lunes, 22 de febrero de 2021

Manaslutik itsasora, Lur Uribarrenekin

“Ni uretan naiz patroia, mendian laguna naiz”. Pixka bat ezagutzen dugunok, badakigu bihotzez ari dela. Lur Uribarren (Elantxobe, 1987) txikitatik hasi zen arraun munduan, patroi, eta talde handietatik igaro da. Azken urteetan, ordea, mendian hasi eta zailtzen ari da, eta ez nolanahi gainera. Iaz, Ama Dablam-Everest espedizioan izan zen, Alex Txikonekin. Aurten, berriz, Txikon bera gidatzen ari den Manasluko espedizioan izan da. 8163m, munduko zortzigarren tontor garaiena da Manaslu. Erronka ez da erraza. Neguko lehen igoera poloniarrek egin zuten, 1984an, baina espedizioa azaroan hasita. Himalaiako espedizioetan abenduaren 21ean hasten da negua eta otsailaren 28an amaitzen. Horregatik, Manaslura negu betean igo nahi izan dute euskaldunek, Simone Moro (Bergamo, Italia, 1967) alpinista handia taldean dela. Espedizioa amaitu gabe itzuli da Uribarren Euskal Herrira, ikasketak eta arraun denboraldia tarteko. Lur patroia ezagutzen dute askok, guk Lur mendizalea ezagutu nahi izan dugu.


 

Zein izan da zure lana Alex Txikonek gidatutako espedizioan?

Taldeari laguntzea izan da nire lana, materiala eramaten, bidea prestatzen. Lan handia eduki dugu, elur asko zegoen oinarrizko kanpalekutik lehen kanpalekura eta gogorra izan da. Manaslu oso mendi haizetsua da, elurra botatzen duenean asko botatzen du, eta dena jartzen du hankaz gora. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu zabaldutako arrastoa elurrak estali eta berriz zabaldu behar izatea.


Espedizioak asko aldatzen dira neguan eta udaberri-udazkenean, ezta?

Bai, espedizioa erabat aldatzen da garaiaren arabera. Gainera mendi bakoitza mundu bat da: Everestek Khumbu dauka, izotz kaskada, izotz eskalada egin behar da bertan; Ama Dablamen gerturatzeko bide osoa arkaitzezkoa da, ondoren ertz zorrotza dauka eta goian elur-izotza eskalatzeko; Manasluk lehen kanpalekuraino oso glaziar handia dauka eta elurra botatzen duenean asko pilatzen da behean. Gu joan garenean, elur asko zegoen eta lan handia izan dugu arrastoa zabaltzen eta sustoren bat edo beste ere bai. Glaziarra zeharkatzen ari ginela xerpa bat arrakala batean erori zen, zorionez sustoa baino ez zen izan. Neguan haizeak oso gogor jotzen du, tenperaturak oso hotzak dira eta baldintzak oso gogorrak. Izozteekin oso adi ibili beharra dago.


Azken hilabeteak oso mugituak izan dira Himalaian, K2n batez ere. Urtarrilaren 16an Sergi Mingote alpinista katalana hil zen. Egun berean 10 xerpak neguko lehen igoera burutu zuten. Mendiaren bi aurpegiak: gozoena eta garratzena.Bai zuzeneko harremana geneukan K2rekin eta gertutik jarraitu dugu han gertatutakoa. Simonek harreman zuzena zeukan hango espedizioarekin eta Sergi Mingote erreskatatu behar zenean berak mugitu zuen helikopteroa, Manasluko oinarrizko kanpalekutik. Egun gogorra izan zen, eta aldi berean pozgarria. Izugarri poztu ginen xerpek gailurra egin zutela jakin genuenean, merezi dutelako. Xerpek lan eskerga egin dute bizi osoan eta orain ematen du mahaian kolpea eman dutela esanez “hemen gaude”. Eta ez nolanahi gainera. 10 xerpak batera iritsi ziren tontorrera, horietako bat oxigenorik gabe, eta ondoren, hiru zuzenean jaitsi ziren oinarrizko kanpalekuraino. Txapela kentzekoa, behin eta berriz. Katmandura jaitsi nintzenean haietako batzuekin egon nintzen, erredurak zeuzkaten aurpegian eta izozteak hatzetan. Heroiak dira. Txapela kentzeko modukoa egin dute mundu mailan, eta hori hor geratuko da betiko.Otsailaren hasieran Atanas Skatov bulgariarra hil zen K2n eta handik gutxira Ali Sadpara, Juan Pablo Mohr eta John Snorri desagertu ziren. Alex Goldfarb amerikarraren heriotzaren berri ere Himalaian jaso zenuen.Bai Sadpara erreferentea izan da Alex eta Simonerentzat. 2016an Nanga Parbat elkarrekin eskalatu zuten. Oso albiste tristea izan zen. Goldfard, berriz, iaz Ama Dablamen ezagutu nuen. Lehen kanpalekuan elkarrekin egon ginen, eta bigarren kanpalekuan Dorre Gorria eskalatzen soka berean joan ginen. Aurten, zoritxarrez, Mingote hil zen eta handik gutxira Goldfard. Pastore Peaken ari ziren aklimatazio lanak egiten, ondoren Broad Peakera joateko. Lagunak buelta eman zuen baina Alexek aurrera jarraitu zuen eta handik gutxira arrakala batean aurkitu zuten haren gorpua.
Benasquen astebete igarota, joan den astean bertan hasi zara uretan entrenatzen. Mendia eta itsasoa bateragarriak dira?Bi gauzak uztartzen saiatzen naiz baina egia da arraunak denbora asko kentzen digula. Ni 2009an hasi nintzen alpinismoan. Harrapatu egin ninduen. Mendiak lasaitasuna ematen dit, bizitzeko behar dudan modu bat da. Itsasoan egiten dudana lehia da. Erabat ezberdinak dira baina biak uztartzea izugarri gustatzen zait. Hala ere, menditik itsasora, txipa erabat aldatu behar izan dut orain.Forcanada (Benasque)Txikitatik ibili zara arraunean, talde handietan gainera: Urdaibai, Zierbena, Portugalete eta Deustutik pasatu ostean, Kaikurekin arituko zara aurten. Taldea kategoria gorenera eramatea da helburua?Erronka polita daukat, horregatik onartu nuen. Lanean hasteko gogotsu nago. Pandemiaren mugen barruan ea ondo moldatzen garen.Arraunean 20 minutuan egiten den ahalegina oso gogorra omen da. Antzik badu zortzimilakoetan egiten den esfortsuarekin?Oso kirol ezberdinak dira baina bietan burua eta gorputza indartsu eduki behar dira. Mendian, goi mendian batez ere, une askotan oxigenoa falta da, oso sentsazio gogorra da hori, indar handia behar da. Oinak eta eskuak minduta eduki arren, bizkarrean pisu handia eduki arren, burua hotz eduki behar da, burugogorra izan eta sufritzen jakin. Mendian elurrak ezagutu behar diren bezala itsasoan ondo irakurri behar dira haizeak, korronteak. Ni patroia naiz eta jendea eramaten ere jakin behar dut, psikologo lana egin behar dut nolabait (kar, kar) Gainerakoan, ezberdintasunak bistakoak dira, itsasoa zero mailan dago, eta mendia, berriz, 8000 metroraino, nahi den mailan (kar, kar)
                                                            Forcanada (Benasque)

Zer ematen dizu batek eta zer besteak?
Arrauna nire bizitzako puntu garrantzitsu bat izan da beti. Ni oso mugitua naiz, eta tentsioa eta lehia-grina askatzeko modua eman dizkit arraunak. Mendiak, berriz, lasaitasuna ematen dit, egunerokotasuna ordenatzeko leku aproposena da niretzat. Mendian ez dago ez semafororik ez seinalerik ez ezer, baina aldi berean errespetuz ibiltzeko lekua da, arnasa hartzeko lekua. Mendizale askok esaten dute, eta bat nator ni ere: mendiak ematen duena, mendian baino ezin da bizi.

Mendi gidari ikasketak egiten ari zara. Zer moduz doaz?
Oraingoz oso gustura nago mendi gidari ikasketekin: gauza berri asko ikasten ari naiz eta praktiketan %100 gozatzen. Etorkizunak zer dakarren ikusiko da, oraingoz ahalik eta gehien ikasi eta ahalik eta gehien disfrutatu nahi dut.


Arraunean patroi, eta mendi gidari ikasketak egiten. Taldeak gidatzeko gaitasuna ote da zure ezaugarria?
Ez dira inondik ere lan berdinak, baina badute antzik. Egia esan, orain arte, lagunekin joan naiz mendira. Lagun berri batzuekin ere hasi naiz joaten eta asko gustatu zait esperientzia. Eurek ahalik eta ondoen pasatzea izan da nire helburua. Arraunean, neurri batean, antzeko egoerak sortzen dira: taldekideak ondo ezagutu behar dituzu, pertsona bakoitza gidatzen jakin behar da, denok ez garelako berdinak. Itsasoan nire lana da ahalik eta ondoen gidatzea taldea eta eurei konfiantza ematea. Ni itsasoan naiz patroia, mendian laguna naiz. Mendia zaletasuna da oraingoz, ikusiko dugu hemendik urte batzuetara zer gertatzen den.

Arraun denboraldia hasi berri da baina seguru amaitzen denerako mendi proiekturen bat izango duzula jada buruan. Zerbait aurreratzerik bai? Zer mendi-amets dauzka patroiak?
Arraunean azaroan hasten gara entrenatzen. Nik zortea izan dut taldeak aukera eman didalako Manasluko espediziora joateko eta mendi gidari ikasketei eusteko. Lehia udan izaten da arraunean, 3 hilabetez topera arituko gara. Mendi kontuak pixka bat alboratu beharko ditut tarte horretan. Hala ere, etorkizuneko proiektuak beti daude buruan, baina oraingoz ezin ezer aurreratu (kar, kar). Eta mendiko ametsak? Mendian ibiltze hutsa amets bat da niretzat. Euskal Herrian, Pirinioetan zein atzerrian, oinez zein eskalatzen. Mendira joan ahal izatea, ametsak egi bihurtzea da niretzat.


   
Forcanada (Benasque)

No hay comentarios:

Publicar un comentario