dituzten erreken bila. Plan Glazier aterpera doan xenda segitu dugu tarte batez eta berehala iritsi gara ur-jauzi txiki baten ondora. Balkoia egiten duen arroka batean eseri eta eguzkiak bustitzen duen bailara ederrari so geratu gatzaizkio denbora luzez. Paisaiarekin ederki gozatu dugu! Afaldu eta goiz ohera.

 


2. etapa

Chalets de Miage (1.559 m) – Col de la Croix de Bonhomme aterpea (2.433 m)

Luzera: 22 km

Denbora: 6 ordu 40’

Desnibela: 1.483 m (igo) 603 m (jaitsi)

 

Bonhomme leporantz

Gau trumoitsua izan dugu eta gosaltzera altxatu garenerako egunak bere aurpegirik goibelena  erakutsi digu, lainoa eta euria Miage-ko bailara ederraz jabetu dira. Eguraldiaren aurreikuspenak ez dira onak, baina bapo gosaldu ondoren trasteak prestatu, aterpeko lagunak agurtu eta martxan jarri gara. Gorges de la Gruvaz aldera doan pistatik ateratzen den xenda balizatuari heldu diogu eta sigi-sagan Truc lepora (1.720 m) igotzen hasi gara. Berehala iritsi  gara izen bera duten etxolen ondora, horietako bat aterpea delarik. Bide-seinaleak jarraituz maldan behera jarri gara Les Contamines aldera. Euriak ez du atertzen eta luzea gertatu zaigu jaitsiera, ez baitugu inguruaz gozatzeko aukerarik izan. Armancettera doan bidea ezkerrera utzi, La Frasse-ra iritsi eta txaleten artean jarraituz Les Contamines (1.167 m) herrian sartu gara. Ez dugu atsedenik hartu eta aurrera jarraitu dugu. TMBren markak jarraituz errekaren beste aldera pasa eta Le Lay-ra heldu gara. Gorabeherarik gabeko bidea segituz Notre Dame de la Gorge santutegira iritsi gara (1.210 m) eta bertan arropaz aldatzeko eta santutegia bisitatzeko asmoz atseden txiki bat hartzea erabaki dugu.


Plan des Dames 

Atsedenaren ostean, Le Bon Nant errekaren eskuineko ertzetik igotzen hasi gara harlauza handiz osatutako galtzadan zehar. Pasabide hau Rochassets izenez ezagutzen den antzinako bide erromatarra da. Bideak gora egiten du, baina zorionez atertu egin du eta zeruan ostarte txiki batzuk ikusi ditugu. Gorago, errekak higatutako La Téna zubia igaro eta Tré-la Tête uharrarekin elkartu ondoren, aurrera segitu dugu. Aldapa txiki bat igo eta Nant Borrant (1.460 m) aterpera iritsi gara. Hamaiketakoa egiteko unea. Eguzkia nagusitzen hasi da. Krema eman, arropaz arindu eta aurrera egin dugu. La Rollaz basoaren paraleloan doan bide zabaletik La Balme (1.706 m) aterpearen ondoan dagoen iturrira iritsi gara. Pista utzi eta xenda eroso bat jarraituz Jovet lautadara igo gara. Izen bera duten lakuetara doan bidea ezkerrera utzi eta malda motz baina piko bati ekin diogu Plan des Dames-a (2.243 m) igotzeko. Lautada txiki batean tumulu bat aurkitu dugu eta elezaharrak dioenez, ekaitz izugarri baten ondorioz, leku honetan hil ziren dama ingeles baten eta haren neskamearen arrastoak omen daude bertan gordeta. Tradizioa jarraituz, bertatik pasatzean harri bat utzi dugu.


Chalet La Balme

Argazki pare bat atera eta Bonhomme lepora (2.329 m) igotzen hasi gara hasieran arroken artean eta tarte belartsua zapalduz ondoren. Lepotik begiratuz Montjoie haran luzearen ikuspegi ederra, baita ere Tré-la-Tête mendia eta Chapieux haranarenak. Haize fina dabil eta denbora galdu gabe elurtegi txiki bat gurutzatu eta harkaitzen artean zabaltzen den bidea segituz la Croix de Bonhomme lepora (2.483 m) iritsi gara. Izen hau duen benetako lepoa beherago baitago, aterpea pasa ondoren. Nonbait, Bigarren Munduko Gerra aurretik Michelin muga bat jarri nahi izan zuten mendi-lepo faltsu honetan eta halaxe geratu da gaur arte. Puntu honetan GR5 eta TMB bideak bereiztu egiten dira. Kilometro erdi bat eskas maldan behera eta Col de la Croix du Bonhomme (2.433 m) aterpera iritsi gara. Beaufortain eta la Tarentais-eko gailurretako bista ederrak. Afari ona bertako arduradunen musikaz lagundurik.

     



3. etapa

Col de la Croix de Bonhomme aterpea (2.433 m) – Elisabetta Soldini aterpea (2.195 m)

Luzera: 20 km

Denbora: 5 ordu 30’

Desnibela: 967 m (igo) 1.142 m (jaitsi)

 

Aiguille de Tré la Tête eta Elisabetta Soldini aterpea

Gaurkoan ere ez dugu zorte onik, atzo bezala eguna goibel esnatu da. Fours lepotik doan ibilbidea osatzeko asmoa genuen, baina eguraldia ikusita TMBren bide nagusia jarraituz bete beharko dugu gaurko etapa. Gosaldu, trasteak prestatu, euritarako arropak jantzi eta berehala jarri gara maldan behera.  Les Chapieux (1.550 m) herrira jaisteko ia 900 metroko desnibela egin dugu. Atzean utzi ditugu la Raja eta Plan Varrano etxolak. Eguraldi grisa lagun herria zeharkatu eta asfaltatutako bidetik la Ville des Glaciers-a (1.790 m) heldu gara. Puntu honetan elkartzen dira Fours lepotik datorren bidea eta TMBren bide ofiziala. Glaciers uharra zeharkatu eta bide zabala jarraituz gora egin dugu. Chalet des Mottets (1.870 m) aterpe ezagunera heldu aurretik  la Seigne menditik datorren Grand-Praz erreka gainditu dugu egurrezko zubia igaroz. Traste guztiak aterpearen kanpo aldean utzi eta gaurko bazkaria egiteko mahaiaren bueltan jarri gara: tomatea entsaladan, urdaiazpikoa eta arrautzak zerbeza eta ardoarekin bustita.


Lex Blanche bailara

Atzo bezala gaur ere eguraldiak onera egin du eta la Seigne lepora (2.516 m) igotzen hastearekin batera zeruan ostarteak zabaltzen hasi dira. Igoera samurra gertatu zaigu eta konturatu orduko Frantzia eta Italia banatzen dituen mendi-lepoan gara. Mediterraneo eta Adriatiko uren isurialdeen banalerroa den leku honetatik dauden bistak ikusgarriak dira.  Oraindik hodeiek goi mendietako gailurrak estaltzen ditu eta soilik gertu ditugunak ikusi ahal izan ditugu, Glaciers eta Trè de la Tête mendien orratzak beste batzuen artean nagusituz. Hemendik aurrera balizaje italiarra aurkituko dugu, TMB hizkiak erronbo horiaren barruan eta gezi horiak. Chavannes lepora doan Goi Mailako GR-a utzi eta Lée Blanche bailara aldera jaisten hasi gara. Marmoten txistuek ongi etorria eman digute. Les Pyramides Calcaines ikusgarrien azpian dauden “Carabinieris”-en txabola baten aurrien ondotik pasa ondoren, lautada handi batera jaitsi gara. Pista zabala jarraituz lautadaren bukaerara heldu eta ezker aldean, metro batzuk gorago, Estelettes eta Lée Blanche glaziarren menpean dagoen Elisabetta Soldini (2.195 m) aterpera igo gara. Motxilak logelan utzi, dutxa bero bat hartu eta jendez beterik dagoen jangelan eseri gara garagardo txarroa eskutan hartuta. Bapo afaldu ostean (zopa, patata purea, txerri txuleta eta entsalada) lotara joateko ordua. 

 


4. etapa

Elisabetta Soldini aterpea (2.195 m) -  Le Pré Bertone aterpea (1.970 m)

Luzera: 20 km

Denbora: 6 ordu 15’

Desnibela: 1.169 m (igo) 1.457 m (jaitsi)

 

Aiguille de peterey

Goiz altxatu gara eguraldi onaren esperoan, baina gezurra badirudi ere sekulako hotza egiten du. Lée Blanche glaziarretik datorren haize hotzak elurra ekarri digu. Sinestezina! Lasai gosaldu dugu eta tarteka leihotik zeruari begiratu bat eman diogu, baina ez da aldaketarik. Motxilak prestatu eta neguko jantziak jarri behar izan ditugu: zamarra, eskularruak, bufa… Aterpetik abiatu eta Lac Combal lautada aldera jaisten hasi gara harrizko pista zabala jarraituz. Lautadaren bukaeran, Miage glaziarraren morrenaren azpian Lac Combal (1.950 m) presaren ondotik pasa eta Doire zubira heldu aurretik, bidea utzi eta TMBren seinaleak jarraituz beheko Arp Vieille-ko (2.073 m) etxoletara doana hartu dugu. Lehen zati honetan zazpi langile bidea konpontzen ikusi ditugu. Harrigarria benetan! Larreak zeharkatuz goiko Arp Vieille-ko (2.303 m) etxoletara iritsi gara. Igotzen jarraitu dugu eta Favre mendiaren iparreko erpina (2.420 m) zeharkatu dugunean elurrak bisita egin digu. Mazizo aldera begiratu dugu, Miage, Brouillard eta Freiney glaziarrak ikusteko esperantzaz, baina lainoak dena estaltzen du.


Bertone aterpea 

Altura jaisten hasi eta eskuinera utzi dugu Youla lepora doan bidea. Veny bailararen gainetik doan xenda erosoak Mont Blanc mazizoko orratzak eta glaziarrak islatzen diren Chécroui lakuaren ondora eraman gaitu, baina gaur bere uretan ez da irudirik islatzen. Maldan behera altuera galtzen jarraitu dugu eta eski estazioko pisten ondotik pasa ostean, Chécroui lepora (1.956 m) heldu gara, Mont Chérif-en magalean dagoen Maison Vieille aterpera. Aurreko egunetan bezala, zeruan ostarte zabalak irekitzen hasi dira. Dagoeneko ohitu gara! Arropaz aldatu eta tabernan sartu gara zerbait jan eta edatera.

Eguraldi bikaina lagun Courmayeur aldera jaisten hasi gara eski pisten ondotik. Larre aldapatsuan zehar berehala iritsi gara Plan Chécroui-ra (1.700 m) teleferikoa iristen den lekura  hain zuzen ere. Puntu honetan jende askok oinez jaitsi beharrean teleferikoz jaistea erabakitzen du. Lehen zatia aspergarri samarra bada ere, guk oinez egitea erabaki dugu. Laster pista utzi eta basoan murgildu gara. Bide bazterretan dauden marrubiak bilduz iritsi gara Dolonne (1.205 m) herrira eta bere kale estuetatik Doire Baltée ibaia gainditzen duen zubira jaitsi gara Courmayer-eko (1.220 m) kaleetan sartuz. Eguzkiak gogor jotzen du eta herriko plazan dauden bankuetan eserita atsedena hartzea erabaki dugu.


Bertonerako bidean Monte Bianco atzean .

Etapa honetako azken zatiari ekin diogu segidan eta horretarako TMBren markak segituz bide asfaltatu batek Villair (1.320 m) aldera eraman gaitu. Sapin bailarako pistatik segi, zubi bat pasa eta Sapin lepora doan bidea utzi ondoren, sigi-sagan igotzen hasi gara. Aldapa gogorra da eta dagoeneko nekea metatzen hasi zaigu. Erritmo motelean (motxilak asko pisatzen baitu) eta atsedenik hartu gabe, basotik atera eta Mont Blanc-eko (Monte Bianco) gailurra lehen aldiz ikusi ahal izan dugu. Argazki pare bat atera eta aterpera igotzeko azken metroei ekin diegu. Eguraldi bikainak ongi etorria eman digu Bertone aterpera (1.970 m) iristean. Lotarako lekua hartu, dutxatu eta garagardo fresko batekin zintzurra freskatu dugu kanpoan dagoen mahai batean Monte Bianco eta inguruko mendiek osatzen duten postal ederraz gozatzen dugun bitartean. Afari bikaina hemen ere: makarroiak gaztarekin, polenta, saltxitxak, haragi egosia eta mazedonia.          

 


5. etapa

Le Pré Bertone aterpea (1.970 m) – Elena aterpea (2.062 m)

Luzera: 20,5 km

Denbora: 6 ordu 25’

Desnibela: 1.249 m (igo) 1.157 m (jaitsi)

 

Grandes Jorasses 

Goizeko bost eta erdietan ohetik altxatu, goizeko hotzari aurre egiteko zamarra jantzi, argazki kamara soinean hartu eta aterpearen gain aldean dagoen lautada txiki batera igo gara Mont Blanc-ko gailurrean egunsentiaren argia islatzen ikusteko. Nolako ikuskizuna! Aurreko egunetan ez bezala, oskarbi dago eta pixkanaka argiak mazizoa osatzen duten mendi garaien  magalak estaliz joan da. Ordu erdi luze eman dugu egunsentiari so, isilik, aurrez aurre dugun opariaz gozatuz. Egunak erabat argitu duenerako aterpeko jangelan gosaltzen gara. Gaurko egunak ez du hutsik egingo, eguraldi bikaina iragarrita baitago. Honek asko animatu gaitu.


Monte Bianco

Aterpeko lagunak agurtu, maldan gora jarri eta laster heldu gara orientazio-mahaia dagoen lekura (1.991 m). Hemendik aurrera malda gogortu egiten da eta erritmoa moteldu behar izan dugu. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi direnerako Mont de la Saxe-ren bizkarreko belarra zapaltzen hasi gara eta bat batean gure begien aurrean postalezko paisaia zoragarria: Mont Dolent eta Grandes Jorasses mendiek osatzen duten gandor ikusgarria. Motxila lurrean laga eta begiratoki natural honetan denbora dezente igaro dugu aurrez aurre dugun ikuspegiaz gozatuz. Bide luzea geratzen zaigu oraindik eta martxan jarri gara berriz. Grandes Jorasses-eko pareta bertikalak bistatik galdu gabe Testa Bernarda-ra (2.534 m) heldu gara. Bidezidorrak Tête de la Tronche (2.584 m) saihesten du. Sapin lepora (2.436 m) iristean bideak beherantz egiten du Armina arroaren goi aldeko larreetan zehar. Izen bera duen uharra zeharkatu eta Alpe de Séchéron-eko (2.260 m) txabolen aurrien  ondora iritsi gara.  Erosoago gerta zegigukeen haranaren beheko aldera jaistea, baina nahiago izan dugu TMBren bariantea hartu eta Pas Entre Deux Sauts (2.525 m) lepora igotzea. Xendaren alboetara lorategi aparta osatzen duten makina bat lorek gure ibilaldia edertzen dute. Begiak ezin ase aurrera jarraitu dugu Malatrá haranetik beherantz. Aurrez aurre dugun Grandes Jorasses-eko Walker Puntaren piramide perfektuaren ikuspegi bikaina galdu gabe Bonatti aterpera (2.025 m) iritsi gara. Bazkaltzeko orduan, polenta, haragia eta ardoa.


Val Ferret

Ingurua turistaz beterik dago eta berehala jarri gara martxan. Ez da komeni La Vachey-ra jaistea, Arnuva-ra doan bide zatia asfaltatuta baitago. Beraz, etorritako bidetik atzera egin dugu tarte batez eta TMBren balizajea jarraituz Malatrá uharra zeharkatu eta ondo taxuturiko bidea jarraitu dugu. Lore eta landare ugariz inguraturik erraz bete dugu Arnuva-raino (1.770 m) doan bide zatia. Inguru honetan makina bat kotxe eta autobus turistaz beterik egon ohi da eta horietatik ihesi aterpera doan xenda bilatu dugu. Belle Combe uharra igaro ondoren aldapa pikoari aurre egin diogu Sagioan-eko txaboletako aurrietara iristeko. Azken ahalegina eta Elena aterpera (2.062 m) heldu gara. Kanpoan dagoen bankuan eseri eta Triolet Orratza eta Mont Dolent-en artean dagoen  Pré de Bar glaziar aldera begira jarri gara esku artean zerbeza hotz bat dastatzen dugun bitartean. Glaziarraren goi aldean bi helikoptero erreskate lanetan ikusi ditugu. Ohi bezala, dutxatu ondoren, afari ona eta lotara. Sekulako eguna izan dugu, aparta benetan.     


 

6. etapa

Elena aterpea (2.062 m) –Relais d’Arpette aterpea (1.627 m)

Luzera: 26,5 km

Denbora: 7 ordu 40’

Desnibela: 1.047 m (igo) 1.482 m (jaitsi)

 

Col Ferret-Jorasses

Egunsentiaren argiak esnatu ondoren, gosaldu eta gaurko etapa luzeari aurre egiteko garaiz abiatu gara. Atzo bezala gaur ere eguraldi bikaina izango dugu. Suitzako Ferret haranera iristeko TMBren bide ofiziala jarraitu dugu. Grand Ferret lepoaren (2.537 m) magal berdeek zeharkatzen duen bide erosotik erraz gainditu ditugu aterpetik leporaino dauden kasik 500 metroko desnibela. Italiako Aosta harana eta Suitzako Valais kantoiaren artean antzinatik erabili ohi den pasagune honetatik ikusten diren bistak paregabeak dira. Atzera begiratu eta agur esan diogu la Seigne leporaino hedatzen den Italiako Ferret haran ikusgarri bezain ederrari. Gure ezkerrera Frantzia, Italia eta Suitza arteko muga kokatzen den Mont Dolent-eko gailurra. Hemendik aurrera balizaje suitzarra aurkituko dugu, marka zuri-gorri-zuriak edota erronbo horiak.


La Fouly

Italia utzi eta Suitzako mendi garaiak aurrez aurre ditugularik, La Chaudière-ko larreen barna jaisten hasi gara haranaren hondora. Peula-ko etxoletara iristean pista zabal bati heldu diogu Dranse de Ferret (1.775 m) erreka zeharkatzeko zubia igaroz. Errepidetik jarraitu beharrean (jende askok aukera hau egiten baitu), Ars-Dessous etxolen ondotik ateratzen den bidea jarraitu dugu Ferret (1.705 m) herrira heltzeko. Errepidetik jarraituz La Fouly (1.610 m) herrira jaitsi daiteke, baina hau ere saihestu nahi izan dugu, horretarako ibaiaren ondora jaitsi eta honen ezker aldeko ertzetik doan bidea segitu dugu, l’A Neuve-ko glaziarraren magalean dauden Suitzako egurrezko etxe tipikoen artean. Herrian dagoen dendan janaria eta edaria erosi eta kanpinaren ondoan dagoen pinudian bazkaltzen jarri gara. Bide luzea geratzen zaigu oraindik eta eguraldi ederra aprobetxatuz atseden luzea egin dugu.


Lorontzi botak

Baso eta larreetan zehar eta glaziarretatik datozen uhar ugariak igaroz Praz de Fort (1.151 m) herrira iritsi gara. Puntu honetan berriro Dranse de Ferret ibaiaren beste aldera pasa eta les Arlaches herri tipikoaren erditik igaro eta gero, Issert-era (1.055 m) heldu gara. Herritik irten eta berehala esker aldetik ateratzen den balizatutako bidea hartu dugu. TMBa basoan sartu eta bide erosoa jarraitu dugu Le Champex lakura (1.480 m) iristeko. Polita bai, baina inguru turistiko batek dituen osagai guztiak aurkitu ditugu hemen: hotelak, txaletak, jatetxeak, dendak… beraz, inguru naturalago baten bila aurrera segitzea erabaki dugu. Lakua atzean utzi eta la Breya-ko (1.500 m) teleaulkiaren estaziorantz jo dugu. Puntu honetan bidegurutze batekin egin dugu topo, TMB ofizialak la Forclaz lepora egiten du, guk, berriz, Arpette-ko haranaren bariantea aukeratu dugu. Ura indarrez jaisten den erreka baten ondotik altuera irabazi eta erraz iritsi gara Relais d’Arpette aterpera (1.630 m). Bi lagunentzako logelak, lababoa, toaja, jaboia… aterpea baino hotela dirudi. Arropa zikinak garbitu, dutxa beroa hartu eta afaltzera (haragia saltsa eta piperrekin, entsalada, gazta fondue, konpota eta ardoa). Eta  Goiok ekarritako Cardenal Mendozarekin bukaera ezin hobea eman diogu egun eder honi.     

 


7. etapa

Relais d’Arpette aterpea (1.627 m) – Col de la Balme aterpea (2.191 m)

Luzera: 15,5 km

Denbora: 7 ordu 15’

Desnibela: 1.865 m (igo) 1.192 m (jaitsi)

 

Chalet du Glazier bailara

Oso goiz altxatu gara eta gosaldu ondoren martxan jarri gara. Gaurko etapa luzea ez, baina desnibel handikoa da. Arpette-ko bailaran murgildu gara hasieran pista zabala segituz eta ondoren, harri eta zuhaixken artean irekitzen den xenda balizatua bilatu dugu. La Barne (2.100 m) lautadara iristean, ezkerretik Ecandies lepora (2.796 m) doan bidea utzi eta eskuinetik ateratzen denari heldu diogu. Gure ezkerrera Orny orratza eta goian Arpetteko lepoa ageri dira. Aldapan gora arroken labirinto batera iritsi gara. Tarte nekagarri hau gainditu, belar eta legarrezko azken malda pikoari ekin eta Arpetteko lepora (2.665 m) ailegatu gara, Mont Blanc-eko itzuliko lekurik altuenera. Hotza egiten du eta indarrak berreskuratzen ditugun bitartean zamarra jantzi eta arrokaren babesa bilatu dugu.


Fenetre d'Arpettera igotzen

Trient-eko isurialdera jaisten hasi gara. Aldapa pikoa da eta lehen zatian kontuz ibili behar izan dugu. Gure ezkerrera geratzen den Trient-eko glaziar ikusgarriaren paraleloan xenda jarraituz erraz galdu dugu altuera. Bidearen zenbait tartetan egurrezko mailak jarri dituzte higadurak hondatu ez dezan. Jaitsiera luze eta eder honek Chalet du Glacier-a (1.583 m) eraman gaitu. Hamaiketakoa egiteko ordua.


Glazier de Trient

Aurrera jarraituz gero la Forclaz lepora iritsiko ginateke, baina guk beste alternatiba bat aukeratu dugu La Balme-ra iristeko. Erreka gainditzen lagundu digun zubia igaro eta ondo taxututako xenda segituz sigi-sagan gorantz egin dugu berriro, Trient-eko glaziarraren ikuspegi bikainaz gozatzen dugun bitartean. Pasoa errazteko porlanaz eta kablez egokitu duten igarobidetik Les Grands Dessus aterpera (2.113 m) igo gara. Aterpe txikia baina leku paregabean. Midi punta inguratzen duen xendatik aurrera egin dugu Trient bailara Forclaz lepoa gure menpean ikusi ditugularik. Eguraldiak okerrera egin du, zerua guztiz estali da eta lehen euri tantak gainean ditugu. Goran, lepoan La Balme aterpearen (2.191 m) silueta ikusi dugu une batez, baina lainoa geroz eta trinkoagoa da eta haizea gogor jotzen hasi da. Bidezidor nabarmena jarraituz pausoa azkartu egin dugu Frantzia eta Suitza arteko mugan dagoen aterpera ailegatzeko. Toki honetatik dauden bistak sekulakoak omen dira, baina guk ez dugu zorterik izan, lainoak den dena estaltzen baitu. Orain arte ezagutu ditugun aterpe guztiak oso onak izan badira ere, ezin gauza bera esan La Balme-ko aterpearengatik. Zerbitzu eskasak ditu (dutxatzeko ur berorik ez, edateko ura erosi egin behar, logelak oso zaharrak...). Beraz,  indarrak soberan edukiz gero, hobe beherago dauden Chalets de Charamillon-era (1.915 m) edo Le Tour herrira (1.460) jaitsi eta gaua pasatzeko lekua hartzea. Guk aurretik lekua hartuta eta dirua aurreratuta genuenez gaua bertan pasatzea erabaki dugu.                

 


8. etapa

Col de la Balme aterpea (2.191 m) – Les Houches (1.010 m)

Luzera: 27 km

Denbora: 9 ordu

Desnibela: 1.171 m (igo) 2.354 m (jaitsi)

 

Aiguille du Midi

Gaur eguraldia goibel esnatu zaigu, atzo gaueko lainoa ez da kendu eta zirimiria egiten du. Posettes lepotik jaitsi beharrean, Chalet de Charamillon gure ezkerrera utzi eta zuzenean Tours herrira (1.460 m) jaistea erabaki dugu. Atertu du. Errepidetik Montroc herrira (1.350 m) joan gara eta hemen TMBren markak bilatuz basoa zeharkatzen duen xendatik Tré le Champ-era (1.417 m) heldu gara. Lehen asmoa Lac Blanc-eraino igo eta bertan gaua pasatzea zen, baina eguraldia ikusita gaurko etapa eta hurrengoa, biak batera egin, Les Houches-eraino joan eta itzuli osoa amaitzea erabaki dugu.


Mont Blanc katea

Goian oraindik lainoa dagoenez, errepidetik behera egin, hau gurutzatu eta TMBren bide nagusiaren azpitik doan beste xenda bat hartu dugu. Bidea ederra eta erosoa da. Basoan murgilduta mirtilla eta marrubien landareak nonahi ikusi ditugu, baina helmugara iristeko asko falta zaigu eta ez dugu denborarik fruitu horiek biltzen hasteko. Bailarako herrietara eta Lac Blanc-era doazen bideak alboetara utzi eta La Flégère-ra (1.877 m) doana jarraitu dugu, azken aldapa gogorrari eutsiz. Mont Blanc-eko mazioaren ikuspegi bikaina duen bertako jatetxean bazkaldu dugu. Eguraldiak hobera egin du eta tarteka mendien gailurrak hodeien artean ageri dira.


Sarrioa

Teleferiko estazioa utzi eta TMB bide nagusiaren seinaleek erakusten diguten norabidea jarraituz Grand Balcon Sud bidetik aurrera egin dugu. Bailarara jaisten diren bideak edota Noirs eta Cornu lakuetara doazenak albora utzi eta bide nagusitik PlanPraz-eko estaziora heldu gara. Ostarteak geroz eta zabalagoak dira Aig. Rouges mazizoaren mendien orratzak ikusteko parada izan dugularik. Eguraldiak hobera egin du. Brévent lepora (2.370 m) igotzen hasi gara aurrez aurre Mont Blanc eta inguruko mendien gailurrek laino artean agertuz osatzen duten postal ederraz gozatuz. Lepoan TMB eta GR 5a elkartzen dira. Harkaitz artean eta ferrata batzuez lagundurik eski pisten goi aldera igo gara eta bertatik aurrera segituz Le Brévent gailurrean (2.526 m) dagoen orientazio mahaiaren ondoan jarri gara. Bista izugarriak ditu. Oso leku turistikoa baita, bertaraino teleferikoz igo baitaiteke.


Grandes Jorasses

Martxan jarri eta  Brévent lakua behean utzita bide-seinaleak galdu gabe aurrera egin dugu. Sekulako bistak dituen balkoi honetatik Bel Lachat aterpera (2.151 m) jaitsi gara. Bertako terrazatik Mont Blanc mazizoko gailur garaiak, haitz zorrotzak, amaigabeko glaziarrak eta izotzezko ezproiak ikusteko aukera ezin hobea izan dugu. Ikuspegiaz gozatu ostean, maldan behera jarri gara. Aldapa pikoa da eta zati batzuetan egurrezko mailak jarri dituzte bidea ez desitxuratzeko. Basoan murgildu eta Merlet-eko animalien parkearen (1.600 m) hesiaren ondora iritsi gara. Ordu asko daramagu ibiltzen eta dagoeneko nekea metatzen hasi zaigu. Animalien parkearen ondotik ateratzen den xendatik behera egin dugu Les Houches herrira (1.010 m) iristeko. Arve ibaia eta herria zeharkatu, Bellevue-ko teleferikoaren aparkalekura iritsi eta bukatu dugu. Bikaina! Merezi izan du.

 

 


 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

https://askemikel.blogspot.com/2015/02/blog-post_21.html