miércoles, 9 de octubre de 2024

Mont Blanc



2012ko uztailaren 12an elur jausi ikaragarria izan zen Mont Maudit-en (Mendi madarikatua), Mont Blanc mendigunean. 9 alpinista hil ziren. Ni BBKLivera joatekoa nintzen, EITBko albistegietarako lan egitera. Gogoan daukat albistegietako arduradunaren deia: -Ainhoa, joan nahi duzu Chamonixera, Mont Blanceko istripuaren berri ematera? Zalantzarik gabe eman nion baiezkoa. Kontzertuetarako prest neukan larruzko jaka erantzi eta, ziztuan prestatu nuen mendirako maleta. Hura izan zen nire lehen bidaia Chamonixera. Ordutik, urtero-urtero joan naiz Alpeetara. Alpinismo txikia egitera, eskiatzera, mendi lasterketak ikusi edo haietan parte hartzera.


4 urte geroago, antzeko egoera errepikatu da. Irailaren 12an, arratsalde erdian etorri zitzaidan albistegietako arduraduna: “-Proposamen bat daukat zuretzat. Joango zinateke, Mont Blancera erreportajeak egitera? -Oraintxe, bertan, nagoen moduan.” Horixe erantzun nion. Handik bi egunera abiatu ginen Chamonixera, kameralaria eta biok. Bidaiaren abiapuntua: urtetik urtera gero eta ohikoagoak diren istripuak. Helburu nagusia: ahalik eta lekukotza gehien jasotzea, ahalik eta irudi onenak grabatzea, erreportaje sorta bat egiteko. 12 urte geroago, Mont Blanceko istripuen berri ematera joan naiz berriro Chamonixera. Nire 18. bidaia izan da Alpeetara. Eta hango albisteak onak ez izan arren, 18 bidaietan bezain maiteminduta itzuli naiz etxera.



4808 metro, Europa ekialdeko eta Alpeetako mendi garaiena. Mont Blanc munduko mendi jendetsuenetakoa da. Urtero 20.000 lagun baino gehiago saiatzen dira gailurrera iristen, gehien-gehienak udan. Egunean, 300 bat lagun, Italia eta Frantziako bide ezberdinetatik. Txanponaren bestaldean, istripuak. Heriotza gehien pilatzen duen mendietako bat da. Urtero 100 bat lagunek galtzen dute bizia, eta uda da sasoirik latzena. Aurtengo udan 11 mendizale hil dira, tartean bi gipuzkoar, Mont Blanc du Taculetik jaisten ari zirela. Fabio Levi katalanak 15 bat urte daramatza Mont Blancen gidari: “Azken berriek diotenez hiru gazteak Mont Blanc du Taculeko bide arruntetik igo ziren. Antza denez, jaitsieran, leku ezegonkor batean egin zuten bilera, huts egin zien, eta hiru lagunetako bi, erori egin ziren, Jervasutti korridorera erori ere”. Abuztuaren 22a zen, eta euskal mendizale komunitatea lur jota utzi zuen albisteak.







Zergatik, ordea, horrenbeste istripu Mont Blancen? Michel Gonzalez aragoiarrak 20 urte daramatza gidari lanetan, Chamonixen bertan bizi da: “mundu guztiak igo nahi du Mont Blanc, jendetza dabil azken urteetan. Horrez gain, udako beroaren ondorioz, baldintzak ez dira onenak izaten. Koktaila beldurgarria da.” Gonzalezen arabera, klima aldaketaren ondorioz, urtaroak asko ari dira aldatzen Mont Blancen, eta gidari batzuk uko egiten hasi zaizkio abuztuan gailurrera igotzeari. Eta are gehiago, ez dute gaizki ikusten neurriak hartzea igoerak mugatzeko. Bide arruntetik igotzeko, esaterako, 2019tik ezinbestekoa da bi aterpetxeetako batean, Gouterren edo Tete Rousen lolekua hartzea (120 plaza dauzka lehenengoak, 72 bigarrengoak). Garai batean Gouter inguruan modu librean kanpatu zitekeen, baina hainbat mendizale hil ziren hipotermiak jota eta, orduan hartu zuten neurria. Gonzalezen hitzetan, “bide arrunteko murrizketek eragin argia izan dute istripuak murrizteko”.



Ertz zorrotzak, eskalada pikoak, glaziar amaigabeak eta arrakala sakonak. Haizea, elurra eta hotza. Mendiak arrisku objektiboak dauzka eta istripu batzuk zorizkoak dira, baina arduragabekeria eta prestakuntza falta ere badaude faktoreen artean. “Batzuetan egoera negargarriak ikusten ditugu mendian. Ikaratu egiten gara mendizaleak sokan nola doazen ikusita. Bat eroriz gero, denak erortzeko moduan”, dio Gonzalezek. Eta gaineratu du, garaiak asko aldatu direla: “garai batean jendeak ez zeukan material onik, baina esperientzia edo jakituria bai. Orain mendizaleak moda-modako arroparekin eta materialarekin doaz, baina askok ez dakite kranpoiak edo pioleta nola erabiltzen diren ere”. Iritzi berekoa da Levi: “bezeroek dirutza ordaintzen dute Mont Blanc igotzeko, baina prestatu gabe etortzen dira asko, ezer begiratu gabe. Interneten munduko mendi hilgarrienak bilatuz gero, Mont Blanc agertuko da, baina askok ez diote jaramonik egiten”, gaineratu du. Eukeni Soto bizkaitarrak ere uda osoa egin du Chamonixen gidari: “Mont Blancera igotzen den jendea ikusita, ulertzen dut murrizketak jartzea. Orain gutxi pertsona bat ikusi nuen, azken ertzean, korrika egiteko kranpoiekin. Irrist egiten zuen etengabe, ezin zion zutik eutsi”, esan du harrituta.


Istripu kopuruak gora egiten du urtez urte, eta aurtengo udan ere, erreskate taldeek erruz izan dute lana. Oso ohikoa da helikopteroa Mont Blanc inguruan hegan ikustea. Etengabe arakatzen dute mendigunea. 5 eta 20 minutu artean behar izaten dituzte istripuaren gunera iritsi eta zaurituekin haranera itzultzeko. Gendarmeen erreskate taldea eta Babes Zibila elkarlanean aritzen dira Mont Blanc inguruko istripuetan. 40 bat profesional dira, gehien-gehienak goi mendi gidariak. Urtean 1400 bat irteera egiten dituzte, egunean gutxienez erreskate bat. Zalantzarik gabe uda izan ohi da mugimendu gehieneko sasoia, egunean 6-7 erreskate ere egiten dituzte. “Beti bezala lan handia izan dugu, baina egia da uda honetan hildako asko izan direla”, esan digu Emmanuelle D’Alalek, Babes Zibileko buruak. Oraingoan, bi britainiar gazte dakartza helikopteroak. Mont Blancetik behera zihoazela, Tete Rouse aterpetxean jada, lagunak irrist egin du, 100 bat metro erori da eta sekulako kolpea hartu du. “Kolpe handia hartu du baina onik dago, eta erreskate taldea zoragarri portatu da. Oso azkar eta profesional hartu gaituzte”, azaldu digu gazteak.



Mont Blanc tontorra milaka mendizaleren ametsa da. Ander Orokieta eta Miguel Tanco nafarrek aurten egin dute Pirinioetatik Alpeetarako jauzia. Gailurretik jaitsi berritan harrapatu ditugu: “Pirinioetan asko ibili gara eta Mont Blanc gure kabuz egitea bururatu zitzaigun baina, horrenbeste istripu izan direla ikusita, mendi gidaria hartu dugu, eta bete-betean asmatu dugu”, dio Orokietak. Bide arruntetik egin dituzte igoera eta jaitsiera. “Haize gogorra izan dugu, izugarrizko haizea, eta oso jende gutxi igo gara gailurrera. Izotz plaka batzuetan larri ibili gara une batean”, aitortu du.

Gouter eta Tête Rousse aterpetxeetako bidea da Mont Blanceko bide arruntena eta jendetsuena. Batzuek egun bakarrean igo eta jaisten dute mendia, baina 2-3 egunean egitea da ohikoena. Bide arruntak ez dauka eskalada teknikorik, baina baditu kontuz igaro beharreko tarteak. Bolatoki ezaguna, esaterako. 100 metroko inbutu horizontala da, minutu terdian zeharkatzen da, baina “heriotzaren korridorea” esaten diote udan etengabe erortzen direlako harriak. 1990 eta 2017 urteen artean ehun lagun baino gehiago hil ziren pasagune honetan. Mendi gidariak gauez eta ordu hotzenetan igarotzen saiatzen dira. Tunel bat egitea, sare metaliko bat jartzea... Puntu beltza saihesteko, hainbat ikerketa daude mahai gainean, baina oraingoz, ez dago ezer erabakita.


Mendizaleen informaziogunea da mendiko etxea. Jendetza eta mendiko istripuak gora egiten ari zirela ikusita, 1972an sortu zuten. Bertan dago Le Chamoniarde, mendiko prebentzio eta segurtasun elkartea. “Informazio bila etortzen dira mendizaleak hona. Eguraldiaz eta mendiko baldintzez galdetzen digute, eta batzuetan, ez igotzea gomendatu behar izaten diegu”, dio Antoine Loupostek, Mendiko Etxeko arduradunetako batek. Orain bi urte, esaterako, 10 gradu ere neurtu ziren tontorrean eta Chamonixeko gidariek uko egin zioten Mont Blanc bide arruntetik igotzeari. Italiako bide arruntean dagoen aterpetxea ere, Gonella, itxi egin behar izan zuten ur faltagatik eta glaziarraren egoera negargarriarengatik.


Oro har, Alpeetako glaziar guztiak daude atzeraldian. Mer de Glace harri itsaso lehor bat da egun, baina orain 10 urte, elurra eta izotza zeuzkan. Urtean 5 metro galtzen ditu sakoneran eta 30 metro luzeran. Adituen ustez, erabat desagertuko da 2050erako. Igor Irazusta hernaniarra goi mendi gidaria da eta Vallorcinen bizi da duela urte batzuetatik. “Orain dela urte batzuk, Mer de Glace osorik jaisten genuen eskiatzen, Chamonixeraino bertaraino, egun oso zaila da horretarako baldintzak egotea”, esan digu kezkatuta. Glaziarrek izugarri sufritzen dituzte masifikazioa eta klima aldaketa eta neurri guztiak dira lagungarri. Sinpleenak ere bai. Teknikariek oihalekin estaltzen dute Mer de Glaceko izotza, eguzkiak urtu ez dezan. Elurra gero eta urrunago dago eta azken urteetan eskailerak eta teleferiko bat eraiki behar izan dituzte glaziarrera iristeko. Mer de Glaceko izotz kobazuloa turismo erakargarri handia da, urtero 500.000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu. 1946an sortu zuten lehen aldiz baina klima aldaketaren ondorioz, urtero egokitu behar izaten dute. Orain bi urte erabat desagertu zen kobazuloa eta berri bat eraiki behar izan dute.


Bossonseko glaziarra ere atzeraldi betean dago. Mont Blanc mendiguneko glaziar handiena eta garaiena da. 4000 metroan sortzen da eta garai batean Chamonixeraino bertaraino iristen zen, 1000 metroraino. Egun 2000 metroan amaitzen da haren mingaina.


Klima aldaketaren beste adibide bat harri erorketa izugarriak dira. Dru pirámide ikusgarriari, esaterako, zati handi bat falta zaio. Lur azpian dagoen izotza da permafrosta. Tenperaturak gora egitean urtu egiten da eta erorketak sortzen dira. Eñaut Izagirre glaziologoak urteak daramatza Mont Blanc inguruko glaziarrak ikertzen. “Tenperaturak igo ahala, permafrosta urtu egiten da, hormak desengonkortu eta arroka erorketak gero eta ohikoagoak dira”, azaldu du. Ikertzaileek aspaldi jo zuten alarma. 2100. urterako egungo izotz-bolumenaren herena baino ez da geratuko kasurik onenean.

10.000 biztanleko herria da Chamonix baina ibar osoan 82.000 loleku daude. Alpinismoa, eskalada, neguan eskia, parapentea eta mendi lasterketak. Turismoak %2 egiten du gora urtero. “Turismoak ez du oraindik gainezka egin. Egia da ibarrean jende asko dagoela, baina ez horrenbeste mendian. Ez dugu uste ingurune naturala arriskuan dagoenik”, dio Nicolas Durochat, Chamonixeko turismo bulegoko buruak. Chamonix haraneko ekonomia jarduera nagusia da mendiko turismoa, 10 lanpostutik zazpi, eta miloi terdi euroko ekarpena urtean.


Orain 60 urte, Chamonixeko orratz enblematikoan eraiki zuten Aiguille (eguil) du Midi begiratokia. Europako begiratoki garaiena, 3810 metroan, mendizale askoren abiapuntua eta milaka turistaren erakargarria. Udan 5000 lagun inguru igotzen dira egunero, Mont Blanc eta inguruko menditzarrak bertatik bertara ikusteko. Teleferikoak egun osoz aritzen dira atzera eta aurrera. 20 minutu eskasean milaka mendizale eta bisitari eramaten dituzte Chamonixetik bertatik, 1100 metrotik, ia

4000 metrora. 360 graduan Mont Blanc mendigune osoa ikus daiteke, Frantzia, Italia eta Suitzako gailurrak. Aterpetxeak, glaziarrak eta seracak, eskegita gelditzen diren izotz bloke-ikaragarriak. Inork ez du geratu nahi kristalezko kutxan argazkirik atera gabe. 1000 metrotik gorako amildegia azpian. Montenverse gunea da Chamonixeko beste turismo erakargarri nagusia, ia 2000 metroan. Kremailera tren gorri ezagunak milaka turista eta mendizale eramaten ditu egunero bertara. Mer de glace glaziarra, izotz kobazuloa eta lau mila metrotik gorako hamaika orratz. Espedizio askoren abiapuntua, eta turisten paradisua.


Masifikazioa, klima aldaketaren ondorioak eta prestakuntza falta daude istripu askoren oinarrian. Igoera ondo prestatzea ezinbestekoa da Mont Blanci ekiteko, eta erreserbak urtebete lehenago egitea gomendatzen dute gidariek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario