Azkaingo Arraioko
ibarrean goititzen diren hiru mendi apal hauek, badute gure historiaren pasarte
batzuekin harreman zuzena. Gasteizko eta San Martzialeko gerretan, Napoleonen
tropen porroten ondoren, tropa frantsesek, Lapurdiko mugan zeuden herrien
gailurretan gotorlekuak eta lubakiak eraiki zituzten. Anglo-hispano-portugaldar
tropen erasoen beldur, Azkaine, Sara eta Urruñako inguruko mendi eta gainetan,
20 baino gehiago altxatu zituzten. Ibilaldi honetan bisitatuko ditugun barruti
hauek, tropa aliatuen mugimenduak kontrolatzea eta Azkaine aurkako erasoak
saihestea ahalbidetzen zuten. Azkenean, tropek, Lapurdiko herriak hartu eta,
Esnaur eta Bizkartzun mendi gainetan eraikitako barrutiak abandonatu egin
zituzten.
Ibilaldiari hasiera
emateko, Azkaingo Arraioko ibarreraino joango gara eta bertatik abiatuko gara
ibilbide zirkular osatuz. Balizatutako bideak (Sentier des sommets-Bizkarzun-Esnaur),
Arraioko erreka zeharkatu, basoan
murgildu eta, Bizkartzun eta Esnaur mendien artean igotzen den pista zabal
batera eramango gaitu. Mendiaren magaletik erraz igoko gara eta, bihurgunera
ailegatzean, Martinhaurrenbordaren ondoan, pista utzi eta Bizkartzun aldera zuzentzen den
bide belartsutik jarraituko dugu. Tontorrera iristean, Azkaine gure mende eta
gertu, Larhun mendiaren silueta nahasezina. 185 metroko goragune apal honetan,
655 metro koadroko heptagono irregular formako gotorleku bat eraiki zuten
1813ko uztaila-azaroa bitarte.
Tontorrera igotzeko
erabilitako bidetik atzera egin eta pista zabalera itzuliko gara. Bide
balizatuak, gurutze handi baten ondora eramango gaitu, Sara eta Senpereko
lurrek bat egiten duten tokian hain zuzen ere. Gurutzean, “2000ko jubilaua”
hitzak agertzen dira. Norabidea galdu gabe, harritxintxarrezko pistan barrena
metro batzuk bete eta, Kintoa txerri arrazaren haztegi bat ikusiko dugu. Euskal
txerriak, Euskal Herriko bertako txerri arraza bat da eta bere koloreengatik,
batzuetan txerri zuri eta beltza esaten zaio. 2017tik jatorri deitura babestua
du Kintoa izenarekin.
Zuhalmendi mendira
gerturatzean haztegi gehiago ikusiko ditugu. Bide balizatua tarte batean utzi
eta, tontorrerantz zuzentzen den bide belartsuan zehar jarraituko dugu.
Tontorra zabala da eta, hemen ere, lubakiak eta defentsarako arrasto batzuk
topatuko ditugu. Bigarren mendi
honetatik, Xaretako ikuspegi ederraz gozatuko dugu. Sarako lurretan
dagoen zabaldiari bizkarra eman eta, Larhun mendiari begira jarriko gara gertu
ikusiko dugun lepo txiki batera jaisteko. Puntu honetatik, gertu dugun pista
zabalera jaisten jarraituko dugu, aurrez utzi dugun bide balizatuarekin bat
eginez.
Basoan murgildu, San
Inazio lepo aldera gerturatu, baina aldapa piko batek maldan behera jarri eta
aldenduko gaitu. Errepidean dagoen aparkaleku batetik, Nagusienborda
baserriraino hedatzen den asfaltozko errepide txikitik, Esnaur mendira
gerturatzen hasiko gara. Baserriaren azpiko aldetik ateratzen den xenda hartu
eta, aldapa motz baina piko batetik Esnaurreko tontorrean utziko gaitu. 273 metroko garaiera duen mendian, zazpi
aldeko forma eta 2.200 metro koadroko azalera duen gotorleku baten aztarnak ikus
daitezke. Abiapuntura itzultzeko tenorean, marra horiek erakutsiko diguten
norabidean jaisten hasiko gara. Bidezidorra, Esnaur mendiaren magaletik
Arraioko ibarraren beheko aldera eramango gaitu, abiapuntura hain zuzen ere.
Klikatu
hemen ARGAZKIAK ikusteko
http://askemikel.blogspot.com/2019/12/bizkartzun-zuhalmendi-eta-esnaur.html
No hay comentarios:
Publicar un comentario