jueves, 5 de enero de 2023

Letanien bidea

 


Jatorriz eliza errenazentista zen, baina barroko estiloan berregin zuten Jesusen Andra Mari elizaren ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Honen ondotik igotzen den aldapan gora egingo dugu, PR-Bi 168aren bide-seinale zuri-horiek erakusten diguten norabidean. Aldats gogorrari aurre egin, pinudian murgildu eta berehala aterako gara Bedaroara zuzentzen den errepidera. Metro gutxi batzuk aurrerago San Bartolomeko ermita eta kirikiñausia ikusiko ditugu. Antzina, amesgaiztoak uxatzeko herritarrek kandelak jartzen zizkioten santuari. Izen bereko baserriari erantsita dagoen ermita baino lehenago atsedenlekua dago eta bertan dagoen eraikin berezi batek gure arreta erakarriko du: kirikiñausia.

 


XX. mendeko mendearen lehenengo hamarkada bitartean, gaztaina oinarrizko elikagaia izan zen, batik bat nekazarien etxeetan. Kirikiñausiak, gaztainadian bertan, harriak bildu eta masarik egin gabe horma biribila osatzen zuten, gutxi gorabehera metro eta erdiko altuera zuten biltegiak osatuz eta hauen barruan kirikiñoak uzten zituzten. Tamaina gaztainadiak zuen garrantziaren araberakoa zen, eta batzuk zortzi metro edo gehiago izatera iritsi zitezkeen. Honek 3,5 metroko diametroa eta 0,8 metroko altuera du. Kirikiñoak gutxienez bi hilabetez egoten ziren bertan gordeta, barruko gaztainak beratu eta egozteko. Gogoan izan behar da, urtean sei edo zazpi hilabetez bertakoentzat eguneroko janaria ia bakarra izaten zela. Inguru hau guztia gaztainadi handi bat izan zen XIX. mendean, baina gerora “tinta” eta “txankroa” gaixotasunengatik desagertu egin ziren. Gaur egun, ia desagertu egin da eta zoritxarrez, pinu eta eukaliptoek hartu dute bere tokia. Biltegi hauek, gure ondare etnografikoaren monumentuak dira.

 


Kirikiñausiari bizkarra eman eta Bedaroara zuzentzen den errepidean zehar gorantz egingo dugu segidan. Olabe baserria gure eskuinera utzi eta bidegurutzera helduko gara. Eako herrigunea eta Natxitua auzoekin Ea herria osatzen duen Bedaroa auzorantz zuzentzen errepidea utzi eta Portu baserriaren ondotik telefonia mugikorreko antena aldera doan bidea hartuko dugu. Antzina, bide hau Eatik Bedaroara igotzeko erabiltzen zen. Antenetara doan bidea ezkerrera utzita, pinudian zehar jarraituko dugu berriro errepidera atera arte. Hau gurutzatu eta gertu ikusiko dugu Biax baserrirantz joko dugu.

 


Bide-seinaleek erakusten diguten pistatik aldapan behera abiatuko gara, itsasoko labarretaraino amiltzen diren eukaliptoen artean. Ikusgaitz den xenda hestu batek Talako Amaren ermitara jaisten lagunduko digu. Barruan XVI. mendeko bukaerakoa den Ama Birjinaren Sortze Garbiaren irudia dago eta honekin batera, Kristo bat zutabe bati lotua (XVIII. mendekoa) eta San Erroman (XX. mendekoa) agertzen dira. Kondaira baten arabera, ama birjinaren irudia olatuen artean aurkitu omen zuten arrantzale batzuek eta gero ermita altxatu zuten. Jainkoa gurtzeko asmoz, bertaratzen ziren fededunek opariak uzten zituzten, ohikoena olioa zelarik (gaur egun kandelak). Garai batean, herriak itsasoarekin zuen lotura dela eta, bertako arrantzaleek babesa eskatzen zioten ama birjinari. Arrantzale tradizioak bezala, ohitura zaharrek ere indarra galdu dute arren, urtero, abenduaren 8an, Talako Amaren eguna ospatzen da. Ermitaren aurrean dauden eserlekuak aproposak dira itsasoari so geratu eta lasai egoteko.

 


Ibilbide honen azken gune erlijiosoa atzean utzi eta kaia aldera jaisten den gurutze-bidetik Beletxera iritsiko gara, belaontzien belak gordetzen zituzten etxera hain zuzen ere. Eako portua eta hondartzaren ondotik herrigunera helduko gara eta ibaiaren ibilguaren paraleloan marrazten diren kaleetan ibiliz, ateburuan izenak zizelkatuta edo margotuta dituzten etxe zaharrez gain, herriko armarrian agertzen den erromatar deritzon zubia ikusi ahal izango ditugu. Herrian dauden etxeek eta lau zubiek izaera berezia ematen diote herri eder honi.

 

Klikatu hemen ARGAZKIAK ikusteko

http://askemikel.blogspot.com/2022/11/letanien-bidea.html



Powered by Wikiloc

No hay comentarios:

Publicar un comentario